Gure gorputzaren desjabe

Kalean topatu ginen adiskidearekin, emakumea bera, eta bete-betea zekarren gorputza: heren bat amorruz, beste heren bat tristuraz, eta azken herena, berriz, larridura hutsez. Espero dut, aurpegi ezagun eta feministekin aurkituta, gutxien-gutxienik indarrez beteko zitzaiola gorputzean libre geratzen zitzaion azken zirrikitu hura, atakari aurre egiteko. Halako egoeren aurrean, gure buruan sinetsi besterik ezin dezakegu egin. Goiz hartan bertan, Bilboko erietxe publiko batean, emakumeak bere osasunari buruzko galderak egin eta, antza, egokitu zitzaion ginekologoa, gizona bera, presiopean sentitu ei zen:

–Eta, diagnostikatu didazuen hauxe, zera, nondik etor daiteke?– halaxe galdetu bide zuen emakumeak, ausart halakoak.
–Barkatu, polit hori, baina honen guztiaren errua zurea da. Neu ari naiz konpontzen saiatzen.

Emakumearen aurpegian txundidura, mina, babesgabetasuna. Kontsultan bakar-bakarrik egonda, nola egin aurre halako egoera bati? Eginkizun zaila zen, beraien biengandik haragoko itzala baitzuen elkarrizketa hark. Kontsulta hartako mahai gainean gauza zabalago bat zegoen, emakume onak eta txarrak bereizten dituen muga klasikoa: putak eta santuak, guztia merezi dutenak eta ezertxo ere merezi ez dutenak, beraiengandik espero dena egiten dutenak eta egiten ez dutenak. Emakume hura, patriarkatuaren iritzian eta irizpidean, ez omen zen emakume on bat. Zergatik eta bere gorputzaren erantzukizuna hartu nahi zuelako, bere osasunari zer gertatzen zitzaion ulertu nahi zuelako; zergatik eta arduratu zelako.

Medikuaren atrebentzia izugarriari helduta, kontuan hartu behar dugu gure gizartean ez daukagula ohiturarik gure osasunaren gaineko ardura hartzeko, kasuan kasuko sendagilearen hitz sakratua zalantzan jartzeko eta hari galderak egiteko, eta, hala, medikuak ohituta daude gure osasunari buruzko epai zalantza ezinak ematera; beste alde batetik, mediku horren hitzek gizartearen iritzia ere islatzen dute, emakumeoi oraindik orain zigor soziala ezartzen baitzaigu gure sexualitateak ez badu bat egiten ezarri zaizkigun bide eta ereduekin. Onerako eta txarrerako, goitik eta behetik, emakume on batengandik espero denarekin bat egiten ez duten sexualitate-molde guztiak zigortzen dira. Espektatibak ez dira beti igualak eta hamaika modutan agertzen dira. Zenbait gizarte-kontestutan, sexuaz modu aktiboan gozatzen ez duten emakumeak zigortzen dituzte, eta “frigidotzat” jo; beste kasu batzuetan, berriz, guztiok barruan daukagun epaile moral horrek besteak zigortuko ditu, beren sexualitateaz aske gozatzen duten emakumeak, bikotekide egonkorrik eta horrelakorik edukitzeko inongo asmorik ez daukatenak. Haiei egokituko zaie puten erreinua. Eta zer esan gizonekin sexu-harremanik ez dugun emakumeoi buruz: guretzat, ostrazismoa.

Mila bider nahiago nuke aipatu dugun ginekologo horren jarrera salbuespena balitz; ez da hala, ordea. Orain dela zenbait urte, Giza Papilomaren Birusari buruzko erreportaje bat argitaratu genuen Pikara Magazinen, eta erreportajearen autoreak antzeko egoerak aletu zituen: “Lasaitu zaitez, honezkero nahikoa egin duzu eta”, halaxe esan omen zioten GPB diagnostikatu zioten emakume bati. Beste kide batzuei gaia aipatu eta sekulako sorpresa hartu dut. Tira, ez hainbeste. Kide horietako bati antisorgailuak hartzeko gomendatu zioten orain dela gutxi, baina ez zioten ezer azaldu nahi izan pilula horiek ekar zitzaketen albo-kalteei buruz; beste bati, berriz, monogamoa izan dadila aholkatu diote, arazoak saihesteko, eta nik neuk gogoan daukat oraindik nola atera zen nire lagun min bat larrialdietatik, biharamuneko pilula eskatu ostean. Beste adiskide bat, berriz, negar batean atera zela ginekologoaren kontsultatik, mesedez eskatuz ez ziezaiotela berriro harengana bidali. Erabateko zigorgabetasunean gertatu da hori guztia, zeren, emakumeok ez baikara geure gorputzon jabe. Hainbat faktore sozialek, hala nola kulturak, politikak eta ekonomiak ezartzen diguten indarkeria sinbolikoa tarteko, geure gorputzez desjabetu gaituzte. Feminismoak, ordea, geure gorputzetara itzultzeko txartela ematen digu, gure desira eta bizitzara itzultzeko txartela. Bidaia zaila eta nekeza da, baina argi izan: iritsiko gara helmugara.

Aurten, oraingoz, 45 emakume hil dituzte beren bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta ezin dugu zehatz-mehatz jakin zenbat emakume gehiago akabatu dituzten generoarekin lotutako arrazoiengatik; hala ere, gaur egun, zaila gertatzen zaigu oraindik ere herritarrei hauxe ulertaraztea, genero-estereotipoek gure bizipen guzti-guztiak zeharkatzen dituztela. Hazten ari garela, sinetsarazten digute gure gorputzen helburua ez dela soilik guri eustea, ezpada besteren atsegineko izatea; bizi garen testuinguru politiko eta sozialak ez du gure sexualitatearen autonomia aitortzen; erditzeak guztiz medikalizaturik daude eta hilekoa, berriz, estigma handi bat da; instituzio publiko eta erlijiosoek modu sistematikoan erabakitzen dituzte gure sexu- eta erreprodukzio-eskubideen gainekoak, eta, azken adibide bat ematearren, emakumeen gorputzak mutilatu egiten dira –oso modu ezberdinetan, kultur testuinguruaren arabera–. Jarrera horiek denek, eta beste hainbatek, argi erakusten digute osasungintzaren arloan ere behar ditugula hori guztia ulertzen duten langileak, hots, bizi garen egoera soziopolitikoak gure osasunari zuzenean eragiten diola konprenitzen duten langileak, eta egunean hiru aldiz feminismo apur bat hartzeko aholkatuko digutenak.

 

Artikulu hau Pikara Magazinek egin du, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen hezkuntza, osasuna eta komunikabideen sektorearen indarkeria sinbolikoa kudeatzeko proiektuaren baitan.

Azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna

Hurrengo azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. medicusmundi bizkaiatik emakumeen kontrako edozein biolentzia motarekin amaitzeko lan egiten dugu, bai Hegoaldeko herrialdeetan, baita Bizkaian ere.

Hori dela eta, egun honetan kalera ateratzera animatzen zaituztegu, egiten diren manifestazioetan parte hartu ahal izateko. Izan ere, badakigu borroka eguneroko gauza dela eta, horregatik, ezinbestekoa da indarrak batzea eta emakumeen alde eta edozein motatako biolentziaren kontra daukagun konpromisoa ikustaraztea.

Beste behin ere medicusmundi bizkaiak Santurtzitik Bilbora lasterketan parte hartuko dugu

Azaroaren 26an Santurtzitik Bilbora XXIX. lasterketa ospatuko da eta medicusmundi bizkaiako kideak bertan izango gara, lasterketako 4.000 parte hartzaileekin batera mundu guztiarentzako bizimodu osasuntsu baten aldeko mezua zabaltzeko. Aurten izen emate bakoitzeko euro bat medicusmundi bizkaiak Kongoko Errepublika Demokratikoan nerabeen Sexu eta Ugalketa Eskubideak babesteko garatzen ditugun proiektuetara bideratuko dira.

santurce-bilbao-2017-cartel2004 urtean hasita, medicusmundi bizkaiatik zenbait proiektu bultzatzen hasi ginen, Kongoko Errepublika Demokratikoko osasunerako azpiegituren hobekuntzan, ura eta saneamenduan, eta osasun zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen gaitasunak indartzen. Lehen fase honetan Kinshasa probintzian egin genuen lan, baina 2011tik aurrera gure esku-hartze eremua Kongo Erdialdera zabaldu genuen, gure lan-lerroak emakumeen eskubideen ingurura bideratzen; genero indarkeriaren prebentzioan eta sexu biolentziatik bizirik irten diren pertsonen laguntzan bereziki. Honekin batera, aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak, haurren osasuna eta ingurumenaren egoera babesten dituzten proiektuak ere garatu ditugu.

Urte hauetan zehar tokiko erakundeekin batera egin dugu lan, Sexu eta Ugalketa Eskubuideen (SUE) inguruko proiektu eta ekintzak bultzatzen. Zentzu honetan osasun zentroetako langileen gaitasunak indartu ditugu, bai eremu publikoan eta baita elkarteen eremu tradizionalean ere, azpiegiturak eta osasun zentroen ekipamendua hobetzen, sexu biolentzia jasan duten pertsonek behar duten arreta izan dezaten.

presentación santurce bilbao

Santurtzitik Bilbora lasterketaren aurkezpena, Santurtziko kultur etxean

Zentsu honetan, medicusmundi bizkaiaren helburua sexu biolentzia saihesten duten zerbitzuak ematea da, nerabetik guraso goiztiar izatera ez pasatzeko, Konogoko eremu honetako emakumeek beraien egoera sozio-sanitoria garatu ahal izateko, modu honetan beraien boterea sendotuz eta honela herrialdeko garapenean parte hartzeko aukera gehiago izan ditzaten.

 

Hemen Prentsa Dossierra informazio guztiarekin.

Euskadin osasungintzan egiten den gastu orokorrean lau eurotik bat finantzaketa pribaturako da.

medicusmundi “Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak” azterlanaren emaitza garrantzitsuenak aurkeztu ditu prentsa aurrekoan

portada euskaraz osasunerako mehatxuak

Egin klik irudian ikerketara sartzeko

Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud proiektuaren testuinguruan, medicusmundi GGKEak “Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak” azterlanaren emaitza garrantzitsuenak aurkeztu zituen prentsaurrekoan. Azterlan hori 2014ko abendua eta 2016ko urria bitartean egin zuen OPIK-Osasunaren Gizarte-baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeak, medicus Mundi Araba, medicus Mundi Bizkaia eta medicus Mundi Gipuzkoa erakundeek eskatuta.

Azterlan horrek ondorioztatzen duenez, EAEn gizarte-desoreka handiak daude osasunean, ikasketa-mailaren, generoaren, gizarte-mailaren edo jaiolekuaren arabera. Gizarte-desoreka horiek heredatu egiten dira eta haurren eta nerabeen osasunean eragin handia dute bai haien gurasoen ezaugarri sozioekonomikoek eta bai bizi diren etxebizitzenek ere. Adibide gisa, bizi-itxaropena handitu egiten da ikasketa maila handitu ahala, eta halaber, bizi diren lurraldearen arabera ere aldatu egiten da.

Euskal osasun-sistemak estaltzen ez dituen edo zati batean bakarrik estaltzen dituen zerbitzuak desoreken iturri garrantzitsu dira EAEn duten erabilerari dagokionez. Dentistaren zerbitzua eskuratzeko orduan, esate baterako, desoreka nabarmenak antzeman dira, kontsultak maizago izaten direlako egoera sozioekonomiko hobea duten pertsonen artean, bai gizonen eta bai emakumeen artean ere.

Finantzatzioari dagokionez, txostenak dio finantzaketa pribatuak osasun alorreko gastu osoan duen ehunekoa % 26,8an kokatzen da EAEn, Europa iparraldeko herrialde gehientsuenen oso gainetik, hala nola Herbehereak, Danimarka edo Norvegia, ehuneko hori % 15aren inguruan baitabil. Pribatizazio-maila handiagoa edukitzearen arrazoia, hain zuzen ere, etxeek osasunaren finantzaketan egiten duten gastu zuzenaren ehunekoak argituko luke. Horrelako gastu batek duen ehunekoari bakarrik begiratuz gero, EAEn dugun ehunekoa, gainerako herrialdeekin alderatuta, gastu pribatu osoarena baino handiagoa da. Horrela, EAEko ehunekoa (% 20,7) Herbehereak (5,4), Frantzia (6,9) edo Erresuma Batua baino nabarmen handiagoa da.

 

Beste alde batetik, aseguru pribatuak areagotzeko joera dagoela ikus daiteke (gero eta gehiago dira osasun-aseguru pribatua duten pertsonak). Era horretan, 2015. urtean EAEn aseguru pribatua duten pertsonen kopurua % 33,3 handitu da 2003arekin alderatuta.

Estaldura pribatizatzeari dagokionez, EAEn osasun-arretan inbertitzen den diru publikoaren hamar eurotik bat enpresa edo erakunde pribatuak kontratatzeko erabiltzen da, nahiz eta kopuru horrek jaitsiera arin bat izan duen azkeneko urte hauetan.

Akutuen ospitaleek, osasun-garraioak eta buruko osasunak enpresa edo erakunde pribatuekin itundutako gastu publikoaren erdia baino gehiago bereganatzen dute.

Ikerketa honek, halaber, osasun arloko heziketa pribatizatzeak berekin dituen arriskuez ohartarazten gaitu. Osasun arloko unibertsitate-heziketa publikoa dela dio, baina osasun arloko profesionalen heziketa pribatu iraunkorra gero eta handiagoa dela gaineratzen du. Estatu mailan, industriak osasun-heziketa iraunkorraren parte handi bat finantzatzen du (% 90).

Ondorengo esteka honetan ikerketaren argitalpena kontsultatu dezakezu:

http://www.medicusmundi.es/es/actualidad/publicaciones/publicaciones/278

http://www.ehu.eus/eu/web/opik/privatizacion-desigualdad

Honduras eta El Salvadorreko osasun sistemak eta sarbideak

Munduko herrialde ezberdinetan dauden osasun sistemak eta herritarrek hauetara duten sarbidea ikustaraziko duen dokumentala filmatzeko, medicusmundi bizkaia Ertamerikan izan da. Oraingo honetan taldea El Salvador eta Hondurasen egon da, bertako osasun sistemetan egiten ari diren erreformak aztertzen.

Osasun publikoaren maisutza arduradunekin elkarrizketa, Honduraseko osasun sistemaren erreformari buruzko iritzia ezagutzeko.

 

Red de Mujeres de P. Cortes erakundeko partaideekin eztabaida taldea

Herrialde hauetako egoera sozio-sanitarioa hurbiletik ezagutzeko, taldeak osasun zerbitzu eta ministerioetako langile eta ordezkariez gain, erabiltzaileak eta hango erakundeak ere elkarrizketatu ditu. Herritarren egoera eta beharrizanak azaleratzeko komunitateekin talde eztabaidak ere egin dituzte.

Herrialde hauetako osasun sistemak eraldaketa prozesuan aurkitzen dira, eta medicusmundi bizkaia osasunera sarbidea errazten duten gakoak aztertu ditu, osasun arloan dauden ezberdintasunak eta kezkak identifikatzen, eta konponbideak aztertzen.

Dokumentala otsailean egingo diren nazioarteko jardunaldietan aurkeztuko da, osasun sistema ezberdinen eta hauek dituzten arriskuak ikustaraziz.

 

 

“Nire gorputza, nire erabakia” bertso-paper lehiaketa Bizkaian

Nire gorputza, nire erabakia bertso-paper lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 15an amaitzen da. Emakumeak gorputzaren eta sexualitatearen inguruan askatasunez erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, hemen zein Guatemalan. Bi maila bereizten dira: Gazteena (17 urte arte) eta Helduena (18 urtetik gora). 1.000€ baino gehiago sarituko dira eta bertso batekin bi sari jasotzeko aukera duzu. Anima zaitez eta parte hartu! [Read more…]