Archives for April 2017

“Nekazaritza-kooperatiben bidez, emakumeek autokontsumoa bultzatzen dute eta erreferenteak bihurtu dira komunitateetan”

Otsailean medicusmundi Bizkaia eta Arabako talde batek Ruandara bidaia egin zuen, erakundeak herrialde horretan bultzatzen dituen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Bisita horretan Yon Arrieta medikuak parte hartu zuen. Arrieta orain dela 20 urte hasi zen medicusmundi Bizkaian parte hartzen, eta gaur egun erakundearen presidenteordea da. Berarekin berba egin dugu bere esperientzia ezagutzeko asmoz.

Horrelako bidaia batean parte hartzen duzun lehenengo aldia izan da. Kasu honetan, bidaia Ruandara izan da, nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia zoragarria izan da, ilusio handiarekin bueltatu naiz. Horrelako bidaia bat egiten dudan lehenengo aldia izan da, aldez aurretik beldur puntua izan dudalako, eta ez naiz sekula ausartu. Baina aitortu behar dut oso bidaia interesgarria izan dela, jende guztia oso atsegina izan da eta bidaian parte hartu dugun taldean oso gustura egon gara. Gainera, bertatik bertara medicusmundi Bizkaiak Arabako elkartearekin batera bultzatzen dituen proiektuak ezagutu ahal izan ditut. Esperientzia borobila, beraz.

Besteak beste, medicusmundik tokiko nekazaritza eta abeltzaintza kooperatibekin bultzatzen dituen proiektuak ezagutu ahal izan dituzu, ezta?

Bai, hori da, medicusmundik gaur egun emakumeez osatutako zazpi kooperatibarekin egiten du lan. Kooperatiba horietako bakoitza komunitate ezberdin batean dago: goizean talde batekin elkartu gara eta arratsaldez beste batekin. Elkarte hauek orain dela hamar urte baino gehiago sortu ziren, eta kooperatiba bezala egiten dute lan. Batez ere nekazaritza eta abeltzaintza lantzen dute, baina beste batzuek beste ekoizpen-arlo batzuk ere lantzen dituzte: saskigintza, ehungintza (eskoletako uniformeak, oinetakoak…) eta abar. Euren antolakuntza apur bat ezberdina da, baina azkenean ohiko kooperatiben filosofia dute: etekin guztiak kooperatibako kideen artean banatzen dituzte, eta horrek eragina du tokiko biztanlerian.

Zure ustez, zergatik da garrantzitsua horrelako proiektuak bultzatzea?

Nire iritziz, arrazoi nagusi bi daude. Alde batetik, ikus dezakegu kooperatibetan parte hartzen duten emakumeen bizitza-kalitatea nabarmen hobetu dela. Tokiko GKEn datu ez ofizialen arabera, Ruandako biztanleriaren %50 gutxienez muturreko pobrezian bizi da eta gosea pairatzen du. Emakumeek kontatu zigutenez, gaur egun kooperatibetako kideek eta euren inguruko senideek ez dute muturreko txirotasunik sufritzen.

Beste alde batetik, datuez harago, kooperatiben bidez emakumeen jabekuntza lantzen ari gara. Euren kooperatiba kudeatzen ari dira, tresna informatikoak erabiliz, kontu ekonomikoak eginez, eta horrek eragin handia izan du euren komunitateetan, emakume horiek erreferente bihurtzen ari direlako. Gainera, horrek ondorio oso positiboa du euren inguruan, autokontsumoa bultzatzen ari direlako, modu osasungarrian elikatzen irakasten ari direlako eta abar.

Umiltasunez esanda, ikus dezakegu aldaketa nabarmena dela: analfabetismo eta pobrezia pairatzetik, euren kooperatiba kudeatzera, autokontsumoa bultzatzera eta euren komunitatean erreferente bihurtzera igaro dira.

Horrez gain, kooperatibetan belaunaldi-aldaketa sustatzen ari zarete, ezta?

Hori da, kooperatibetan lan egiten duten emakume ugari helduak dira, eta, horregatik, emakume gazteak proiektuaren baitan lotzen saiatzen ari gara. Programa berezi bat abiatu dugu oso gazte haurdun geratu diren emakumeekin, askotan euren komunitateetan baztertuak eta estigmatizatuak izaten direlako. Euretariko batzuk sexu-erasoen ondorioz geratu dira haurdun, eta horrek bazterketa areagotzen du. Beraz, lehentasuna da emakume gazte horiek euren inguruan integratzea eta euren jabekuntza lantzea, eta hori guztia kooperatiben bidez lortzen saiatuko gara.

Aipatutako proiektuez harago, zer nolako erronkak dituzue oraintxe bertan Ruandan?

Epe ertainean, gustatuko litzaiguke kooperatiba hauek apurka-apurka autonomoagoak izatea, modu independientean lan egin dezaten arlo ekonomikoari dagokionez, eta baita gainontzeko kudeaketei dagokionez ere. Oraindik denbora falta zaigu kooperatiba hauek ekonomikoki autonomoak izateko, baina urratsak ematen jarraitzen dugu norabide horretan.

Bestalde, Ruandako bisitan aprobetxatu genuen ura eta saneamendu-sarea bermatzeko eskubidea lantzen duen elkarte batekin batzeko. Oso interesgarria iruditu zitzaigun, gainera materialen birziklapena sustatzen dutelako. Arlo hau garatzeko beste proiektu bat abiatzea baloratzen ari gara, elkarte honekin lankidetzan.

Maila pertsonalean, hau da gutxi gora-behera Ruandan aurreikusten zenuen errealitatea?

Egia aitortu behar badut, maila pertsonalean apur bat beldurtuta nengoen bidaia hasi baino lehen. Baina oso herrialde atsegina topatu dut, oso harrera ona egin digute. Kooperatibei dagokionez, beti iruditu zait oso proiektu interesgarria, eta urrunetik bada ere, nire sentsazioa izan da proiektu honek oso eragin zuzena zuela bertako biztanleengan, oso proiektu zehatza delako. Ruandan sentsazio berbera izan dut. Ilusio handiarekin joan naiz, egiten ari ginena benetan erabilgarria zela sentitzen nuelako, eta bidaia honetatik ilusio are handiagoarekin bueltatu naiz.

Imajinatzen dut ez duela inolako zerikusirik hemendik jarraipena egitea edo bertatik bertara proiektua ezagutzea…

Bai, ikuspegia guztiz aldatzen da. Nahiz eta datuak irakurri, alde handia dago datu horiei aurpegia eta sentsazioak jartzen dizkiozunean. Zure begirada aldatzen da, ezberdin bueltatzen zara. Nik orain dela 20 urteko lankidetza ezagutu dut, eta azken urte hauetan nazioarteko lankidetza asko aldatu da. Niri, behintzat, hausnarketarako atea zabaldu dit, eta lankidetzan formakuntza jarraitzeko gogoa piztu dit, agian frantsesa ikasten jarriko naiz eta guzti!

Crowdfunding kanpaina abiatu dugu, Guatemalako osasun-etxe batentzat materiala erosteko asmoz

– medicusmundi bizkaiak finantziazio-kolektiboan oinarritutako proiektua abiatuko du apirilean, El Reposo herrian osasun-etxe bat egokitzeko helburuarekin.40 eguneko epea egongo da 3500 euro lortzeko.

–  Jarduera nagusi bi egongo dira: apirilaren 28an Bilboko Hika Ateneoan “Guatemalarekin Elkartasun Ahotsak” jardunaldia eta apirilaren 30ean Getxoko Fadura Kiroldegian “Lau ordu solidario” igeriketa- saioa, Ur Basque Peoplek bultzatuta.

medicusmundi bizkaiko boluntarioek crowdfunding edo finantziazio kolektiboan oinarritutako kanpaina abiatu dute gaur, apirilak 18. Kanpainaren helburua honakoa izango da: Guatemalako El Reposo herriko osasun-etxea egokitzea eta materialez hornitzea. El Reposo herria Quetzaltenango departamenduko hegoaldean dago, eta 3709 biztanle ditu, zazpi komunitate ezberdinetan banatuta. Gaur egun udalerriak osasun-etxe txiki bat dauka, mediku eta erizain batekin, baina osasun-material falta handia dutenez, herritarrek 46 kilometrora dagoen ospitalera joan behar dute, horrek eragiten duen denbora eta diru-galerarekin.

Proiektu honen erronka osasun-etxearentzat 3500 euro lortzea da, beharrezkoa duten materiala erosteko: josturak egiteko materiala, pisu pediatrikoak, ginekologoarentzako esku-oheak, txertoak gordetzeko hozkailuak eta abar.

Hori guztia lortzeko, crowdfunding edo finantzio-kolektiboan oinarritutako diru-bilketa egingo da. Norbanako edo talde guztiek euren diru-ekarpenak egiteko aukera dute Kukumiku izeneko plataformaren bidez, eta 40 eguneko epea egongo da.

Ekarpenak web orri honen bidez egin beharko dira:

https://www.kukumiku.com/proyectos/salud-derecho-guatemala/

Apirilaren 28an, “Guatemalarekin elkartasun ahotsak” Hika Ateneoan

Horrez gain, proiektu honekin lotuta, boluntario-taldeak jarduera bi antolatu ditu. Apirilaren 28an, ostirala, “Guatemalarekin elkartasun ahotsak” jardunaldia ospatuko da Bilboko Hika Ateneo kulturgunean. Egitarau erakargarria izango dugu.

19:00etan “El derecho a la salud en Guatemala” mahaingurua hasiko da, eta honakoek parte hartuko dute:  Elena Rodríguez (OPIK, Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko EHUko ikerketa-taldeko kidea) eta Asier Alberdi (medicusmundi bizkaiko boluntarioa eta Guatemalan erizain lanak egindakoa).

Solasaldia eta gero, hiru ikuskizun-kontzertu ikusteko aukera izango dugu:

  • Arymux ikuskizuna, zeinu hizkuntza, dantza, bertsoak eta musika elkartzen duen saioa.
  • HdH rock taldearen kontzertua.
  • Vinagre de Moderna taldearen kontzertua.

Jardunaldi osoan zehar Guatemalako artisautza eskura egongo da, zozketak egingo dira eta abar.

Apirilaren 30ean, “lau ordu elkartasunez” Getxon

Asteburu horretan bertan, bigarren jarduera bat izango dugu, kasu honetan, Getxoko Fadura kiroldegian. Ur Basque People taldeak igeriketa-saioa antolatu du crowdfunding proiektuarentzat  dirua batzeko, “Lau ordu elkartasunez” izenburupean. Goizeko 10:00etatik 14:00ak arte, hainbat modalitate egongo dira: errelebo solidarioak (100×100), familiak (partehartzaile bakoitzak 25 metro egin beharko du gutxienez), igeriketa jarraitua (lau ordutan 200 kilometro egitea izango da erronka), 0 kalea (igeri egin barik dohaintzan parte hartu nahi dutenentzat).

Izena emateko:

– Honako galdetegia bete: https://goo.gl/forms/xpgiRVlWP0cQdbJ33

– Hamar euro sartu medicusmundi Bizkaiak Laboral Kutxan duen kontu korrontean: ES95 3035 0064 25 0640073228

– Ziurtagiria honako helbidera bidali: elkartasuna@urbasquepeople.eus

 

CETA eta Osasunaren pribatizazioa

Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta gero, badirudi Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko TTIP akordioa (Merkataritza eta Inbertsiorako Akordio Transatlantikoa) izoztuta geratu dela. CETA (Kanadarekin Merkataritza eta Ekonomia Akordio Integrala), ordea, Europar Parlamentuan berretsi zen otsailaren 15ean, 2009. urtetik zortzi urtez sekretupean negoziatzen egon eta gero. Itun honen helburua Kanada eta Europar Batasunaren arteko muga-zergak ezabatzea eta zerbitzu eta produktu-inbertsioen salerosketa erraztea izango da. CETAren alde 408 eurodiputatuk bozkatu zuten, eta 254 kontra agertu ziren. Espainiar Estatuko alderdiei dagokionez, PP, PSOE, Ciudadanos eta EAJ alde agertu dira, eta kontra Podemos, EH Bildu, IU, ICV, ERC eta Equok bozkatu dute. Hurrengo urratsa, Estatu bakoitzeko parlamentuek behin-betiko onarpena ematea izango da.

Mario Fernandez,  OSALDEko eta Osasunaren Aldeko Euskal Foroko kidea

CETArekin, beraz, 500 milioi kontsumitzaileren merkatua irekiko da, eta horri gehitu behar diogu Kanadak AEB eta Mexikorekin akordioak dituela, NAFTAren bidez (Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Akordioa). Izan ere, Estatu Batuek CETA erabiliko dute euren ekonomia Europako merkatuan sartzeko, jatorri estatubatuarra duten enpresa transnazional ugarik egoitzak dituztelako Kanadan. Eta CETAren bidez, enpresa estatubatuar horiek Europan negozioa egiteko aukera berbera izango dute. Estatu Batuetako enpresa handien %80ak nolabaiteko parte-hartzea du Kanadako enpresetan.

TTIP akordioarekin salatu dugunez, CETA ere mehatxu handia izango da Espainiar Estatuko eta Euskadiko osasun-sistema publikoentzat. Itun bietan arlo guztietako arauak parekatu nahi dituzte, beti ere, behetik joz: osasunean, ingurumenean, lan esparruan, arlo sozialean, zergetan eta abar. Akordio bien helburu bakarra enpresa handien inbertsio, komertzio eta botere-harremanak indartzea baino ez da, euren jarduerari ateak zabalduz, eta arau gutxiago ezarriz.

2016ko maiatzean, hots, orain dela urtebete, Europako Kontseiluak bere adierazpenetan onartu zuen akordio bien arteko antzekotasuna: “CETA erreferentzia akordioa da… Gure helmuga elkarrizketa bietan antzekoa da: nazioarteko akordio bat lortzea gure enpresek merkatu transatlantikoan erraztasun gehiago izan ditzaten, hazkundea eta enplegua sortuz”.

Europako Parlamentuan CETA bozkatzen ari ziren bitartean, “ATTAC España” elkarteak honakoaz ohartarazi zuen: “CETAk gobernuen gaitasuna mugatuko du zerbitzu publikoak sortu, zabaldu eta erregulatzerako orduan. Gobernuek ezin izango dute atzera egin liberalizazio-prozesuetan edo porrota egin duten pribatizazioetan. Sendagaien preskripzioa garestiagoa izan daiteke eta eragin kaltegarria izan dezake oinarrizko eskubideak diren pribatutasun eta datuak babesteko eskubidean.

Halaber, Europar Batasunak eta Kanadak mugak izango dituzte gehiegizkoak diren patenten kontra aritzeko. EFPIAren (Farmazia-Industriaren Europako Federazioa) eta Farmaindustriaren (laborategien patronala eta Espainiako farmazia-industriaren lobby nagusia) arteko azken bilera oso argigarria izan da, batez ere ezagututa patenten alde eta generikoen kontra Espainiar Estatuan egiten duten borroka hertsia: “CETAri esker, besteak beste, farmazia-testuinguruan jabetza industrialari babesa handitu ahal izango diogu”.

OMC “Organización Médica Colegial” taldeak kaleratzen duen Médicos y Pacientes argitalpenaren arabera, Osasun Aktan (16/02/2017) jasotakoa, “CETAk sendagaien kostuak are gehiago handituko ditu, hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, patentearen iraupena handitzeko sistema berri bat sortuko dute, eta, horren eraginez, sendagai berrien kaleratzea gutxienez bi urtez atzeratuko da”. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu “Estatu Batuen ostean, munduko sendagairik garestienak Kanadan daudela”.

Beste alde batetik, CETAren erruz, zerbitzu publikoetan pribatizazio gehiago gerta daitezke, eta, gainera, zerbitzu bat pribatizatzen denean, ez du utziko berriro ere arlo publikora atzera bueltatzea, Madrileko Erkidegoan gertatu den bezala, hainbat mobilizazio eta epaitegien sententziak eta gero. Edo Alzirako Ospitalean gertatu den moduan, Valentziako Gobernuak pribatizazioari buelta ematen hasi dela.

Ezkutuan egin dituzten CETAren negoziazioan, Europar Batasuneko hamaika estatuk (tartean, Espainia) euren zaintza-zerbitzuak liberalizatzeko –hau da, pribatizatzeko­- konpromisoa hartu dute, nagusien arreta erresidentziala kasu.

CETAri esker enpresa multinazional handiek inolako mugarik gabe kontratazio publikoetan parte hartu ahal izango dute. Gauzak horrela, gobernuek ez dute aukerarik izango tokiko hornitzaileak edo irabazi asmorik gabeko elkarteak babesteko, arlo publikoaren lanpostuak enpresa pribatuen esku utziz, horrek dakarren lan baldintza prekarioekin.

TTIP akordioarekin gertatzen den moduan, CETAk ere bitartekaritza epaimahaiak sortzea aurreikusten du, ISDS/ICS delakoak: justizia paralelo eta pribatizatua, Estatuetako sistema judizialetatik kanpo, enpresen eta Estatuen arteko gatazkak konpontzeko. Enpresa handiek eskubidea izango dute Estatuak salatzeko euren interesen kontra arauak onartzen direnean, eta Estatuek agian isun erraldoiak onartu beharko dizkiete enpresei.

Herritarrek jakin behar dute CETAk osasun-zerbitzu publikoen pribatizazioa ekarriko duela eta horrek hainbat arrisku dituela, herritarren osasunean eragina izango duelako. Era berean, gure ordezkari politikoei eskatu behar diegu jarrera demokratikoa izan dezatela eta herritarren osasuna eta ongizatea gutxiengo baten interes ekonomikoen gainetik lehenetsi dezatela.

Mario Fernandez,  OSALDEko eta Osasunaren Aldeko Euskal Foroko kidea

Argazkia, Ecuador Etxea.

Ur Basque People jarduera apirilaren 30ean antolatuko da Getxon

Fadurako kiroldegiak hartuko du apirilaren 30ean, igandean, Ur Basque People ekimen solidarioa, Ur Irekiak Galea Taldeak antolatuta, Getxo Udala eta Laboral Kutxarekin lankidetzan. Ekimen honen bigarren ekitaldia da –lehenengoa iaz egin zen Plentzian-, igeriketa eta ur-kiroletako zaletu guztiei zuzendua. Bertan dirua bilduko da MedicusMundi GKErentzat eta premia-premiazko elikagaiak batuko dira Sortarazi Elkartearentzat.

Álvaro Gonzálezek nabarmendu du “ezbairik gabe, kirol-elkarteak sentsibilizatuta daude eta kalteberatasun egoeran dauden edo beste era bateko beharrak dituzten lagun zein kolektiboak laguntzea helburu duten ekimenen aurrean arduratsu jokatzen dute. Duela aste pare bat ikusi genuen, Punta Galea Txirrindulari Elkarteak sendi getxotar bat laguntzeko antolatu zuen jaialdiarekin, eta seguru gaude berriro ikusiko dugula datorren apirilaren 30ean. Helburu solidario horrekin, eta Faduran jolasteko eta igeriketa bultzatzeko egun batez gozatzeko asmoarekin ekingo diogu probari”.

Erreleboak eta igeriketa jarraitua

Fadurako 25 metroko igerilekuan izango da topaketa, 10:00etatik 14:00etara, eta modalitateak hauexek izango dira: 100 metrotako erreleboetan, familian (beti ere kide bakoitzak gutxienez 25 metro igeri egiten baditu); eta igeriketa jarraituan (parte-hartzaile bakoitzak egindako distantzia ekimenak iraungo duen 4 orduetan 200 kilometro lortzeko helburu bateratuari gehituko zaio).

Alazne Aurrekoetxea paddle surfeko Europako txapeldunordeak, ekimenaren antolakuntzako laguntzaile dena, adierazi du aurten “tokia eta helburua aldatu ditugun arren, gure ilusioa bere horretan dago, gure laguntzaren beharra duen jendearengana jotzeko. Ekitaldi hau deiadarra da, bai urarekin nolabaiteko harremana dutenentzat bai kausa on batengatik igerilekuan igeri egin nahi dutenentzat”.

10€ko donazioa

Modalitate bata zein bestean parte hartzeko, pertsonako 10€-ko donazioa egin beharko da (14 urtetik beherakoek dohainik parte hartu ahalko dute). Izen-emateak https://urbasquepeople.com/ webgunean egin ahalko dira. Horrez gain, donazioak egin daitezke medicusmundi bizkaiaren kontu korrontean: ES95 3035 0064 25 0640073228.

Bildutako diru guztia El Reposo Guatemalako udalerriko osasun-zentroan behar den medikuntzako materiala erosteko bideratuko da.