“Motxila esperientzia eta irakaspenez beteta ekartzea espero dugu”

“Motxila esperientzia eta irakaspenez beteta ekartzea espero dugu” Image

Iratxe Agirre (Iurreta, 1994) eta Iraia Derteano (Abadiño, 1990), durangaldeko bi gazte dira. Iratxe Zientzia Ekonomikoen azken urtea ikasten dabil Sarrikoko unibertsitatean, eta Iraia, Ingelerako magisteritza Arangoitiko eskolan amaitu eta gero, gizarte integrazioa ikasten dabil Erandion. Biak Juventud Vasca Cooperante programaren baitan aukeratuak izan dira aurten, uztailetik urrira bitartean, Guatemalan kooperante gisa aritzeko. Maleta ilusioz eta gogoz lepo, haiekin hitz egin dugu, bidai aurreko sentipenak ezagutzeko.


Nola jakin zenuten Juventud Vasca Cooperantearen (JVC) eskaintzari buruz? Nondik lortu zenuten informazioa?

Iratxe Agirre: Biak amankomunean daukagun lagun bat programaren parte izan zen orain dela urte batzuk, eta sekulako esperientzia izan zela esaten zigun behin ta berriz. Bolivian egon zen bera kooperante moduan, eta bidai horri buruz hitz onak baino ez dizkiogu entzun. Hortaz, esan genuen, “zergatik ez gara animatuko ba?”, eta aurrera jo genuen, beldurrik gabe.

Iraia Derteano: Hala da. Nire kasuan, lagun honen gomendioetaz gain, urtebete eman dut Suedian, Erasmusean, eta esperientzia itzela izan da etxetik kanpo joatea eta bestelako errealitatea ezagutzea. Juventud Vasca Cooperanteko proiektuak badu horrelako zeozer ere, eta horrek asko motibatzen nau. Bide batez, hurrengo urterako aukerak zabaltzen dizkit, zer nolako bidea hartu nahi dudan zehazteko edota nire burua guztiz argitzeko, lan zein ikasketa arloan.

Nolakoa izan zen JVCren hautaketa prozesua?

I.A: Ba lehendabizi gure fitxa, kurrikuluma, lan munduan esperientzia bageneukan..hau da, ohikoa, baina bestalde baita zerk motibatzen gaituen, nola egiten dugun lan taldean, kolektiboari zenbateko garrantzia ematen diogun…Finean, guri buruz profil edo erretratu osoa eta sakona nahi zuten, ez zen hautaketa prozesu klasikoa, eta ulergarria da, finean, talde-lana edo bertan egoteko motibazioa funtsezko elementuak dira horrelako esperientzietan, kurrikuluma bera baino garrantzitsuagoak, agian.

I.D: Hori da. Eta gero, hautaketa prozesuari berari helduz, bi fasetan burutu zen, bi asteburutan eman zen, Barrian, Araban, udalekuak ematen diren toki berean. Lehenbizikoan 120 pertsona batu ginen, aurreneko filtroa edo litzatekena, eta bertan, taldeka sailkatu gintuzten, zenbait ariketa eta eztabaida burutzeko. Egia esan, tentsio kutsua ere nabari zen, azken finean, ez genekielako zenbat pertsona sailkatuko ginen bigarren faserako, ez genekien nortzuk ziren aztertzaileak, gure artean ote zeuden. Espekulazioa eta apostuak ere egon ziren, kar kar.

I.A: Gerora jakin genuen talde sailkapen horiek gure arloaren arabera banatuta zeudela. Hau da, osasungintzakoak alde batetik, magisteritzakoak bestetik, administrazio edo arkitekturakoak hirugarren batean….

I.D: Hori da, eta lehenbiziko fase horretatik 85 sailkatu ginen bigarren batera. Berriro Barrian burutu zen hau, baina formatua guztiz bestelakoa izan zen. Kasu honetan, bidaian aurkituko genuenaren inguruko lanketa egin genuen. Hitzaldiak, aurreko urteetan JVCrekin egondako kooperanteen testigantzak, gomendioak, azalpen ezberdinak. Oso aberasgarria izan zen arlo guztietan.

Kooperazioaren munduarekin bestelako harremanik izan duzue? Medicusmundik burutzen duen lanaren berri zenuten?

I.A: Ba egia esanda ez, erlazio zuzenik ez genuen, baina zorionez gure inguruko pertsona batzuek bazuten, eta gurekin elkartrukatu duten guztia hitz positiboak izan dira.

I.D: Nik uste, bide batez, horrelako proiektuetarako ere esperientzia handia ez duen jende aukeratzen dutela, helburua, finean, sentsibilizazioa delako, kontzientziazioa, eta hori zirkulu zabalagoei helaraztea. Eta hori errazagoa da horrelako esperientziarik ez duten gazteekin.

I.A: Nire kasuan, Itziar Irazabal (medicusmundi Bizkaiko lehendakaria) auzokidea da, Iurretarra, eta beti ezagutu izan dut non egiten zuen lan, eta berarekin askotan hitz egin dut mundu honi buruz. Horrek ere nolabaiteko segurtasuna ematen dizu aurrera egiteko orduan.

I.D: Nik, bigarren galderari helduz, esan behar dut medicusmundi ez nuela espreski ezagutzen, baina lehenbiziko begiradan ikusten bai zuen erakundeak zein bestelako GKEk egiten duten lanaren atzean itzelezko sakrifizioa eta konpromezua dagoela, eta inplikazio maila itzela dela. Jende askok ez luke horrelakorik egingo, eta hori ere txalogarria iruditzen zait.

Zer espero duzue bidai honetaz?

I.A: Alde batetik, argi dago ikastera goazela, ikuspuntu eta errealitate ezberdinak ezagutzera eta bizitzera. Nik askotan begietatik “zinta kentzea” deitzen diot horri, maiz telebistan edo bestelako hedabideen bitartez ezagutzen dugun hori lehen eskutik bizitzea, esperientzia bereganatzea. Finean, aberastu, bai arlo pertsonalean zein profesionalean. Bizipen itzela izango delakoan nago.

I.D: Horrelako bidaietan argi dago helburuetako bat motxila irakaspenetaz betetzea dela, Iratxek esan bezala, aberastea, eta zure arlo pertsonalari gauzak aportatzea, bai ingurunetik hartuak zein zure hausnarketa pertsonaletatik. Egia esanda, horrelakoetan aldatuta itzultzea eskertzen duzu, eta ziur nago guri ere gertatuko zaigula, gauza askotaz konturatuko garela, eta gure bizi parametroak ñabardurekin itzuliko direla.

Zer nolako sentsazioak dituzue orain, bidaiatzeko hilabete falta denean? Gogoak, beldurra, urduritasuna sentitzen duzue?

I.A: Gogo itzelak ditugu, egia esanda. Nire kasuan, azterketa garaian nagoenez, badaukat ikasteko bestelako estimulua, hor amaieran bidaia ikusten dudalako, kar kar.

I.D: Egia esanda, oraindik ez dugu urduritasun nabarmenik sumatu, bidaiatzeko ordua heltzean agertuko dela suposatzen dut. Lagunak gu baino urduriago daudela esango nuke. Pintxopotean, kaletik, musika eskolan…Beti galdetzen digute: “Zer, Guatemalara noiz zoazte? Urduri?”, eta egia esanda, horrek baino jartzen nauela urduritxo, ezin dugulako deskonektatu, kar kar.

I.A: Iraiarekin bat nator. Nire kasuan, beldurrik edo urduritasunik ez dut igarri. Edo, hobe esanda, gehien beldurtzen nauena abioian egin beharreko bidai luzea da, abioiak beldurra ematen didatelako! Beste arlo guztietan gauzak nahiko kontrolpean dauzkat.

Euskal gazte askok zalantzak edo ezezagutza dute kooperazioaren munduaren inguruan. Nola konbentzitu ditzakegu kooperazioaren garrantziaz eta balioaz?

I.A: Ba egia esanda, guk ez dugu kooperazioaren mundua sakonean ezagutzen, eta hortaz, oso baldintzatuta gaude, baina bai azpimarratuko nuke lehenbiziko momentutik, lehen harremana izan genuenetik, harrituta geratu garela mundu honetan lan egiten dugun profesional zein bolondresekin. Itzela da daukaten indarra, inplikazioa, lan egiteko gogoa…Benetan txalogarria iruditzen zait egiten dena, eta are gehiago gertutik ezagutzean.

I.D: Nik uste kooperazioak munduari so egiteko betaurrekoak aldatzen dizkizula, zure egunerokotasuneko normalitatearen “burbuila” horretatik ateratzen laguntzen zaituela, Iratxek lehen esan bezala, begiak irekitzen laguntzeko dizu, zure baloreak eta zure jokamoldeak birplanteatzeko. Finean, uste dut horrelako esperientzietan ez dagoela ezer galtzerik, eta hortaz, datorrena irribarre batekin hartuko dugu.

Ir Atrás