Osasunetik sexu-eta genero-aniztasuna patologia bihurtzen ditugunean

Sexualitateak eta arauaz kanpoko generoak patologia bihurtzea osasunaren arloko profesionalen artean zilegitzat jotzen den indarkeria da oraindik ere. LGTBI+ pertsona askok diagnostikoa jasotzen dute eta gaixo gisa tratatzen zaie, estigmen arabera eta pertsona gisa txikituta. Ondorioz, giza duintasuna eta aitorpen soziala kentzen zaie.

[Read more…]

“Funtsezkoa da genero-ikuspegi feminista bat sartzea emakumeen osasunaren gainean hartzen diren neurrietan”

Maiatzaren 28a: Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna

Elkarrizketa Beatriz Velardiez Modroño Mujeres para la Salud elkarteko komunikazio-arduradunarekin

[Read more…]

General Opticak eta medicusmundi bizkaiak beste 660 pertsonaren ikusmen-osasuna bermatu dugu Guatemalan

Guatemalako eremu ruraletan ikusmen-osasuna bermatzeko medicusmundi bizkaiak eta General Opticak egiten dugun elkarlanarekin jarraituz, azken urte honetan 660 pertsonek arreta oftalmologikoa jasotzea lortu dugu. Ekintza hau, gure tokiko bazkidea den San Joseren Alabak Kongregazioari, bertako osasun pastoralei, komunitateei eta kalitatezko zerbitzua bermatzen duten langile espezializatuei esker izan da.

Consultorio Guatemala General Óptica

Kontsultategia Coatepeque udalerriko komunitate baztertuetan egin da, Quetzaltenango departamentuan

Oraingo honetan, proiektua 2017ko apiriletik 2018ko martxora bitartean gauzatu da, Guatemalako hego-mendebaldeko Quetzaltenango departamentuaren hegoaldean, Coatepeque  udalerriko landa eremuetan, hain zuzen ere. Baztertutako eremuetan bizi diren herritarrek ez dute ia osasun zerbitzuetara sarbiderik, eta are gutxiago ikusmen-osasun zerbitzurik.

Ekimen honi esker, miopia, astigmatismoa eta hipermetropia bezalako patologiak tratatu ahal izan ditugu, 41 urtetik gorako pertsonetan bereziki. Aipagarri da arreta jaso duten 30 urtetik beherako pertsonen kopurua, arreta falta dela eta identifikatu gabeko patologiak  identifikatzen lagunduz.

Bitartekotza hau, gure bazkidea den San Joseren Alabak Kongregazioari esker egin ahal izan dugu. Erakunde honek 50 urte daramatza eremuan lanean eta elkarlan harremanak mantentzen ditu medicusmundi bizkaiarekin. Erakunde biek elkarlanean daramagu 2005etik, komunitateetan osasunaren inguruko proiektuak aurrera ateratzen.

 

Las Lorocas taldeak irabazi du Gazteak Hegoaren bila lehiaketaren seigarren edizioa

Larunbat honetan, apirilak 21, Gazteak Hegoaren Bila lehiaketaren seigarren edizioko azken proba eta bukaerako jaia egin dituzte Donostian Euskadiko hiru medicusmundi elkarteek. Donostiako Parte Zaharreko kaleetan proba burutu eta gero, bertako zenbait dendaren laguntzarekin, bukaerako jaia egin zen Kresalan, eta han banatu zitzaizkien sariak talde irabazleei.

Las Lorocas taldeak eskuratu du lehen saria, alegia, Erdialdeko Amerikara bidaian joatea, non taldekideek aukera izango baitute medicusmundik han aurrera eramaten duen lankidetza-lana hurbiletik ezagutzeko. Bigarren sailkatuak, Txintxingorri taldeak, bidaiatzeko diru-laguntza bat jaso du, Espainiako estatuaren barruan edo herrialde mugakide batean elkartasunarekin eta/edo lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko helburuz.

Gazteak Hegoaren bila - jovenes en busca del sur

Las Lorocas taldea lehen saria jasotzen

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketa bi urtean behin antolatzen dute Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek (medicusmundi araba, medicusmundi bizkaia eta medicusmundi gipuzkoa), EAEko 19 urtetik 30 urtera bitarteko gazteei zuzenduta, lau kideko taldeetan parte har dezaten. Aurten lehiaketak proposatzen dituen lau proben bidez (esketx bat egitea, irrati-mezu bat grabatzea, kanta bat sortzea, eta sorpresazko azken proba), osasun-zerbitzuen erabileran gertatzen diren ekitaterik ezeko egoerez gogoeta egiteko gonbita egin zaie. Proba-formatu horien bidez, zenbait galderari erantzun behar izan diete; esaterako, ea zer rol jokatu behar duten erakundeek osasun-sistemak sendotzeko edo ea ekitaterik ezeko egoerarik dagoen osasun-zerbitzuen erabileran. Helburua, gazteak osasun-arloko ekitatearen alde mobilizatzea, maila globalean partekatutako ardura baten ikuspegitik.

Halaber, beste eragile batzuk inplikatuz sarean lan egiteko asmoz, antolakuntzak laguntza jasoko du proben ebaluazioan, Donostiako UPV/EHUko Erizaintza Eskolaren, Honduraseko Unibertsitate Nazional Autonomoko –medicusmundi bizkaiak Hondurasen lankide dituen kontraparteetako bat– familia-osasuneko taldeetako zenbait ikasleren, eta Haziak arabar musika-taldearen eskutik.

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketaren seigarren edizio hau “Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud” proiektuaren bigarren fasearen barruan kokaturik dago.

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketak 200 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu

Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek (medicusmundi Araba, medicusmundi Bizkaia eta medicusmundi Gipuzkoa) bi urtean behin antolatzen dute Gazteak Hegoaren bila lehiaketa, eta haren seigarren ekitaldian 19 eta 30 urte arteko berrehun gaztek baino gehiagok parte hartuko dute, lau kideko taldeetan.Martxoaren 5ean abiatu zen lehiaketa honetan, parte-hartzaileek gogoeta egin ahalko dute osasun-zerbitzuen erabileran gertatzen diren ekitaterik ezeko egoerez, lau proba eginez.Hori guztiaren helburua dagazteak osasun-arloko ekitatearen alde mobilizatzea, maila globalean partekatutako ardura baten ikuspegitik.

Jokoak lau proba ditu; hain zuzen, lehena dagoeneko argitaratu da www.jovenesenbuscadelsur.orgwebgunean, eta parte hartzen duten taldeak hartan ari dira buru-belarri. Proba horretan, esketx bat sortzeko proposatzen da, osasun-sistema inklusibo bat aldarrikatzeko, neurriak ezarriko dituena osasunerako eskubidea pertsona guztientzat bermatzeko, haien generoa, gizarte-klasea, ikasketa-maila edo jaioterria edozein izanik ere.

Hurrengo probak martxoaren 19an eta apirilaren 2an argitaratuko dira.Azken proba, laugarrena, apirilaren 21ean egingo da, Donostian, eta egun berean  izango da sari-banaketaren ekitaldia.Proba horietan zehar, parte-hartzaileek lehiaketaren gaiaren inguruko zenbait galderari erantzuna ematen saiatuko dira:Zer rol jokatu behar dute erakundeek osasun-sistemak sendotzeko?Badago ekitaterik ezeko egoerarik osasun-zerbitzuen erabileran? Eta abar.Sarean lan egiteko asmoz, antolakuntzak laguntza jasoko du proben ebaluazioan, Donostiako UPV/EHUko Erizaintza Eskolaren, medicusmundi Bizkaiak Hondurasen lankide dituen kontraparteen eta Arabako musika-talde baten eskutik.

Gazteak hegoaren bila

Gazteak hegoaren bila

Talde irabazleak Erdialdeko Amerikara joango da bidaian, eta aukera izango du medicusmundik han aurrera eramaten duen lankidetza-lana hurbiletik ezagutzeko.Bigarren sailkatzen den taldeak bidaiatzeko diru-laguntza bat jasoko du, Espainiako estatuaren barruan edo herrialde mugakide batean elkartasunarekin eta/edo lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko helburuz.

Gazteak Hegoaren bila sentsibilizaziorako joko-lehiaketa bat da, medicusmundik antolatua, helburu bikoitza duena:batetik, gazteen ezagutza eta interesa areagotzea Hegoaldeko herrialdeetako errealitatearen inguruan; bestetik, taldekako sortze-lana bultzatzea.Lehiaketaren seigarren ekitaldi hau “Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud. Fase II” izeneko proiektuaren barruan kokaturik dago.

“Osasuna, denon ardura”

medicusmundik Osaldek antolatu dituen osasunaren defentsan herritarren parte hartzea bultzatzeko antolatu diren jardunaldietan parte hartuko du, martxoaren 2 eta 3an.

medicusmundi arabak, medicusmundi bizkaiak eta medicusmundi gipuzkoak, OSASUNA DENON ARDURA, Osaldek eta Osasunerako Euskal Foroak antolatzen dituzten jardunaldietan parte hartuko dute.

Jardunaldien helburua, Osasunerako Euskal Foroak hasieratik landu dituen gaietan herritarren parte hartzea sartzea izango da.

Bati-bat hiru gai jorratuko dira batez ere: Giza determinatzaileen eragina, osasun sistemen egonkortasuna eta herritarren parte hartzea

Medicusmundik, Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak ikerketaren aurkezpenarekin parte hartuko dute. Ikerketa hau OPIK, Osasunerako Gizarte-Baldintzagile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak egin du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako proiektu baten testuinguruan.

Izen ematea  Osalde.org webgunearen bitartez edo op.paisvascomail.com helbidera mezu bat buidaliz egin daiteke.

Egin klik hemen programa osoa ikusi ahal izateko.

Gure gorputzaren desjabe

Kalean topatu ginen adiskidearekin, emakumea bera, eta bete-betea zekarren gorputza: heren bat amorruz, beste heren bat tristuraz, eta azken herena, berriz, larridura hutsez. Espero dut, aurpegi ezagun eta feministekin aurkituta, gutxien-gutxienik indarrez beteko zitzaiola gorputzean libre geratzen zitzaion azken zirrikitu hura, atakari aurre egiteko. Halako egoeren aurrean, gure buruan sinetsi besterik ezin dezakegu egin. Goiz hartan bertan, Bilboko erietxe publiko batean, emakumeak bere osasunari buruzko galderak egin eta, antza, egokitu zitzaion ginekologoa, gizona bera, presiopean sentitu ei zen:

–Eta, diagnostikatu didazuen hauxe, zera, nondik etor daiteke?– halaxe galdetu bide zuen emakumeak, ausart halakoak.
–Barkatu, polit hori, baina honen guztiaren errua zurea da. Neu ari naiz konpontzen saiatzen.

Emakumearen aurpegian txundidura, mina, babesgabetasuna. Kontsultan bakar-bakarrik egonda, nola egin aurre halako egoera bati? Eginkizun zaila zen, beraien biengandik haragoko itzala baitzuen elkarrizketa hark. Kontsulta hartako mahai gainean gauza zabalago bat zegoen, emakume onak eta txarrak bereizten dituen muga klasikoa: putak eta santuak, guztia merezi dutenak eta ezertxo ere merezi ez dutenak, beraiengandik espero dena egiten dutenak eta egiten ez dutenak. Emakume hura, patriarkatuaren iritzian eta irizpidean, ez omen zen emakume on bat. Zergatik eta bere gorputzaren erantzukizuna hartu nahi zuelako, bere osasunari zer gertatzen zitzaion ulertu nahi zuelako; zergatik eta arduratu zelako.

Medikuaren atrebentzia izugarriari helduta, kontuan hartu behar dugu gure gizartean ez daukagula ohiturarik gure osasunaren gaineko ardura hartzeko, kasuan kasuko sendagilearen hitz sakratua zalantzan jartzeko eta hari galderak egiteko, eta, hala, medikuak ohituta daude gure osasunari buruzko epai zalantza ezinak ematera; beste alde batetik, mediku horren hitzek gizartearen iritzia ere islatzen dute, emakumeoi oraindik orain zigor soziala ezartzen baitzaigu gure sexualitateak ez badu bat egiten ezarri zaizkigun bide eta ereduekin. Onerako eta txarrerako, goitik eta behetik, emakume on batengandik espero denarekin bat egiten ez duten sexualitate-molde guztiak zigortzen dira. Espektatibak ez dira beti igualak eta hamaika modutan agertzen dira. Zenbait gizarte-kontestutan, sexuaz modu aktiboan gozatzen ez duten emakumeak zigortzen dituzte, eta “frigidotzat” jo; beste kasu batzuetan, berriz, guztiok barruan daukagun epaile moral horrek besteak zigortuko ditu, beren sexualitateaz aske gozatzen duten emakumeak, bikotekide egonkorrik eta horrelakorik edukitzeko inongo asmorik ez daukatenak. Haiei egokituko zaie puten erreinua. Eta zer esan gizonekin sexu-harremanik ez dugun emakumeoi buruz: guretzat, ostrazismoa.

Mila bider nahiago nuke aipatu dugun ginekologo horren jarrera salbuespena balitz; ez da hala, ordea. Orain dela zenbait urte, Giza Papilomaren Birusari buruzko erreportaje bat argitaratu genuen Pikara Magazinen, eta erreportajearen autoreak antzeko egoerak aletu zituen: “Lasaitu zaitez, honezkero nahikoa egin duzu eta”, halaxe esan omen zioten GPB diagnostikatu zioten emakume bati. Beste kide batzuei gaia aipatu eta sekulako sorpresa hartu dut. Tira, ez hainbeste. Kide horietako bati antisorgailuak hartzeko gomendatu zioten orain dela gutxi, baina ez zioten ezer azaldu nahi izan pilula horiek ekar zitzaketen albo-kalteei buruz; beste bati, berriz, monogamoa izan dadila aholkatu diote, arazoak saihesteko, eta nik neuk gogoan daukat oraindik nola atera zen nire lagun min bat larrialdietatik, biharamuneko pilula eskatu ostean. Beste adiskide bat, berriz, negar batean atera zela ginekologoaren kontsultatik, mesedez eskatuz ez ziezaiotela berriro harengana bidali. Erabateko zigorgabetasunean gertatu da hori guztia, zeren, emakumeok ez baikara geure gorputzon jabe. Hainbat faktore sozialek, hala nola kulturak, politikak eta ekonomiak ezartzen diguten indarkeria sinbolikoa tarteko, geure gorputzez desjabetu gaituzte. Feminismoak, ordea, geure gorputzetara itzultzeko txartela ematen digu, gure desira eta bizitzara itzultzeko txartela. Bidaia zaila eta nekeza da, baina argi izan: iritsiko gara helmugara.

Aurten, oraingoz, 45 emakume hil dituzte beren bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta ezin dugu zehatz-mehatz jakin zenbat emakume gehiago akabatu dituzten generoarekin lotutako arrazoiengatik; hala ere, gaur egun, zaila gertatzen zaigu oraindik ere herritarrei hauxe ulertaraztea, genero-estereotipoek gure bizipen guzti-guztiak zeharkatzen dituztela. Hazten ari garela, sinetsarazten digute gure gorputzen helburua ez dela soilik guri eustea, ezpada besteren atsegineko izatea; bizi garen testuinguru politiko eta sozialak ez du gure sexualitatearen autonomia aitortzen; erditzeak guztiz medikalizaturik daude eta hilekoa, berriz, estigma handi bat da; instituzio publiko eta erlijiosoek modu sistematikoan erabakitzen dituzte gure sexu- eta erreprodukzio-eskubideen gainekoak, eta, azken adibide bat ematearren, emakumeen gorputzak mutilatu egiten dira –oso modu ezberdinetan, kultur testuinguruaren arabera–. Jarrera horiek denek, eta beste hainbatek, argi erakusten digute osasungintzaren arloan ere behar ditugula hori guztia ulertzen duten langileak, hots, bizi garen egoera soziopolitikoak gure osasunari zuzenean eragiten diola konprenitzen duten langileak, eta egunean hiru aldiz feminismo apur bat hartzeko aholkatuko digutenak.

 

Artikulu hau Pikara Magazinek egin du, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen hezkuntza, osasuna eta komunikabideen sektorearen indarkeria sinbolikoa kudeatzeko proiektuaren baitan.

Jai giroa Santurtzitik Bilbora herri lasteketan

Parte hartze masiboa, giro ona eta bizimodu osasuntsua gailendu ziren Santurtzitik Bilbora herri lasterketaren XXIX. aldian. Bigarren urtez jarraian, medicusmundi bizkaia ere bertan izan ginen, haibat boluntarioen laguntzari esker antolatzen den lasterketa honi izaera solidarioa gehituz.

Aurten, izen emate bakoitzeko euro bat  medicusmundi bizkaiarentzat izango da, Kongoko Errepublika Demokratikoan garatzen ditugun proiektuak finantzatzeko. Batzen den dirua, nerabe eta gazteekin egiten dugun Sexu eta Ugalketa Eskubideen alorreko lanaera bideratuko dugu.

Lan honen azken helburua, sexu bortizkeria, transmisio sexualeko gaixotasunak eta haurdunaldi goiztiarrak eragoztea da, modu honetan emakume gazteek beraien egoera sozio-ekonomikoa hobetzeko aukera izan dezaten, herrialdearen garapenaren partaide izan daitezen.

Hemen aurkitu dezakezu diruak finantzatuko dituen proiektuei buruzko informazio gehiago.

Beste behin ere medicusmundi bizkaiak Santurtzitik Bilbora lasterketan parte hartuko dugu

Azaroaren 26an Santurtzitik Bilbora XXIX. lasterketa ospatuko da eta medicusmundi bizkaiako kideak bertan izango gara, lasterketako 4.000 parte hartzaileekin batera mundu guztiarentzako bizimodu osasuntsu baten aldeko mezua zabaltzeko. Aurten izen emate bakoitzeko euro bat medicusmundi bizkaiak Kongoko Errepublika Demokratikoan nerabeen Sexu eta Ugalketa Eskubideak babesteko garatzen ditugun proiektuetara bideratuko dira.

santurce-bilbao-2017-cartel2004 urtean hasita, medicusmundi bizkaiatik zenbait proiektu bultzatzen hasi ginen, Kongoko Errepublika Demokratikoko osasunerako azpiegituren hobekuntzan, ura eta saneamenduan, eta osasun zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen gaitasunak indartzen. Lehen fase honetan Kinshasa probintzian egin genuen lan, baina 2011tik aurrera gure esku-hartze eremua Kongo Erdialdera zabaldu genuen, gure lan-lerroak emakumeen eskubideen ingurura bideratzen; genero indarkeriaren prebentzioan eta sexu biolentziatik bizirik irten diren pertsonen laguntzan bereziki. Honekin batera, aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak, haurren osasuna eta ingurumenaren egoera babesten dituzten proiektuak ere garatu ditugu.

Urte hauetan zehar tokiko erakundeekin batera egin dugu lan, Sexu eta Ugalketa Eskubuideen (SUE) inguruko proiektu eta ekintzak bultzatzen. Zentzu honetan osasun zentroetako langileen gaitasunak indartu ditugu, bai eremu publikoan eta baita elkarteen eremu tradizionalean ere, azpiegiturak eta osasun zentroen ekipamendua hobetzen, sexu biolentzia jasan duten pertsonek behar duten arreta izan dezaten.

presentación santurce bilbao

Santurtzitik Bilbora lasterketaren aurkezpena, Santurtziko kultur etxean

Zentsu honetan, medicusmundi bizkaiaren helburua sexu biolentzia saihesten duten zerbitzuak ematea da, nerabetik guraso goiztiar izatera ez pasatzeko, Konogoko eremu honetako emakumeek beraien egoera sozio-sanitoria garatu ahal izateko, modu honetan beraien boterea sendotuz eta honela herrialdeko garapenean parte hartzeko aukera gehiago izan ditzaten.

 

Hemen Prentsa Dossierra informazio guztiarekin.

Hondakinez egindako itsasoek Omoako kostaldea itotzen ari dira Hondurasen

Hondartza ederrak non hondakinez osatutako tapiz kiradun batek are zuria estaltzen du, ur gardenak  estaltzen dituzten plastikozko irlak eta zaborrez betetako mangladiak. Hori da gaur egun Honduraseko iparraldean dagoen Omoa herriko kostaldeak duen irudi dohakabea.

Omoa basura honduras guatemala

Motagua ibaiak Caribe itsasora bidaian, Guatemalako 96 udalerritik igarotzean garraiatzen dituen milaka zabor tonen ondorioa da, urtez urte areagotzen doan hondamendi ekologiko bat sortuz.

Bertako herritar eta enpresari txikiek egiten dituzten esfortzu hutsalez gain, orain arte ez da ezer konkretua egin, kostaldean dauden etxeko, industriako, nekazaritzako eta ospitaleetako hondakinen marea hau gelditzeko. Jada, Omoako hondartzen 45 kilometroak estaltzen dituzte. Gainera, zabor honek ezin dezake inolako ekarpen ekonomikorik suposatu bertakoentzat, enpresek ez bai dituzte itsasoan egon diren hartzen.

Hondamendi hau bertako ekosistemarekin bukatzen ari da: ur gaineko hondakinek arrain eta dortokak hiltzen dituzte, polietileko edo plastiko zatiak irensten dituztelako, geruza honen trinkotasunak ez du eguzkiaren argia pasatzen uzten, fitoplaktonaren fotosintesia galaraziz eta elika katearen oinarria moztuz. Mangladi eta kostaldeko ekosistemetako hondakinek prozesu biologikoak eteten dituzte, arrain eta krustazeoen ugalketa geldituz.

Demasia honen ondorioz, bertako biztanleek beraien janari eta diru-sarreren jatorria hondakinen itsaso batek nola itotzen dituen ikusten dute, ezer gutxi egin dezaketela jakinda, eta ohituraz turistikoa den gune honen erakargarritasuna 100%ean galduz. 

Konponbidetik urrun egoteaz gain, hondamendi hau urterik urte areagotu egin da, batez ere eurite sasoietan. Karibeko txoko hau eta bere biztanleak gutxika gutxika hiltzen doazen bitartean, gobernu eta erakundeek ardurak elkarri aurpegiratzen diote, arazoari benetako konponbidea aurkitu gabe.