2014ko laburpenak: Kongo ED

2014ko laburpenak: Kongo ED Image

2014a amaitu berri, urteko lehen aste hauek iaz egindako lanaren hausnarketa, balorazioa eta balantzeak egiteko erabili ohi dira. Gurean, medicusmundi Bizkaian, ez gara gutxiago izango. Begirada atzera bota eta munduan zehar (Ruanda, Guatemala, Honduras, Kongoko ED) dauzkagun proiektuen inguruan hausnarketa txikia egingo dugu.

Proiektuei buruz egingo diren errepasoetaz gain, laburpen honek irakurleari medicusmundi Bizkaiak, eta bereziki gurekin lan egiten duten bolondresek, herrialde ezberdinetan burutzen duten lanaren garrantzia azpimarratzea du helburu, eta bide batez, herrialde horien eta haien soziologiaren irudi edo “argazki” argigarria helaraztea. Kontuan hartu behar da herrialde hauen errealitatea oso ezberdina dela, bai haien artekoa eta baita guk ezagutzen dugun mendebaldeko munduarekikoa, eta hortaz, medicusmundi Bizkaiarekin lan egiten duten profesionalen lana ingurura egokitu behar da, kasurik kasu.

Kongoko Errepublika Demokratikoa

Medicusmundi Bizkaiak afrikako herrialdean burutzen ari den proiektu soziosanitario ezberdinei erreparatu baino lehen, Kongoko egoeraren inguruko zenbait azalpen zuenganatzea da egokiena, erakundeak bertan burutzen duen lana egokiago ulertzeko. Kongoko ED herrialde erraldoia da, iparraldetik hegoaldera 3.500 bat kilometro hartzen dituelarik. Hori dela eta, herrialde beraren baitan ezberdintasun handiak daude toki batetik bestera. Argiena, ekialde eta mendebaldearen artean ematen dena. Kinshasan, hiriburuan, hartzen diren zenbait erabaki ekonomiko, soziologiko edota politikoak asteak, hilabeteak ematen dute herrialdearen bestaldera iristen, eta askotan, lege hauek betearazteko erramintak ez dauka agintean dagoen Gobernuak. Era berean, Ruanda inguruan ezegonkortasun politiko eta militarra izugarria da, gerrila txikiak haien artean izugarrizko lizkarrak izaten dituztelarik.

Medicusmundi Bizkaiak bere lana, ordea, Kinshasa inguruan burutzen du, hego-mendebaldean, Masa eta Sona Batako probintzietan, egoera “lasaiagoa” edo “bareagoa” den tokietan, kontzeptu hauek Afrikan nahiko malguak direla jakinda. Bide horretan, erakundetik osasun sistema publiko eta unibertsala bultzatzen jarraitu da, bertoko osasun pertsonalaren ahalmenak indartuz eta hobetuz.

Bestalde, pasatako hilabete hauetan zehar herrixka ezberdinen ur, higiene eta saneamendu zerbitzuen estrukturen hobekuntzan eta eraikuntzan aritu dira medicusmundi Bizkaiko profesionalak, gaixotasun ezberdinen agerpena ekiditzeko asmoarekin, hauek sorrarazten dituen arrisku faktore nagusia errotik moztuz. Proiektu hauek, era berean, lan komunitarioaren eta bertoko biztanleen ahalduntzea bilatzen duen filosofiarekin aurrera eraman dira, berezko natiboak euren garapenaren eta lanen arduradun eginez.

Ugalketa eta sexu arloan ematen diren urraketei aurre egitea, eta afrikar emakumeak ahalduntzea ere medicusmundi Bizkaia beste oinarrietako bat da Kongo Edn. Helburu horrekin, sentsibilizazio kanpaina ezberdinak jarri dira martxan, Kongoko emakumeek jasaten dituzten bortizkeria ezberdinak salatzeko asmoz. Biolentzia horien baitan, ikusgarriena, fisikoa dago, noski, baina baita psikologikoa, alfabetikoa (afrikako emakume gehienek ez dakite irakurtzen ezta idazten ere), juridikoa, edo politikoa (Afrikan, Latinoamerikan ez bezala, egoerak bere horretan darrai aldaketa barik, eta emakumeek ezer gutxi daukate esateko politikaren arloan. Oso gutxi dira taldearen edo komunitatearen erabaki garrantzitsuetan parte hartzen dutenak).

Itzuli