Gure gorputzaren desjabe

Kalean topatu ginen adiskidearekin, emakumea bera, eta bete-betea zekarren gorputza: heren bat amorruz, beste heren bat tristuraz, eta azken herena, berriz, larridura hutsez. Espero dut, aurpegi ezagun eta feministekin aurkituta, gutxien-gutxienik indarrez beteko zitzaiola gorputzean libre geratzen zitzaion azken zirrikitu hura, atakari aurre egiteko. Halako egoeren aurrean, gure buruan sinetsi besterik ezin dezakegu egin. Goiz hartan bertan, Bilboko erietxe publiko batean, emakumeak bere osasunari buruzko galderak egin eta, antza, egokitu zitzaion ginekologoa, gizona bera, presiopean sentitu ei zen:

–Eta, diagnostikatu didazuen hauxe, zera, nondik etor daiteke?– halaxe galdetu bide zuen emakumeak, ausart halakoak.
–Barkatu, polit hori, baina honen guztiaren errua zurea da. Neu ari naiz konpontzen saiatzen.

Emakumearen aurpegian txundidura, mina, babesgabetasuna. Kontsultan bakar-bakarrik egonda, nola egin aurre halako egoera bati? Eginkizun zaila zen, beraien biengandik haragoko itzala baitzuen elkarrizketa hark. Kontsulta hartako mahai gainean gauza zabalago bat zegoen, emakume onak eta txarrak bereizten dituen muga klasikoa: putak eta santuak, guztia merezi dutenak eta ezertxo ere merezi ez dutenak, beraiengandik espero dena egiten dutenak eta egiten ez dutenak. Emakume hura, patriarkatuaren iritzian eta irizpidean, ez omen zen emakume on bat. Zergatik eta bere gorputzaren erantzukizuna hartu nahi zuelako, bere osasunari zer gertatzen zitzaion ulertu nahi zuelako; zergatik eta arduratu zelako.

Medikuaren atrebentzia izugarriari helduta, kontuan hartu behar dugu gure gizartean ez daukagula ohiturarik gure osasunaren gaineko ardura hartzeko, kasuan kasuko sendagilearen hitz sakratua zalantzan jartzeko eta hari galderak egiteko, eta, hala, medikuak ohituta daude gure osasunari buruzko epai zalantza ezinak ematera; beste alde batetik, mediku horren hitzek gizartearen iritzia ere islatzen dute, emakumeoi oraindik orain zigor soziala ezartzen baitzaigu gure sexualitateak ez badu bat egiten ezarri zaizkigun bide eta ereduekin. Onerako eta txarrerako, goitik eta behetik, emakume on batengandik espero denarekin bat egiten ez duten sexualitate-molde guztiak zigortzen dira. Espektatibak ez dira beti igualak eta hamaika modutan agertzen dira. Zenbait gizarte-kontestutan, sexuaz modu aktiboan gozatzen ez duten emakumeak zigortzen dituzte, eta “frigidotzat” jo; beste kasu batzuetan, berriz, guztiok barruan daukagun epaile moral horrek besteak zigortuko ditu, beren sexualitateaz aske gozatzen duten emakumeak, bikotekide egonkorrik eta horrelakorik edukitzeko inongo asmorik ez daukatenak. Haiei egokituko zaie puten erreinua. Eta zer esan gizonekin sexu-harremanik ez dugun emakumeoi buruz: guretzat, ostrazismoa.

Mila bider nahiago nuke aipatu dugun ginekologo horren jarrera salbuespena balitz; ez da hala, ordea. Orain dela zenbait urte, Giza Papilomaren Birusari buruzko erreportaje bat argitaratu genuen Pikara Magazinen, eta erreportajearen autoreak antzeko egoerak aletu zituen: “Lasaitu zaitez, honezkero nahikoa egin duzu eta”, halaxe esan omen zioten GPB diagnostikatu zioten emakume bati. Beste kide batzuei gaia aipatu eta sekulako sorpresa hartu dut. Tira, ez hainbeste. Kide horietako bati antisorgailuak hartzeko gomendatu zioten orain dela gutxi, baina ez zioten ezer azaldu nahi izan pilula horiek ekar zitzaketen albo-kalteei buruz; beste bati, berriz, monogamoa izan dadila aholkatu diote, arazoak saihesteko, eta nik neuk gogoan daukat oraindik nola atera zen nire lagun min bat larrialdietatik, biharamuneko pilula eskatu ostean. Beste adiskide bat, berriz, negar batean atera zela ginekologoaren kontsultatik, mesedez eskatuz ez ziezaiotela berriro harengana bidali. Erabateko zigorgabetasunean gertatu da hori guztia, zeren, emakumeok ez baikara geure gorputzon jabe. Hainbat faktore sozialek, hala nola kulturak, politikak eta ekonomiak ezartzen diguten indarkeria sinbolikoa tarteko, geure gorputzez desjabetu gaituzte. Feminismoak, ordea, geure gorputzetara itzultzeko txartela ematen digu, gure desira eta bizitzara itzultzeko txartela. Bidaia zaila eta nekeza da, baina argi izan: iritsiko gara helmugara.

Aurten, oraingoz, 45 emakume hil dituzte beren bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta ezin dugu zehatz-mehatz jakin zenbat emakume gehiago akabatu dituzten generoarekin lotutako arrazoiengatik; hala ere, gaur egun, zaila gertatzen zaigu oraindik ere herritarrei hauxe ulertaraztea, genero-estereotipoek gure bizipen guzti-guztiak zeharkatzen dituztela. Hazten ari garela, sinetsarazten digute gure gorputzen helburua ez dela soilik guri eustea, ezpada besteren atsegineko izatea; bizi garen testuinguru politiko eta sozialak ez du gure sexualitatearen autonomia aitortzen; erditzeak guztiz medikalizaturik daude eta hilekoa, berriz, estigma handi bat da; instituzio publiko eta erlijiosoek modu sistematikoan erabakitzen dituzte gure sexu- eta erreprodukzio-eskubideen gainekoak, eta, azken adibide bat ematearren, emakumeen gorputzak mutilatu egiten dira –oso modu ezberdinetan, kultur testuinguruaren arabera–. Jarrera horiek denek, eta beste hainbatek, argi erakusten digute osasungintzaren arloan ere behar ditugula hori guztia ulertzen duten langileak, hots, bizi garen egoera soziopolitikoak gure osasunari zuzenean eragiten diola konprenitzen duten langileak, eta egunean hiru aldiz feminismo apur bat hartzeko aholkatuko digutenak.

 

Artikulu hau Pikara Magazinek egin du, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen hezkuntza, osasuna eta komunikabideen sektorearen indarkeria sinbolikoa kudeatzeko proiektuaren baitan.