Ura eta Saneamendua Kamonyi Barrutian

Ura  eta  Saneamendua  Kamonyi  Barrutian Image

Erdialdeko Afrikan dagoen herrialde bat da Ruanda. Klima epela du, publiometria egokia da eta haranetatik zenbait ur-bide igarotzen dira.  Ingurune horretan dago Kamonyi Barrutia; herrialdeko 30 barrutietako bat da, eta medicusmundi arabak eta bizkaiak han egiten dute lan urari, higieneari eta saneamenduari dagokienez.


2006tik, medicusmundi bizkaiak alderdi hidrikoetan egin du lan; horretarako, zenbait ur-iturri natural eraiki eta zaharberritu ditu, eta kudeaketa batzorde batzuk sortu ditu komunitateak ura hobeto eskuratzeko aukera izan dezan.  Horrez gain, eskola batzuetan euri-ura biltzeko azpiegiturak jarri dira, baita zenbait komun ekologiko ere. Gainera, HAMS batzordeak (Higienea eta Saneamendua Eskolan) osatu dira.

2011. urtean, proiektuan zenbait aldaketa sartu ziren.  Lau sektoretan ur-iturri txikiak jarriz Kamonyi Barrutian laguntzen jarraitzeaz gain, sentsibilizatzeko programak egiten hasi ginen PHAST ikuspuntuari jarraituta (Komunitateak kudeatutako saneamendu hobetua).

2011n medicusmundik Kamonyi Barrutian uraren, higienearen eta saneamenduaren inguruan egin zuen inkestaren arabera, Kamonyiko etxeen %  64 adobezko adreiluz egin dira, eta etxeen %23 baino ez dira zementuz egin.  Horrez gain, etxearen egongela nagusian hobetu gabeko sukaldeak dituztenez (% 21,8), barrutiko biztanleek arnas gaixotasunak izateko arriskua dute (% 24).

Halaber, inkestaren bidez jakin genuen milaka etxetan estali gabeko zuloa erabiltzen dutela komun moduan. Beste portaera batzuk ere antzeman genituen, animaliekin batera bizi direla edo hondakinen kudeaketaren garrantziaren inguruan kontzientzia txikia dutela, besteak beste. Horiek guztiek eragin txarra dute osasunean, eta emakumeengan eta haurrengan dute eragin handiena.

Gainera, etxeen % 86,7k ez du dutxarik; beraz, oso zaila dute gorputzaren higiene egokia mantentzea, eta higiene ezarekin lortutako infekzioak agertzen dira, batez ere emakume eta neskatilen kasuan hilekoa dutenean.

Bestalde, inkestak erakusten du azpiegiturak eraikitzea berez ez dela nahikoa, eta aipatutako azpiegituren jasangarritasuna oztopo bat dela bai gizakiek ura eskuratzeko orduan bai ura izateko eskubidea egikaritzeko orduan.

Egoera hori dela eta, Kamonyi Barrutiko erakundeekin ados eta COFORWAren laguntzarekin (Les Compagnons Fontainiers du Rwanda), medicusmundik azpiegituren eraikuntzari laguntzeari utzi, eta “soft” ikuspuntuari ekin dio Karama eta Kayenzi sektoretan, denon parte hartzean oinarrituta. Aipatutako ikuspuntua, higienea eta saneamendua komunitate mailan sustatzean oinarritzen da. Portaerak aldatzeko zenbait teknika ere sartu ditu; horretarako, higiene-klub batzuk sortu dira, eta klubetan uraren, saneamenduaren, higienearen, osasunaren eta elikaduraren inguruan 20 bat jarduera egiten dituzte.

Ikuspuntu  horien guztien bidez medicusmundik eta COFORWAk Kamonyi Barrutian egin dituzten ekintzei esker, komunitatean antzematen diren zenbait aldaketa positibo gertatu dira, batez ere Karama eta Kayenzi eremuetan.

Zenbait pertsonak azaldu dute zer nolako inpaktua izan duen egindako lanak:

Zer helburu dute medicusmundik Kamonyi Barrutiarekin batera egin dituen jarduerek?

Xavera NYIRASAFARI, COFORWAko proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko arduraduna: “Kamonyi Barrutiko osasuna eta higienea hobetzen laguntzea da helburua. Horrek esan nahi du jarduerek gaixotasunak gutxitzen lagunduko dutela; gainera, emakumeen kokapena indartuko da, eta gaitasun handiagoa izango dute etxeetan eta komunitatean erabakiak hartzeko orduan.”

Jean Paul KINYANGO, COFORWAko gizarte-mobilizatzailea: “Herritarrek azaldutako beharrei erantzuten diete esku-hartzeek. Onuradunek identifikatutako arazoen konponbidea bilatzeko asmoa duten jardueretan inplikatzen laguntzan diegu“.

Ikasitako irakaspen batzuk…

J.P. KINYANGO:Ondokoa egiaztatu dugu eta, gainera, denok ikasteko balio izan zaigu: edozein aldaketa positibo egin daitekeela pertsona onuradunek zer nahi duten baldin badakite eta konponbideak bilatzeko orduan inplikatzen baldin badira.  Adibidez gisa, Ngoma herrian, lehen 51 etxek baldin bazuten komuna (higiene maila onargarriko komuna), 2012. urtean 83 etxek zuten; 2 etxetan konpost-ontzia bazuten, aipatutako urtean, 50 etxetan zuten, eta 67 etxetan zuten kontsumorako ura urte hartan (aurretik, 26 etxetan baino ez zuten).”

Annonciata, Kamonyi Barrutiko higieneko arduraduna: “CEBHPPren esparruan egindako bilerei eta sentsibilizatzeko ekintzei esker aldaketa bat gertatu da; izan ere, herritarrek higienea garrantzitsua dela ulertu dute eta higieneko eta saneamenduko jarduerak gain hartu dituzte. Horrek ikasitako jokaera positiboen iraungarritasuna bermatuko du, baita proiektua burutu ostean ere, herritarrek ulertu baitute zein den jokabide egokia.”

Genero-berdintasuna sustatzeko helburu duten zer motako jarduerak garatu dira?

Marie MURERWA, Kamonyi Barrutian generoko eta familiaren sustapenerako arduraduna: “Ohiz higienearen eta generoren inguruan hausnarketa egiteko antolatu diren tailerrek, eragina dute gizonen eta emakumeen berdintasuna sustatzeko orduan, gizonak eta emakumeak elkarrekin ahalegintzen baitira etxeetako higiene-baldintzak hobetzearren. Halaber, CEBHPP gauzatu bitartean, emakumeek higiene-klubetan hartzen dute parte, eta horri esker ekimen-gaitasuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna handitu dute“.

Jean MINANI, Ngoma herriko IWACUHEZA klubeko kidea, kasua:Higiene-klubean emakumeek zein gizonek etxeko lanetan rol bat dugula ikasi dugu.  Nire kasuan, komuna, konpost-ontzia eta ontzietarako apala eraikitzeko ardura dut, eta etxeko inguruko sastrakak kendu behar ditut.”

Eta osasunean eta ingurumenean duen inpaktuari dagokinez?

Philemonek, Remera-Rukomako ospitaleko higieneko eta ingurumeneko arduradunak eta Barrutiko higieneko Batzordeko kidea: “Osasun-egituretan egiaztatu egiten dituzte kideen higiene-klubetako txartelak.  Horri esker, zer gaixotasun dituzten jakin ahal dute, eta klubaren lana bideratzen dute.  Ur-jatorriko eta aho-gorotz gaixotasunak gutxitu direla ikusi da. Aipatutako gaixotasunek eragin handiagoa dute haurrengan.  Azaleko gaixotasunak desagertzen ari dira, eta sentsibilizatzeko jarduerek inpaktu positiboa dute haurren txertaketa-tasan.”

medicusmundik eta COFORWAk Kamonyi Barrutian egindako jarduerek ondorio positiboak izan dituzte, baina klub guztiek bide luzea dute egiteke; izan ere, guztiek ez dute modu berean eta eraginkortasun berarekin lan egiten, eta horretan egin behar dugu lan.

Itzuli