CETA eta Osasunaren pribatizazioa

Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta gero, badirudi Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko TTIP akordioa (Merkataritza eta Inbertsiorako Akordio Transatlantikoa) izoztuta geratu dela. CETA (Kanadarekin Merkataritza eta Ekonomia Akordio Integrala), ordea, Europar Parlamentuan berretsi zen otsailaren 15ean, 2009. urtetik zortzi urtez sekretupean negoziatzen egon eta gero. Itun honen helburua Kanada eta Europar Batasunaren arteko muga-zergak ezabatzea eta zerbitzu eta produktu-inbertsioen salerosketa erraztea izango da. CETAren alde 408 eurodiputatuk bozkatu zuten, eta 254 kontra agertu ziren. Espainiar Estatuko alderdiei dagokionez, PP, PSOE, Ciudadanos eta EAJ alde agertu dira, eta kontra Podemos, EH Bildu, IU, ICV, ERC eta Equok bozkatu dute. Hurrengo urratsa, Estatu bakoitzeko parlamentuek behin-betiko onarpena ematea izango da.

Mario Fernandez,  OSALDEko eta Osasunaren Aldeko Euskal Foroko kidea

CETArekin, beraz, 500 milioi kontsumitzaileren merkatua irekiko da, eta horri gehitu behar diogu Kanadak AEB eta Mexikorekin akordioak dituela, NAFTAren bidez (Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Akordioa). Izan ere, Estatu Batuek CETA erabiliko dute euren ekonomia Europako merkatuan sartzeko, jatorri estatubatuarra duten enpresa transnazional ugarik egoitzak dituztelako Kanadan. Eta CETAren bidez, enpresa estatubatuar horiek Europan negozioa egiteko aukera berbera izango dute. Estatu Batuetako enpresa handien %80ak nolabaiteko parte-hartzea du Kanadako enpresetan.

TTIP akordioarekin salatu dugunez, CETA ere mehatxu handia izango da Espainiar Estatuko eta Euskadiko osasun-sistema publikoentzat. Itun bietan arlo guztietako arauak parekatu nahi dituzte, beti ere, behetik joz: osasunean, ingurumenean, lan esparruan, arlo sozialean, zergetan eta abar. Akordio bien helburu bakarra enpresa handien inbertsio, komertzio eta botere-harremanak indartzea baino ez da, euren jarduerari ateak zabalduz, eta arau gutxiago ezarriz.

2016ko maiatzean, hots, orain dela urtebete, Europako Kontseiluak bere adierazpenetan onartu zuen akordio bien arteko antzekotasuna: “CETA erreferentzia akordioa da… Gure helmuga elkarrizketa bietan antzekoa da: nazioarteko akordio bat lortzea gure enpresek merkatu transatlantikoan erraztasun gehiago izan ditzaten, hazkundea eta enplegua sortuz”.

Europako Parlamentuan CETA bozkatzen ari ziren bitartean, “ATTAC España” elkarteak honakoaz ohartarazi zuen: “CETAk gobernuen gaitasuna mugatuko du zerbitzu publikoak sortu, zabaldu eta erregulatzerako orduan. Gobernuek ezin izango dute atzera egin liberalizazio-prozesuetan edo porrota egin duten pribatizazioetan. Sendagaien preskripzioa garestiagoa izan daiteke eta eragin kaltegarria izan dezake oinarrizko eskubideak diren pribatutasun eta datuak babesteko eskubidean.

Halaber, Europar Batasunak eta Kanadak mugak izango dituzte gehiegizkoak diren patenten kontra aritzeko. EFPIAren (Farmazia-Industriaren Europako Federazioa) eta Farmaindustriaren (laborategien patronala eta Espainiako farmazia-industriaren lobby nagusia) arteko azken bilera oso argigarria izan da, batez ere ezagututa patenten alde eta generikoen kontra Espainiar Estatuan egiten duten borroka hertsia: “CETAri esker, besteak beste, farmazia-testuinguruan jabetza industrialari babesa handitu ahal izango diogu”.

OMC “Organización Médica Colegial” taldeak kaleratzen duen Médicos y Pacientes argitalpenaren arabera, Osasun Aktan (16/02/2017) jasotakoa, “CETAk sendagaien kostuak are gehiago handituko ditu, hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, patentearen iraupena handitzeko sistema berri bat sortuko dute, eta, horren eraginez, sendagai berrien kaleratzea gutxienez bi urtez atzeratuko da”. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu “Estatu Batuen ostean, munduko sendagairik garestienak Kanadan daudela”.

Beste alde batetik, CETAren erruz, zerbitzu publikoetan pribatizazio gehiago gerta daitezke, eta, gainera, zerbitzu bat pribatizatzen denean, ez du utziko berriro ere arlo publikora atzera bueltatzea, Madrileko Erkidegoan gertatu den bezala, hainbat mobilizazio eta epaitegien sententziak eta gero. Edo Alzirako Ospitalean gertatu den moduan, Valentziako Gobernuak pribatizazioari buelta ematen hasi dela.

Ezkutuan egin dituzten CETAren negoziazioan, Europar Batasuneko hamaika estatuk (tartean, Espainia) euren zaintza-zerbitzuak liberalizatzeko –hau da, pribatizatzeko­- konpromisoa hartu dute, nagusien arreta erresidentziala kasu.

CETAri esker enpresa multinazional handiek inolako mugarik gabe kontratazio publikoetan parte hartu ahal izango dute. Gauzak horrela, gobernuek ez dute aukerarik izango tokiko hornitzaileak edo irabazi asmorik gabeko elkarteak babesteko, arlo publikoaren lanpostuak enpresa pribatuen esku utziz, horrek dakarren lan baldintza prekarioekin.

TTIP akordioarekin gertatzen den moduan, CETAk ere bitartekaritza epaimahaiak sortzea aurreikusten du, ISDS/ICS delakoak: justizia paralelo eta pribatizatua, Estatuetako sistema judizialetatik kanpo, enpresen eta Estatuen arteko gatazkak konpontzeko. Enpresa handiek eskubidea izango dute Estatuak salatzeko euren interesen kontra arauak onartzen direnean, eta Estatuek agian isun erraldoiak onartu beharko dizkiete enpresei.

Herritarrek jakin behar dute CETAk osasun-zerbitzu publikoen pribatizazioa ekarriko duela eta horrek hainbat arrisku dituela, herritarren osasunean eragina izango duelako. Era berean, gure ordezkari politikoei eskatu behar diegu jarrera demokratikoa izan dezatela eta herritarren osasuna eta ongizatea gutxiengo baten interes ekonomikoen gainetik lehenetsi dezatela.

Mario Fernandez,  OSALDEko eta Osasunaren Aldeko Euskal Foroko kidea

Argazkia, Ecuador Etxea.

Urte bat Berta Caceres laguna hil zutenetik

2016ko martxoaren 3an Berta Caceres laguna hil zuten Hondurasen. Urte bat pasata inpunitatea nagusi da oraindik. Horregatik egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen dugu.

[Read more…]

Emakumeenganako indarkeria Guatemalan (ere)

Joan den urrian, Faktoria Lilaren laguntzaz, Guatemalan egindako bideoa aurkeztu nahi dugu. “Emakumeenganako indarkeria Guatemalan (ere)” lelopean, indarkeria matxistak eta honen inguruan Guatemalako egoera aztertu nahi dugu. Hauen kausak eta ondorioak kontutan hartuz.

[Read more…]

A25 Haserre gaude! Estamos organizadas. Aurrean gaituzue!

Azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Erauzteko Nazioarteko Eguna. Emakumeok pairatzen ditugun bortizkeriak salatzera gonbidatzen zaituztegu, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Azaroaren 25erako antolatzen ari diren manifestazio eta ekintzetan parte hartuz.
Haserre gaude! Estamos organizadas. Aurrean gaituzue!

MANIFESTAZIOAK
Baiona: 18:30 – Herriko Etxetik
Donostia: 19:00 – Bulebarretik
Bilbo: 20:00 – Arriaga Plazatik
Gasteiz: 19:00 – Andra Mari Zuriatik
Iruñea: 20:00 – Gaztelu Plazatik

50 urte Emakumeen Osasunerako Eskubidea sustatzen

1987tik, urtero, maiatzaren 28an, osasun-eskubidearen alde lan egiten duten herritarrek, erakunde publikoek eta antolakundeek, medicusmundi bizkaiak, besteak beste, Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna ospatzen dute.

Izan ere, gaur egun, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME dira siglak) emandako datuen arabera —medicusmundi erakunde horren Erakunde Aholkularia da—, haurdunaldian, erditzean edo erditu ondoren hiltzen diren amen % 52 (egunero 800 emakume hiltzen dira) aurrez ikus daitezkeen arrazoiengatik  hiltzen dira.  Urtero, 270.000 emakume hiltzen dira umetokiko minbiziagatik, eta 15 eta 49 urte bitarteko 3 emakumeetatik 1ek indarkeria fisikoa edota sexuala jasaten du etxean bertan edo etxetik kanpo.

Hortaz, merezi du birpasatzeak zer lan egin duen medicusmundi bizkaiak berrogeita hamar urteotan emakumeen osasuna hobetzeko:  zer helburu lortzen lagundu dugun bazkideok eta lagundu diguten erakunde publiko eta pribatuek, eta zer erronka ditugun oraindik, antolakunde gisa, lortzeke.

Hasiera-hasieratik, eta osasuneko lehen mailako arretarako sistemak indartuz, medicusmundi bizkaiak ondoko lehentasunezko helburu finkatu zuen: amen eta haurren hilkortasuna eta erikortasuna murriztea.   Proiektuetan, emakumeek emakume izateagatik zituzten arazo jakinen arretari eman genion lehentasuna, eta batez ere ugalketa zikloarekin lotutako guztiaren inguruan oinarritzen ginen.   Horri esker, adibidez, jaio aurreko arreta hobetu dugu, eta emakumeek osasun-arazoei aurrea hartzeko OMEk gomendatutako 4 bisita egin ditzaten sustatu dugu.  Horrez gain, erditzean langile kualifikatuen laguntza izateko beharra azpimarratu dugu, bai osasun zentroetan bai ohiko emaginen lanari lagunduz, eta oso herrialde ezberdinetan politikari eta kulturari dagokionez, adibidez, Guatemalan, Hondurasen, Guinea Bissaun edo Chaden.

“Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan” txostenak, medicusmundik , Prosalusek eta Medicos del Mundok egindakoak, azpimarratzen du 5. Milurtekoaren Garapen Helburua (amen eta haurren osasuna hobetzeari buruzkoa) aurreikusitako mailetara iristetik urrun badago ere, amen hilkortasun tasa ia erdira murriztu dela 1990etik 2013ra. Datuek erakusten dute egindako lanak eragin ona eta itxaropentsua izan duela.

Dena dela, beste zenbait datuk, nerabe haurdunen tasak, esaterako, arreta-eredu horrek zenbait ahultasun dituela erakusten du. Eta urtero, maiatzaren 28an, Osasunerako Eskubidea aldarrikatzen dugu, Emakumeen Giza Eskubide bat baita.

Enfasi hori funtsezkoa da, argi gelditu baita emakumeen mendetasuna, betidanik esleituta izan dituzten rolak eta euren osasunaren inguruan erabakitzeko botererik ez izatea, batez ere sexualitatearen eta ugalketaren inguruan, ahulgarritasun faktoreak direla eta osasunean eragin negatiboa dutela.

Giza Eskubideei buruz hitz egiteak esan nahi du emakumeak eta neskatilak protagonista bihurtu behar ditugula, botere publikoek osasuna bermatzearen alde egiten behar dutela eta gizartea, oro har, horren errespetuaren arduraduna dela.

Nola bideratu da ikuspuntu aldaketa hori medicusmundi bizkaiak gauzatzen dituen proiektuetan?

Alde batetik, Guatemalan, Hondurasen edo Kongoko Errepublika Demokratikoan osasun sistema publikoak, erakundeak eta gizarte zibila Sexu-eskubideen eta Ugalketa-eskubideen arloan sendotzearen alde eginez, genero-indarkerian eta nerabeen haurdunaldietan arreta berezia jarriz.  Gainera, osasun ministerioetan lan egiten jarraitzeaz gain, emakumeen osasunaren alde egiten duten gizarte zibileko zenbait entitaterekin ere egiten dugu lan, eta eragin politikoko jarduera gehiago gauzatzen ditugu.

Ruandan, lehen Elikadura Zentroak erabiltzen zituzten, eta egun 7 kooperatibatan lan egiten duten emakumeen jabekuntzarako prozesuaren alde egin dugu.  Familien eta komunitateen elikadura estandarrak hobetzeaz gain, kooperatibetako kideek identifikatu eta erabaki dute, urteen buruan, zer osasun-arlo landu behar ziren.

Halaber, jakin badakigunez osasunean eragin zuzena duela pertsonak zein egoeratan jaio, hazi, bizi eta zahartzen diren, aipatutako 4 herrialdeetan ingurumen-osasuneko proiektuak gauzatzen dira, eta Uraren eta Saneamenduaren Eskubidea aldezten dugu.

Antzeko arazoak dituen mundu globalizatuan bizi garenez, Garapenerako Hezkuntzako proiektuen bidez Osasunerako Eskubideen urraketa ere landu dugu.  Aipamen berezia merezi du Indarkeria Sinbolikoaren inguruan egindako lanak.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu prozesu horien guztien arrakasta borondate eta konpromiso politikoaren menpe dagoela; emakumeen osasuna ziurtatuko dituzten legeak eta giza baliabide eta baliabide ekonomikoak beharrezkoak dira.

EAEko Lankidetzari buruzko Legea ez dela betetzen salatu dute Eusko Legebiltzarrean eta zerga-arintze handiagoa eskatu

Osasungintzan espezializaturiko GGKE medicusmundi, Munduko Medikuak eta Prosalus elkarteek  joan den astean berriz ere egin zioten Eusko Legebiltzarrari historikoa den eskaera bat: EAEko Lankidetzari buruzko Legea betetzeko, lege horretan Euskadiko BPGaren % 0,7 garapenerako lankidetzara zuzentzea ezarrita dago eta. 2015eko “Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan” txostenaren aurkezpenean, hiru elkarteek argi utzi zuten Eusko Jaurlaritzak ez duela lege hori  beteko beste urte batean, 2016an, eta 2012ko zenbatekoetara ere ez dela itzuliko, % 0,7ra iritsi aurreko pauso gisa, Legebitzar-batzordean hitzeman zen bezala.

[Read more…]

TTIP ETA OSASUNAREN PRIBATIZAZIOA

Mario Fernández, OSALDEko eta Osasun Aldeko Euskal Foroko kidea.
TTIP benetako mehatxu izan daiteke osasunerako eta gaur egun lortuak ditugun osasun-sistemetarako.Gaur egun ezagutzen dugun Osasun Sistema Nazionala (OSN), bere arazo guztiekin, nazioarte mailan munduko onenetako eta eraginkorrenetako bat bezala ikusia dago.Espainiako Estatuan Osakidetzak ospe eta estimu handia du alde horretatik.Adituek diotenez, “osasun-sistema unibertsalek –jabetza eta kudeaketa publikoarekin eta Lehen Mailako Arretan oinarriturik– eskaintzen dituzte emaitzarik onenak osasungintzan, eta halaber, eraginkorrenak, orekatuenak eta gizatiarrenak dira”.

[Read more…]

medicusmundi bizkaia: 50 urte. Mende erdia osasun-eskubidea pertsona guztientzako aldarrikatzen

Datorren igandean, urtarrilaren 17an, medicusmundi bizkaia sortu zenetik 50 urte beteko dira.  Mende erdia lan egiten osasuna pertsona guztientzat eskubidea izan dadin.  Horregatik, modu batean edo bestean, une batean edo bestean, medicusmundiko parte izan garen guztiok elkartzeko aukera ederra dela uste dugu. Topaketa argazki hunkigarri batean betikotu nahi dugu. Animatuko zara? Zure familiarekin, lagunekin edota nahi duzun pertsonekin gerturatu!  Igandean, goizeko 12:30ean, Bilbon, Bizkaiko Medikuen Elkargoan (Lersundi kalea 9) elkar ikusiko dugu.
[Read more…]

Euskal osasun publikotik populazio migratzailearen parte bat etengabe baztertzearen salaketa

Osasunaren aldeko Euskal Foroa osatzen duten erakundeek, eta erakunde horien artean daude Osalde, Munduko Medikuak edo Medicus Mundi, Nazio Batuek abenduaren 18ko Populazio Migratzailearen Nazioarteko Eguna izendatutakoaren testuinguruan populazio migratzaile irregularrak euskal osasun publikoaren sisteman jasaten ari den etengabeko bazterketa salatu nahi dute, eta horrenbestez, arreta publiko eta unibertsala eskatu nahi du EAEko populazio guztiarentzat, etorkina izan ala ez.

Egoera irregularrean zeuden etorkinei estatuan osasun-txartelak kentzeko Gobernu Zentralak atera zuen 16/2012 Errege Dekretu Legearen ondoren, Eusko Jaurlaritzak 114/2012 Dekretua atera zuen, euskal osasun publikoaren sistemaren barruan baztertuta zeuden pertsonentzako osasun estaldura arautzeko helburuarekin. Hori lortzeko hiru baldintza bete behar ziren: Euskadin gutxienez urtebetez etenik gabe erroldatuta egotea; Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBO) jasotzea edo horretara iristen ez diren diru-sarrerak izatea, eta beste edozein bidetatik osasun publikoan babes sistema lortzeko aukerarik ez izatea. Baldintza horiek betetzen ez badituzte euskal osasun publikoaren barruan arreta legez bermatuta izango dute soilik: haurdun dauden emakumeek, erditzerakoan eta erditu ondorenean, 18 urtetik beherakoek eta larrialdi-kasuek; nolanahi ere gaixotasun infekto-kutsakorrak eta osasun publikoarentzat kutsakorrak direnetan ere arreta eskaini ahal izango da 2013ko irailaren 12ko Eskualdeko Instrukzioaren arabera.

Hasiera batean Dekretu horrek asko hobetu zuen Euskadiko egoera EDLa modu zorrotzagoan aplikatu zuten gainerako Autonomia Erkidego gehienen aldean. Nolanahi ere, beste batzuetan, Andaluzian eta Asturiasen adibidez, EDL hori ez zuten aplikatu eta egoera irregularrean zeuden etorkinei 2012a baino lehen eskaintzen zitzaien arreta eskainiz jarraitu zuten. Gainera, azpimarratu behar dugu aurten izan diren hauteskunde autonomikoen ondoren, hainbat Autonomia Erkidegotan normalizatu egin dutela egoera irregularrean zeuden etorkinei arreta eskaintzeko aukera, baldintza malguagoak jarriz.Nafarroan eta Balear Uharteetan ez dago erroldatuta egon beharrik; Aragoan, Kantabrian eta Valentzian hiru hilabetez erroldatuta egotea eskatzen dute, eta Autonomia Erkidego batzuetan aldaketak egingo dituztela esan dute baina oraindik ez dituzte zehaztu.Bitartean, Euskadin dugun egoera 2012an genuen berbera da.

Egoera horrek eragiten dien pertsonen kopuru zehatzari dagokionez esan behar dugu ezinezkoa dela jakitea. Euskadin ez dugu datu ofizialik eta Gobernu Zentralak ere ez ditu ematen, nolanahi ere hasiera batean esan zen 800.000 osasun-txartel inguru erretiratu zituztela estatuan. 16/2012 EDLarekiko Salaketa eta Erresistentziako Sareak (REDER), bere aldetik, orain dela gutxi adierazi zuen osasun-eskubidea urratu zieten pertsonen 1.500 kasu baino gehiago jaso zituela 2014ko urtarriletik 2015eko uztailera:osasun-arreta eskaintzea ukatu zitzaien adin txikikoen 109 kasu; 232 gorabehera larrialdietan (arreta-eskaintzeari uko egitea, fakturazio irregularrak…) eta arreta-eskaintzearen eskubidea nolabait urratu zaien 78 emakume haurdun.

Nolanahi ere, kopuru horiek urraketak jasan dituzten pertsonen kopuru txiki bat besterik ez dira, sarea osatzen duten erakunde horietakoren batera konpainia, aholkularitza edo arreta medikoa jasotzera etorritakoen artean bakarrik jaso baitira. Euskadin, Munduko Medikuak erakundeak 27 kexa aurkeztu zizkion arartekoari, hori egin ondoren Arartekoak berak gutun bat bidali zion Osasun saileko Sailburuari etorkinen kolektiboa jasaten ari zen egoera hori salatuz.

Datu horietan ikusten da legean ezarritakoa ere ez dela ari betetzen.Bilbon Munduko Medikuak erakundeak duen CASSIN zentroan (Etorkinei Osasun Arreta eskaintzeko Zentroa) mediku den eta Foruko kide den Carmen López andreak honakoa azaldu du: “Dekretuan ezarrita dagoenaren arabera osasun arretarako duten eskubidea urratu zaien pertsonak egunero etortzen dira kontsultara, bai eskaera izapidetzeko eragozpenak jarri dizkietelako, bai larrialdietan eskaini zaien arreta fakturatzearekin mehatxu egiten dietelako, bai haurdun dauden emakumeei arreta eskaintzea ukatu zaielako, eta bai larrialdietarako arreta eta bai adin txikikoei eman beharrekoa ukatu zaielako”. López andrearentzat garrantzitsua da oso egoera horiek modu irregularrean dauden etorkinen kolektiboan dituzten eragin negatiboak adieraztea, “disuasio-eragina sortzen dutelako osasun-arreta eskatzea joan behar dutenen artean, eta hori ezin da zenbatu, baina eragina izango du hori egin behar duten beste pertsona batzuengan”.

Euskadin lankidetzarekiko etengabeko konpromisoa falta da

Munduko Medikuak, Prosalus eta medicusmundi osasunean espezializatutako GGKEk “Osasuna eta garapenerako lankidetza eta ekintza humanitarioa” 2015eko Txostena aurkeztu dute gaur goizean.  Euskadiri dagokionez, Lankidetzarako zuzendutako funtsak handitu badira ere, 2007ko Lankidetzarako Euskal Legea ez dela betetzen ikusten da, hots, % 0,7 helburu horretara bideratzea agintzen duena.

[Read more…]