“Funtsezkoa da genero-ikuspegi feminista bat sartzea emakumeen osasunaren gainean hartzen diren neurrietan”

Maiatzaren 28a: Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna

Elkarrizketa Beatriz Velardiez Modroño Mujeres para la Salud elkarteko komunikazio-arduradunarekin

[Read more…]

Iurretako Udalak hondurasen Lenca etniarekin egiten dugun lana finantzatuko du

Herrialde txirotuen garapena lortzeko eta baldintza sozialak hobetzeko interes handiena duen proiektua bezala aukeratua, Iurretako Udalak 4.953,16 euroko diru-laguntzarekin finantzatuko du medicusmundi bizkaiak Hondurasen garatzen duen proiektua.

“LENCA ETNIAREN HEZKUNTZA ELKARTEKO GAITASUNAK HOBETZEN HAURDUNTZA GOIZTIARREN PROBLEMATIKAKO PARTE-HARTZE AKTIBOAN – HONDURAS” izenpean, proiektu honen helburu nagusia Intibuca etxaldeko Lenca etniako nerabeen haurdunaldiak murriztea da.

Horretarako, ASODOC (Hondurasko Mendebaldeko Garapeneko Elkartea) eta AMIR (Intibuca Emakume berrituen elkartea) tokiko erakundeak, Intibuca udalerriko hezkuntza-establezimenduetako irakasleekin lan egingo dute, Osasun Ministerioarekin koordinatuta, nerabeei zuzendutako sexu-hezkuntzako programa aktibo batean parte hartuz.

Genero ikuspegia duen proiektua da eta lankidetza, osasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenean kokatuta dago. Sexu bietako gazte eta nerabeei eta beraien aita eta amari zuzendua dago eta osasunaren parte-hartze sozialaren indartzea eta haurdun dauden nerabeen arazoen inguruko sentsibilizazioa helburu gisa adierazten ditu, bere murrizketa laguntzeko.

Kalkulatu denez, proiektuaren kostu osoa 9.299,92 eurokoa da. Iurretako Udalari %53,30a eskatu zaio, hau da, 4.953,16 €; tokiko elkarteak % 36.90ko ekarpena egingo duelarik eta GKE-ak %9,80a.

Generoan Oinarritutako Biolentzia Sexualaren aurkako borroka KEDan eta Euskadin

Basaurikoa bezalako udaletxeei, eta beste erakunde kolaboratzaileei esker, medicusmundi biziakaiak Generoan Oinarritutako Biolentzia Sexualaren (GOBS) eta emakume zein nesken aurkako diskriminazioaren aurka komunitateak eta aginte politiko-administratiboak mugiarazteko lanean jarraitzen du, bai Hegoaldean eta baita Iparraldean ere.

Erdialdeko Kongo da biolentzia sexual indizerik altuena duen zonaldea Kongoko Errepublika Demokratikoan; azken 20 urteetako borroka armatu etengabearen ondorioz 6 milioi pertsona baino gehiago izan dira erailak, eta giza eskubideak behin eta berriro izan dira urratuak. Testuinguru honetan, bortxaketa momentu oro erabili da biztanleria zibila ikaratzeko. Baina emakumeen aurkako biolentzia eta diskriminazioa herrialdearen errealitate sozial da, borroka armatuz haratago doana. 

medicusmundi bizkaiak 2004tik dihardu herrialde afrikarrean lanean, tankera ezberdinetako proiektuak garatzen: alfabetizazio funtzionala, pobreziaren aurka borroka diru-sartzea eragiten dituzten ekintzak bultzatuz eta malnutrizioarekin bukatzeko ospitale zein komunitateetan ura, saneamendu eta higiene egoerak hobetzeko ekintzak burutzen.
2011an Sexu eta Ugalketa Eskubideen inguruan hasi zen lanean, Kongo Zentraleko gune landatarretako emakumeekin batera, batez ere Kasangulu eta Madimba eskualdeetan; Masa eta Sona Bata osasun zonaldeetan.

medicusmundi bizkaiaren esku-hartzea esparru honetan, dagoeneko herrialdean existitzen den legedian oinarritzen da, genero auzietan zer esana duten aktoreak integratuz, eta lan-sareak eta komunitateen sentsibilizazioan oinarrituz. Horretarako, burututako proiektu ezberdinen helburu komuna GOBSren aurka komunitateak eta aginte politiko-administratiboak mobilizatzea izan da.

Garatutako proiektuek Osasun Sistema Publikoa indartzea dute helburu, horrela sexu biktimei arreta egokia emango zaiela bermatzeko, eta zonaldeko emakumeei Sexu eta Ugalketa Osasunean barneratzeko. Proiektuetan, biktimek familia eta komunitateen aldetik sufritzen duten estigmatizazioaren aurka ere lan egiten da, halaber beraien birgizarteratze sozio-ekonomikoa bezala.

Kontrol lurraldea
Emakumearen gorputza kontrol lurralde bat da; biolentzia guztiz naturalizaturik dago: adostutako ezkontzak, lagunarteko hitzarmena bortxaketa kasuetan, osasun arreta ukatzea…”, komentatzen zuen Marian Sanz, medicusmundi bizkaiako KEDan lankidetza arduraduna, azaroaren 22an Basauriko Marienea emakumeen etxean egin zen jardunaldi informatiboan.

Basaurikoa bezalako udaletxeei esker, medicusmundi bizkaiak Masa eta Sona Batako komunitateak eta aginte politiko-administratiboak mobilizatzea helburu duten prozesuei jarraipena eman ahal die.

Ekintza hau Jeunes Paysans en Action, biolentzia sexualetik bizirik atera diren emakumeek osatutako tokiko erakunde bazkidearekin batera burutzen da. Erakunde honek gainera salatuak ez diren edo salatuak diren baina erantzuna ez duten GOBS kasuak ere identifikatzen laguntzen du.

Emakumeek herrialdean sufritzen duten egora gogorra den arren, Sanzek egoera hau hobetzeko aurrerapausoak ematen ari direla kontatu zuen: “gutxika gutxika, estrategia ezberdinen bitartez, esparru legalak babesa ematen die biktimei, baina testuinguru kultural eta sozialak oztopo handia suposatzen du oraindik”.

Hemen ere
Herrialde afrikarrean emakumeen aurkako biolentzia nolakoa den kontatzeaz gain, topaketa honetan zehar, Ana Abasolo, Euskal Medikuntza Lege Institutuko auzitegietako medikuak ere parte hartu zuen, erakunde publikoek emakumeen kasuak identifikatueta tratatzeko jarraitzen dituzten prozedurak azalduz.

“Biolentzia fisikoa antzemateko errazena da, ikusi daitekeelako, baina arazoa forma ilunagoetan dago, askotan ez direlako lehen bistan ikusten, biolentzia ekonomikoa adibidez”, azaldu zuen Abasolok egiten dituzten ekintzei erreferentzia eginez.
Bere lanean osasun zerbitzuekin koordinatzea berebizikoa dela aitortu zuen, kasu bakoitzaren nondik norakoak aztertzeko, alkoholismo, droga edo antzeko arazoak existitzen diren jakiteko adibidez.“Nire arrisku balorazioetan datu klinikoekin egiten dugu lan, biktima eta erasotzaileen historia klinikoetara sartuz”.

Bestalde, Abasolok biolentzia honek haurrengan duen eragina ere azpimarratu zuen, biolentzia hau zuzenean beti jasan ez arren, seme-alabengan eragin zuzena duela frogatuta dagoela adieraziz. Tratu txar emaile gehienek beraien inguruan biolentzia bizi izan dutela ziurtarazi zuen.

Azaroaren 22an egin zen hitzaldiarekin batera, Marienea Basauriko emakumeen etxean emakumeen aurkako indarkeria ardatz zuten Txelu Angoitiaren argazki erakusketa bat eta bi tailer antolatu zituen medicusmundi bizkaiak.

Tailerrei dagokienez, azaroaren 27an Mujeres en la Diversidad elkarteak Basauriko emakume etorkinenganako indarkeriari buruzko tailer bat eman zuen, eta 28an Skolastikako Josune Muñozek emakumeenganako indarkeria Europako eta Latinoamerikako komikietan ikustarazi zuen.

Getxoko komiki-lehiaketa – Nire gorputza, nire erabakia, hemen zein hegoaldean

Ez da bilauen aurka borrokatu behar, abentura exotikorik izan behar edo traje esturik jantzi behar komikiko emakume-heroi bat izateko. Emakumeek bizitzen duten egunerokotasunaren ondorioz, zorigaitz zenbatezinei egin behar izaten diete aurre, eta hortaz, berdintasunaren aldeko, indarkeriaren aurkako eta biziraupen hutsaren aldeko istorioen protagonista bihurtzen dira.

A2-cartel-concurso-comic

medicusmundi Bizkaian istorio benetan egiazko horiek komikiaren mundura eraman nahi ditugu, eta Quinok bere garaian Mafaldarekin egin zuen moduan, bineta eta ilustrazioa emakumeen eskubideak aldarrikatzeko tresna bihurtu nahi ditugu.

Horretarako, azaroan, Nire gorputza nire erabakia hemen zein hegoaldean izeneko komikiko bineta-lehiaketa egingo dugu, epaimahaiak ondoen balioesten duenarentzako eta tokiko emakumerik onenarentzako sariekin.

Aurkezten diren lanen gaiak emakumeek munduan duten errealitatearekin lotu beharko dira, bai gure ingurunerik hurbilenean, bai munduko beste hainbat tokitan. Honako gai hauek jorratu beharko dira, besteak beste: emakumeen aurkako indarkeriak, eskubideen urraketak, matxismoa, etab.

Lanak medicusmundi bizkaiaaren bulegora bidali beharko dira, Begoñako Andramari kalea 20, behea, 48006 Bilbo, Bizkaia helbidera.

Bases concurso comic ampliado.

 

 

Guatemalan egondako euskal gazte lankideei elkarrizketa

Euskadiko Gazteak Lankidetzan genero indarkeria jaso duten Guatemalako emakumeekin lanean

Begoña eta Garazi Guatemalako Chimaltenango hirian izan dira medicusmundi bizkaiak eta Asogen elkarteek kudeatzen duten genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako aterpetxe baten lanean, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker.

Gazte biek udako hiru hilabeteak eman dituzte Guatemalako hegoaldean dagoen Chimaltenango herrian, medicusmundi bizkaia eta ASOGENek genero indarkeria jaso duten emakumeekin lanean. Begoña de Diego eta Garazi Bueno, erizaina bata eta hezitzailean bestea, esperientzia izugarria bizi izan dutela aitortzen dute, eman zezaketena baino askoz gehiago hartu dutela diote eta begiak irekitzeko balio izan dien esperientzia bat izan dela azaldu dute. Egoera aldatzeko testuingurua oso zaila den arren, beraien presentziak indarkeriaren aurrean emakume askoren ikuspegia zabaltzeko balio izan duela ere diote.

Euskal Gazteak lankidetzan / jovenes vascos cooperantes

Lankideak tailer batean aterpetxeko emakumeekin lanean

Biolentziatik Bizirik Atera diren Emakumeen Laguntza Osorako Zentroan (CAIMU gaztelerazko silabak), Chimaltenango inguruko indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei, ikuspegi feministatik ahalduntze eta esku-hartze estrategia ezberdinak dituzten laguntza medikoa psikologikoa eta legala ematen zaie.

Nolakoa izan da zuen esperientzia hiru hilabete hauetan?

Begoña de Diego: “Bidai honetan Guatemalako hainbat gauzaz konturatu naiz, nituen eskema guztiak apurtu zaizkit; bueltatu eta egunak pasatu ahala konturatzen zara askoz gehiago ekarri duzula, han utzi duzuna baino. Gainera, bertan nengoenean gauza asko ulertu nituen: beraien ohiturak, gauzak egiteko eta ulertzeko modua… baina gehien hunkitu ninduena herrialdeko pobrezia izan zen. Bertako pertsonek bizi izan dituzten bizipenak ezagutzea, han bizi duten txirotasuna, eta nahiz eta burua zabalik izan han gertatzen diren gauza askoren zergatia ez nuen ulertzea lortu”.

Oroitzapen batekin gelditu beharko bazineten, zein izango litzateke?

Garazi Bueno: “Guatemalatik ekartzen ditudan sentipenak asko dira, usaina, emakumeak entzutea, baina oroitzapen batekin gelditu beharko banintz, elkartera heldu zen azken egunean emakume taldearekin egin genuen tailerra aukeratuko nuke. Gure artean sortu zen lotura eta konfiantza momentu hura oso hunkigarria izan zen. Barre eta negar egin genuen, bakoitzak bere bizipenak azaldu zituen eta bata bestearekin elkar ulertu genuen. Hori da gordetzen dudan oroitzapenik onena”.

Begoña de Diego: “Atzerrian boluntariotza bat egin behar dela esaten dute askok, honek bizitza aldatzen dizun esperientzi bat dela. Eta horrela da, egunero esperientzia berri bat edo proba berri bat izaten zen. Batzuetan nire buruari galdetzen nion ea benetan norbaiti laguntzen ari nintzaion, edo ez nuen nire lekua aurkitzen. Denetarik izan dugu, baina orokorrean bidai hau, pertsona bezala eraldatu nauen inflexio puntu bat izan da. Niretzako boluntariotza hau berebiziko esperientzia izan da, pertsonengana, beste bizimodu batzuetara, eta kultura eta testuinguru berrietara hurbildu auelako”.

Gauza asko ikusiko zenituzten han zer egin zitzaizuen bereziki gogorra?

B.D.: “Emakumearen testuingurua oso ezberdina da han, hemengoarekin konparatuta. Biolentzia maila oso altua da, hemengoarekin alderatuta, eta hainbat testuingurutan; gainera ASOGENeko erabiltzaileen %80a adin txikikoak dira, baina hortik kanpo ere emakumeenganako biolentzia oso nabarmena da, azkenean konturatzen zara Guatemalako emakume guztiek nolabaiteko biolentzia jaso dutela: bortxaketak, gizonak jipoitzen duen emakumea, alaba haurdun gelditu dela eta aitak alde egin duena… Azkenean emakumeenganako biolentzia kronikoa dela konturatzen zara, naiz eta hemen ere biolentzia bizi, han beste maila batekoa da. Guatemalaren kasuan gainera, pobrezia bezalako faktoreek ere indarkeria hori areagotu egiten dute”.

G.B.: Biolentzia eguneroko zerbait dela ematen du, normalizatuta dago. Azkenean emakumeen egunerokotasuna matxista dela konturatu ginen, bertako emakumeekin bazkaltzen edo lanean geundenean. Lakan (errota) hamar orduz lanean egon ondoren, etxera heltzean emakumeek senarren gaitzespenak entzun behar dituztela kontatzen ziguten. Biolentzia eremu guztietan dago, bai lanean eta baita etxean ere, familiaren barruan kasu askotan emakumeek bere erabaki propioak hartzeko ezintasun hori ikusi genuen. Pobreziaz gain, gero indigenen faktorera ere dago, emakumea izateaz gain indigena izateak diskriminazio hori asko areagotzen du”.

Panorama latz horren aurrean, nola ikusten dituzue aldatzeko aukerak?

B.D.: “Gauzak aldatzeko testuingurua oso zaila dela uste dugu, nahiz eta beraiek kontzientziatuta egon eta gauzak aldatu nahi dituzten, beraien inguruneak ez die mesede egiten. Egiten genituen lan taldeetan ikusten genuen beraiek dagoen biolentziaz ohartzen direla, baina gero oso gutxi dira benetan salaketak jartzen dituztenak. Eta horrek ere harritu egiten gintuen. Hala ere gure ikuspegiak begiak zabaltzen dizkietela aitortzen zuten askok. Gu bezalako bi emakume gazte bertara hiru hilabetez joateak asko harritzen zieten”.

G.B.:  “Hemen ere matxismo asko egon arren, positiboa da hemen dugun bizimodua beraiei helaraztea. Hemen bortxaketak eta matxismoa egon arren, ez dela han bezala normalizatzen. Emakumeek eskubide batzuk ditugula, erabaki dezakegula, etxetik kanpo lan egin dezakegula… Nire ustez beraientzat positiboa zen beste bizimodu batzuk daudela ikustaraztea. Emakumeok gure erabaki propioak hartu ditzakegula”.

Euskal Gazteak lankidetzan / jovenes vascos cooperantes

Begoña eta Garazi, ASGOENek eta medicusmundi bizkaiak kudeatzen duten aterpetxean

Bertara doazen lankideen eta Guatemalako elkarteen lana nola ikusten duzue?

G.B.: “Uste dut ASOGEN elkartetik egiten ari diren lana komunitatearentzako berebizikoa dela, eta jarraitu behar dutela uste dut, medicusmundi bizkaia eta beste ONGD batzuen laguntzari esker egiten ari diren lana askorako balio duelako”.

Beste norbaiti bertara joateko gomendatuko zenioke?

G.B.: “Bai, azkenean pertsona bezala hazteko aukera bat delako; ez bakarrik maila profesionalean baizik eta maila pertsonalean izugarrizko ikasketa delako”.

B.D.: “Boluntario bezala izan dudan lehen esperientzia da, baina seguru nago ez dela azkena izango. Mundu osoari gomendatuko nion, esperientzia oso atsegingarria delako, eta bizitza osoan gogoratuko duzun esperientzia bat delako”.

Gure gorputzaren desjabe

Kalean topatu ginen adiskidearekin, emakumea bera, eta bete-betea zekarren gorputza: heren bat amorruz, beste heren bat tristuraz, eta azken herena, berriz, larridura hutsez. Espero dut, aurpegi ezagun eta feministekin aurkituta, gutxien-gutxienik indarrez beteko zitzaiola gorputzean libre geratzen zitzaion azken zirrikitu hura, atakari aurre egiteko. Halako egoeren aurrean, gure buruan sinetsi besterik ezin dezakegu egin. Goiz hartan bertan, Bilboko erietxe publiko batean, emakumeak bere osasunari buruzko galderak egin eta, antza, egokitu zitzaion ginekologoa, gizona bera, presiopean sentitu ei zen:

–Eta, diagnostikatu didazuen hauxe, zera, nondik etor daiteke?– halaxe galdetu bide zuen emakumeak, ausart halakoak.
–Barkatu, polit hori, baina honen guztiaren errua zurea da. Neu ari naiz konpontzen saiatzen.

Emakumearen aurpegian txundidura, mina, babesgabetasuna. Kontsultan bakar-bakarrik egonda, nola egin aurre halako egoera bati? Eginkizun zaila zen, beraien biengandik haragoko itzala baitzuen elkarrizketa hark. Kontsulta hartako mahai gainean gauza zabalago bat zegoen, emakume onak eta txarrak bereizten dituen muga klasikoa: putak eta santuak, guztia merezi dutenak eta ezertxo ere merezi ez dutenak, beraiengandik espero dena egiten dutenak eta egiten ez dutenak. Emakume hura, patriarkatuaren iritzian eta irizpidean, ez omen zen emakume on bat. Zergatik eta bere gorputzaren erantzukizuna hartu nahi zuelako, bere osasunari zer gertatzen zitzaion ulertu nahi zuelako; zergatik eta arduratu zelako.

Medikuaren atrebentzia izugarriari helduta, kontuan hartu behar dugu gure gizartean ez daukagula ohiturarik gure osasunaren gaineko ardura hartzeko, kasuan kasuko sendagilearen hitz sakratua zalantzan jartzeko eta hari galderak egiteko, eta, hala, medikuak ohituta daude gure osasunari buruzko epai zalantza ezinak ematera; beste alde batetik, mediku horren hitzek gizartearen iritzia ere islatzen dute, emakumeoi oraindik orain zigor soziala ezartzen baitzaigu gure sexualitateak ez badu bat egiten ezarri zaizkigun bide eta ereduekin. Onerako eta txarrerako, goitik eta behetik, emakume on batengandik espero denarekin bat egiten ez duten sexualitate-molde guztiak zigortzen dira. Espektatibak ez dira beti igualak eta hamaika modutan agertzen dira. Zenbait gizarte-kontestutan, sexuaz modu aktiboan gozatzen ez duten emakumeak zigortzen dituzte, eta “frigidotzat” jo; beste kasu batzuetan, berriz, guztiok barruan daukagun epaile moral horrek besteak zigortuko ditu, beren sexualitateaz aske gozatzen duten emakumeak, bikotekide egonkorrik eta horrelakorik edukitzeko inongo asmorik ez daukatenak. Haiei egokituko zaie puten erreinua. Eta zer esan gizonekin sexu-harremanik ez dugun emakumeoi buruz: guretzat, ostrazismoa.

Mila bider nahiago nuke aipatu dugun ginekologo horren jarrera salbuespena balitz; ez da hala, ordea. Orain dela zenbait urte, Giza Papilomaren Birusari buruzko erreportaje bat argitaratu genuen Pikara Magazinen, eta erreportajearen autoreak antzeko egoerak aletu zituen: “Lasaitu zaitez, honezkero nahikoa egin duzu eta”, halaxe esan omen zioten GPB diagnostikatu zioten emakume bati. Beste kide batzuei gaia aipatu eta sekulako sorpresa hartu dut. Tira, ez hainbeste. Kide horietako bati antisorgailuak hartzeko gomendatu zioten orain dela gutxi, baina ez zioten ezer azaldu nahi izan pilula horiek ekar zitzaketen albo-kalteei buruz; beste bati, berriz, monogamoa izan dadila aholkatu diote, arazoak saihesteko, eta nik neuk gogoan daukat oraindik nola atera zen nire lagun min bat larrialdietatik, biharamuneko pilula eskatu ostean. Beste adiskide bat, berriz, negar batean atera zela ginekologoaren kontsultatik, mesedez eskatuz ez ziezaiotela berriro harengana bidali. Erabateko zigorgabetasunean gertatu da hori guztia, zeren, emakumeok ez baikara geure gorputzon jabe. Hainbat faktore sozialek, hala nola kulturak, politikak eta ekonomiak ezartzen diguten indarkeria sinbolikoa tarteko, geure gorputzez desjabetu gaituzte. Feminismoak, ordea, geure gorputzetara itzultzeko txartela ematen digu, gure desira eta bizitzara itzultzeko txartela. Bidaia zaila eta nekeza da, baina argi izan: iritsiko gara helmugara.

Aurten, oraingoz, 45 emakume hil dituzte beren bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta ezin dugu zehatz-mehatz jakin zenbat emakume gehiago akabatu dituzten generoarekin lotutako arrazoiengatik; hala ere, gaur egun, zaila gertatzen zaigu oraindik ere herritarrei hauxe ulertaraztea, genero-estereotipoek gure bizipen guzti-guztiak zeharkatzen dituztela. Hazten ari garela, sinetsarazten digute gure gorputzen helburua ez dela soilik guri eustea, ezpada besteren atsegineko izatea; bizi garen testuinguru politiko eta sozialak ez du gure sexualitatearen autonomia aitortzen; erditzeak guztiz medikalizaturik daude eta hilekoa, berriz, estigma handi bat da; instituzio publiko eta erlijiosoek modu sistematikoan erabakitzen dituzte gure sexu- eta erreprodukzio-eskubideen gainekoak, eta, azken adibide bat ematearren, emakumeen gorputzak mutilatu egiten dira –oso modu ezberdinetan, kultur testuinguruaren arabera–. Jarrera horiek denek, eta beste hainbatek, argi erakusten digute osasungintzaren arloan ere behar ditugula hori guztia ulertzen duten langileak, hots, bizi garen egoera soziopolitikoak gure osasunari zuzenean eragiten diola konprenitzen duten langileak, eta egunean hiru aldiz feminismo apur bat hartzeko aholkatuko digutenak.

 

Artikulu hau Pikara Magazinek egin du, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen hezkuntza, osasuna eta komunikabideen sektorearen indarkeria sinbolikoa kudeatzeko proiektuaren baitan.

Azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna

Hurrengo azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. medicusmundi bizkaiatik emakumeen kontrako edozein biolentzia motarekin amaitzeko lan egiten dugu, bai Hegoaldeko herrialdeetan, baita Bizkaian ere.

Hori dela eta, egun honetan kalera ateratzera animatzen zaituztegu, egiten diren manifestazioetan parte hartu ahal izateko. Izan ere, badakigu borroka eguneroko gauza dela eta, horregatik, ezinbestekoa da indarrak batzea eta emakumeen alde eta edozein motatako biolentziaren kontra daukagun konpromisoa ikustaraztea.

Beste behin ere medicusmundi bizkaiak Santurtzitik Bilbora lasterketan parte hartuko dugu

Azaroaren 26an Santurtzitik Bilbora XXIX. lasterketa ospatuko da eta medicusmundi bizkaiako kideak bertan izango gara, lasterketako 4.000 parte hartzaileekin batera mundu guztiarentzako bizimodu osasuntsu baten aldeko mezua zabaltzeko. Aurten izen emate bakoitzeko euro bat medicusmundi bizkaiak Kongoko Errepublika Demokratikoan nerabeen Sexu eta Ugalketa Eskubideak babesteko garatzen ditugun proiektuetara bideratuko dira.

santurce-bilbao-2017-cartel2004 urtean hasita, medicusmundi bizkaiatik zenbait proiektu bultzatzen hasi ginen, Kongoko Errepublika Demokratikoko osasunerako azpiegituren hobekuntzan, ura eta saneamenduan, eta osasun zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen gaitasunak indartzen. Lehen fase honetan Kinshasa probintzian egin genuen lan, baina 2011tik aurrera gure esku-hartze eremua Kongo Erdialdera zabaldu genuen, gure lan-lerroak emakumeen eskubideen ingurura bideratzen; genero indarkeriaren prebentzioan eta sexu biolentziatik bizirik irten diren pertsonen laguntzan bereziki. Honekin batera, aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak, haurren osasuna eta ingurumenaren egoera babesten dituzten proiektuak ere garatu ditugu.

Urte hauetan zehar tokiko erakundeekin batera egin dugu lan, Sexu eta Ugalketa Eskubuideen (SUE) inguruko proiektu eta ekintzak bultzatzen. Zentzu honetan osasun zentroetako langileen gaitasunak indartu ditugu, bai eremu publikoan eta baita elkarteen eremu tradizionalean ere, azpiegiturak eta osasun zentroen ekipamendua hobetzen, sexu biolentzia jasan duten pertsonek behar duten arreta izan dezaten.

presentación santurce bilbao

Santurtzitik Bilbora lasterketaren aurkezpena, Santurtziko kultur etxean

Zentsu honetan, medicusmundi bizkaiaren helburua sexu biolentzia saihesten duten zerbitzuak ematea da, nerabetik guraso goiztiar izatera ez pasatzeko, Konogoko eremu honetako emakumeek beraien egoera sozio-sanitoria garatu ahal izateko, modu honetan beraien boterea sendotuz eta honela herrialdeko garapenean parte hartzeko aukera gehiago izan ditzaten.

 

Hemen Prentsa Dossierra informazio guztiarekin.

KEDan malnutrizioa sahiestu eta osatzeko aurkeztu dugun proiektua aurkezten dizuegu

medicusmundi bizkaiak Kongoko EDko Biyela eskualdeko haurrek bizi dituzten malnutrizio arazoak saihestu eta osatzeko proiektua aurkeztu du. 

 

Beste urte batez, medicusmundi bizkaia Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzako langileek bultzatzen duten Zer0,7 erakundearen laguntza deialdira aurkeztu da. Orain erakundeko arduradunek gure proiektua bozkatu behar dute proiektua aurrera atera dadin.

Aurten aurkeztutako proiektuaren helburua, Kongoko Errepublika Demokratikoko Biyela eskualdeko malnutrizio zorrotzaren ondorioz eratorritako arazoak aurreikustea eta gaixorik dauden haurren zaintza da. Parte hartze honetan Malnutrizio Zorrotzeko Osasun Arreta (PCIMA) estrategia baliatuko dugu.

Burutuko diren ekintzek malnutrizio kasuen sentsibilizazio, ardura, antzemate eta jarraipena izango dute ardatz gisa. Honen bitartez elikatze unitateetan ospitaleratuta dauden 250 haurrei arreta zuzena eman ahal izango zaie.

Proiektua bertako BDOM erakundearekin batera burutuko da. Organizazio honek eskualdeko biztanleen maila sozio-sanitarioak hobetzeko helburua du, komunitate, osasun zentro eta ospitale mailan lan eginez.

Gaur egun dagoen higiene eta malnutrizio egoerak haurren osasunerako arrisku garrantzitsua suposatzen du KRDan

Osasun zentroetan egingo diren higiene eta saneamendu hobekuntzez gain, bertako emakumeen sentsibilizazio lanak ere burutuko dira, garbitasun ezak eragin ditzakeen arazoez ohartarazteko.

medicusmundi bizkaiak 2000. urtetik darama Zer0,7 erakundearekin batera garapen proiektuak eta proiektuak garatzen. 2016 urtean 800 haur eta haurdun zeuden 60 emakumeri laguntza eman genien, Biyela eskualdean. 2015ean jatorri hidrikoa duten gaixotasunak saihesteko lanak egin genituen, Nselo eskualdean, eta 2013an sexu biolentzia jasan zuten emakumeei laguntza eman genien.

Indarkeria matxistaren kontrako bertsoak

Joan den abenduaren 16an, “Bertsoz-Bertso Indarkeria Matxistei Aurre” bertso-saioa antolatu genuen Durangoko Plateruenan, Durangoaldeko Bertso Eskolako kolaborazioarekin.

Ekimen honekin indarkeria matxistaren manifestazio desberdinak salatu nahi dira, bai Durangon, baita Guatemala eta Ruanda bezalako herrialdeetan. Horretarako, Andereak, Bilgune Feminista, Sorgiñola eta Berbaro bezalako elkarte durangotarren laguntza izan genuen.

Gainera, nabarmendu behar da Alaia Martín, Nerea Elustondo eta Miren Artetxe gurekin egon zeudela kalitate handiko bertsoak botatzen, bertsolarismo femeninoaren aitzindaritzat hartzen den Cristina Mardarasekin batera.

Eta, azkenik, eskerrik asko gurekin egon ziren pertsona guztiei, espero dugu mota honetako ekimenak berriz egiteko aukera izatea!