“Osasunerako sarbide unibertsalaren aldeko borrokan jardutea arlo publikotik baino ez da posible”

“Osasunerako  sarbide  unibertsalaren  aldeko  borrokan  jardutea  arlo  publikotik  baino  ez  da  posible” Image

Pasa den ekainaren 1ean Nayib Bukele El Salbadoreko presidente izendatu zuten. Bere izendapenak FLMNren irteera ekarri du ezinbestean. Azken 10 urteetan agintean egon den alderdia da eta El Salbadoreko osasun-sistema publikoaren erreforma garrantzitsua martxan jartzea izan du helburuetako bat. Osasun Politiken ministro orde zenak, Eduardo Espinozak, Bilbon antolatu genuen “Osasuna eta Politika: Eraginaren eta zaintzaren rola osasunerako eskubidearen defentsan” jardunaldietan parte hartu zuen Ricardo Mirandarekin. Miranda El Salbadoreko Politika Publikoen eta Osasun Politiken Behatokiko zuzendaria (OPPS) da, eta bien bisita aprobetxatuta, hizpide izan genuen hamarkada honetan FLMNk aurrera eramandako erreforma eta, besteak beste, osasun sistema publikoa indartzeko izan zituzten arrazoiez eta garai berri honetan osasun-sistemaren etorkizunez galdezka aritu ginen.

Has gaitezen El Salbadoreko osasunaren etorkizunari buruz hitz egiten. Presidente berriak denbora gutxi darama jardunean, ba al dakigu bere osasun-politikak zer norabide hartuko duen?

EDUARDO ESPIZOZA._ Gaur gaurkoz, dituen asmoei buruz adierazpenen bat egin du zeharka eta zer egingo duen espekulazio hutsa da. Osasun-arloan, bere gobernu plana gure alderdiaren planaren kopia da hitzez hitz eta proposamena berea balitz bezala aurkeztu dute. Planari jarraituz gero, gure gobernuak egindako erreforman sakonduko lukete, baina Osasun-Ministroak iragarri du hainbat zerbitzu osasun-pribatuari alokatuko dizkiotela eta defendatu dugunarekin talka egiten du, publiko-pribatua bikotea kaltegarria suertatzen delako osasunaren arloan: sektore pribatuari etekinak ekarri izan dizkio, herritarren osasun-eskubidea bermatzearen kalterako. Gainera, adierazi dute hainbat eskualdetan osasun talde komunitarioak desegingo dituztela. Hori horrela izateak kezkatzen gaitu.

Horren ondorioz, zuen gobernuaren apustuetako bat desegingo lukete. Badago beste neurriren bat osasun-arloan gobernu berriak arriskuan jarriko lukeena?

E.E._ Litekeena da datorren urtean denge epidemia pairatzea. Sei urte daramatzagu epidemia gabe, gizarte-zibilarekin lanean egon garelako elkarren ondoan, Babes-Zibileko Sistemarekin bereziki, baita polizia, eskola edota armadarekin ere. Denek parte hartu dute zangaluzea kontrolatzeko lanetan, birusa garraiatzen duen eltxoa, eta ez dut garbi ikusten Babes-Zibila nola arituko den hemendik aurrera. Litekeena da, garai neoliberaletan bezala, dengea ekiditeko neurriek osasun-zerbitzua berriz ardatz izatea, osasun-publikoaren esku-hartzeei jaramonik egin gabe. Garai hartan, ospitaleetan baino ez zen artatzen eta, bertara heltzerakoan, dengea larria zen. Orduan, oheak paziente horiez beteta egoten ziren eta ezin ziren dengeak jotako gaixo guztiak zaindu, ezta ospitalizazioa behar zuten bestelako gaixoak ere. Horrelako neurriak berriz hartuz gero, dengearen gorakada gertatuko da eta, horren ondorioz, paziente asko hilko dira, dela dengearengatik, dela arreta-faltagatik.

Badago, orduan, hainbat osasun-adierazleren emaitza onei buelta emateko arriskua

E.E._ Bai, eta horietako asko oso lotuta daude gizarte zibilaren ondoan lan egitearekin. Deskuidatuz gero, atzera egingo dugu adierazleren emaitza onetan, kostatu zaigunarekin… Mediku-kide ugarik esaten dute, adibidez, amaetxetako 24 orduko obstertzia-zerbitzuari esker haurren heriotza-tasa apaldu dela. Hori da adierazleak hobetu dituen faktoreetako bat. Egia esan, neurri askoren eraginez gertatu da beherakada, osasun sistema publikoa, doakoa eta eraginkorra indartu dutenak. Ginekologia zerbitzuak ez kobratzea funtsezkoa izan da. Gobernura heldu ginenean, haurdun zegoen emakumeen %50ak baino ez zuen haurdunaldiaren jarraipena egiten kontsultak, botikina eta analisi klinikoak ordainpekoak zirelako eta dirurik ez zeukana ez zen joaten. Doako zerbitzua ezarri genuenean, %50etik %98ra pasatzea lortu genuen. Berdina gertatu da osasun-zentroetako erditzeekin. Amaetxeak ondo hornitzea eta obstetrak egotea ez ezik, Osasunaren Nazio Eztabaida-guneak ondo zehaztutako neurri bat ere oso lagungarria suertatu zaigu: komunitate bateko haurdunak arin identifikatu, haiei bisita egin eta umea jaio-aurreko kontsultak egiteko konbentzitu. Horiez gain, gure erreformaren bereizgarrietako bat da amatasun-etxeen sorrera. Bertan, emakumeak artatzen dituzte aurreikusita dagoen erditze-datarako 15 egun falta arte. Ama-haurren arretarako guneetan jarduten duten profesionalek egiten dute eta amak erditzen hasten direnean, ospitaletara eramaten dituzte anbulantziaz. Neurri hori-guztiei esker, amaren hilkortasun tasarik baxuena duten Latinoamerikako bost herrien artean gaude, lehen altuenetariko bat bagenuen ere. Haurren txertaketarekin berdina gertatzen da. Mugimendu sozialek zeregin handia dute umeengana heltzeko eta txertaketa-egutegiaren jarraipena egiteko.

Behin eta berriz errepikatu izan duzue gizarte-zibilak erreforman parte-hartzea ezinbestekoa izan dela, zeregin handia izan duela eta halaxe izatea nahi izan duzuela. Osasun Eztabaida-gunea horren oinarrietako bat izan da.

E.E._ Erreformaren prozesua gizarte-zibilarekin batera diseinatu genuen eta alde zeuden taldeekin ez ezik, Alianza Nacional contra Privaticaciónekin ere egin genuen. Oso konbentzituta zeuden garai neoliberaletan aurrera eramandako borrokengatik, gizarte-asegurua pribatu bihurtzeko saiakerak egon zirenekoak. Gizarte zibila funtsezkoa izan da erreformaren diseinuan zein prozesua gauzatu denean.

Nola lortu duzue jendeak prozesuan parte-hartzea?

RICARDO MIRANDA._ Egiari zor, herritarren partaidetza eskubideak kentzen zituen gobernu baten garaian agertu zen. Osasuna pribatu bihurtu nahi zuten, Konstituzioak unibertsala dela dioen arren, eta pribatu bihurtzeko arriskuak mobilizazioak eragin zituen gizartearen maila guztietan, baita adi-adi egongo zen mugimendu soziala ere. Beraz, eskubideak ukatzen hasiz gero, mugimendua berriz indartuko da.

Esandakoaren arabera, gizarte-zibilaren “zaindari-lanak” zeregin handia izango du legegintzaldi honetan. Zer rol jokatuko du Politika Publiko eta Osasun-Politiken Behatokiak?

R.M._ Ez dago batere garbi gobernuak zer politika publiko mota eramango dituen aurrera; ez dugu iritzia osatzeko nahikoa daturik. Horregatik, ahalegin kolektiboa egin beharko dugu eta prest egon neurriak babesteko edo kritikatu eta alternatibak proposatzeko heltzen den unerako. Behatokia funtsezkoa izango da datuak beharko dituelako frogatzeko, hala gertatuko balitz, osasun-adierazletan atzera egin dugula.

Beraz, zain egoteko unea da, egingo dutenari adi egotekoa

E.E._ Zantzuak ditugu gobernuaren jardunak ez duela hauteskunde kanpainan agindutako osasun-erreformarekin bat egingo. Boterera heldu ginenean, 2009an, ia ez zegoen informazio-sistemarik, 40 ziren eta guzti-guztiak software pribatiboak ziren. Bi miloi dolaretik gorako gastua ekarri zuten, ordenagailu bakoitzeko lizentzia ordaindu behar zelako. Osasun-erreformaren lehengo neurrietako bat, hain zuzen, sistema horiek guztiak sistema bakar batean bateratzea izan zen. Urrats estrategikoa izan zen, funtsezkoa jarraipen epidemiologikoan eta, orokorrean, osasun-arloan. Sistema software librean oinarritu zen eta informazio-jakinarazpen unitateak erantsi genituela-eta, programa garatu eta osatu genuen. Gobernura heldu ginenean, 300 unitate besterik ez zegoen eta gaur egun 1000tik gora daude: osasun-sistemaren establezimenduak, zein gizarte-aseguruarenak edota osasun-militarrenak. Gaur egun dugun informazioak ondo islatzen du herriaren benetako egoera. Osasunaren Erakunde Paramerikarraren arabera, eskualdeko hiru sistema onenen artean gaude, Mexiko eta Brasilen parean. Sistema berriarekin tresna informatiko asko diseinatu ditugun arren, presidente berria baliatu da funtzionarioek sistema zaharra aiseago erabiltzen zutela eta, horren ondorioz, sistema berriak daukan potentzialitatea galduko da. Badugu, adibidez, astero bidaltzen dugun berripaper epidemiologikoa munduan zehar 80.000 erabiltzaile dituena. Software pribatibora itzuliz gero, eta erabakia iragarrita dago, horrelako lanabesak galduko genituzke, azken urtetan eraikitako osasun-sistema desegingo litzateke eta berriz ere esku pribatuek kudeatuko lukete.

Gobernuko etapa amaitu ostean, Eduardo, Behatokiko kolaboratzailea eta Alameseko koordinatzailea izango zara. Azken elkarte horrek sareek duten garrantzia erakusten du, aurrean ditugun arazoak globalak direlako. Zeintzuk dira, zure ustez, elkartea osatzen duten herrien erronka komunak?

E.E._ Kezka ugari ditugu. Adibidez, zerbitzuen pribatizazioa horietako bat da, sektore pribatuak berenganatu nahiko lituzkeenak, ospitalizazioarekin eta espezializazio-kontsultekin zerikusi daukatenak bereziki. Arlorik errentagarrienak dira eta sektore pribatua haien zelatan dago. Garai neoliberalean, medikuek aukera zuten pazienteak kontsultategi pribatura bidaltzeko, gizarte-segurantzako ilarak ekidin nahi izatera. Arlo publikoko espezialistak arlo pribatuan aritzen ziren berberak ziren, beraz, arlo pribatuan saioa kobratzen zutenez, kontsulta pribatuetara joatea gomendatzen zieten hobe artatuko zituztelakoan. Arrisku hori dago oraindik ere, edota errentagarriagoak diren ebakuntzak arlo pribatuan egiteko iradokitzea ere. Zesareak, adibidez, erditze arrunta baino garestiagoak dira eta kopuruak gora egin du, askotan beharrezkoak ez badira ere. Arretari dagokionez, arriskuak horiek dira. Horiez gain, bezeroaren ahalmen ekonomikoaren araberako aseguru pribatuak martxan jartzea ere arriskutsua da, funtsean, norberak ordain dezakeenaren neurriko osasun-zerbitzua izango duelako.

R.M._ Pribatizazio olatu handia egon da Amerika Latina osoan. Kolonbian, sare publikoa duten arren, arreta pribatizatu dute. Uruguai lehen urratsak egiten ari da…

Zer osagai gehiago duzue guztiok Latinoamerikan?

E.E._ Guztiek herri garatuetan migratzaileak dituzte. Gurean, adibidez, gure herriaren heren bat, bi miloi lagun, Estatu Batuetan bizi da. Ia guztiek arrazoi ekonomikoengatik alde egin dute eta hara heltzen direnean familiari dirua bidaltzen hasten dira. Bidalketak herriaren diru-sarrera nagusia dira, 4.500 miloi dolar urtean, hau da, Barne-Produktu Gordinaren 10%a inguru, eta herriaren egoera ekonomikoa hankaz gora jarri dute. Hasiera batean, ekonomikoa agroesportatzailea geneukan, geroago manufaktura-industria eta gaur egun zerbitzuen sektorean oinarritzen gara, biztanleriaren hiperkontsumoa ardatz duena. Oligarkiak, banku eta komertzio sektoreak kudeatzen dituenak, bidalketetako dirua berenganatu nahi du eta zelan lortu aztertzen ari dira. Horiek horrela, osasuna merkatu-hobi desiragarria bihurtu da.

Zergatik?

E.E._ Aspaldi honetan, turismoaren eta osasunaren sektoreak partzuergo baten moduan garatu dira, sektore pribatua indartzea ekarri duena. Diru-bidalketak jasotzen dituen jendeak osasun-pribatuan gastatzen du, oinarrizko premietarako erabili ordez. Oso garrantzitsua da sektore publikoa eta pribatua elkarri lotuta daudelako, bata indartuz gero, besteak okerrera egiten duelako. Horregatik, osasun-sistema publikoa punta-puntako teknologiaz hornitu dugu, amaetxeak zabaldu dira estatu osoan zehar, urrunen dauden komunitateetan osasun-langileak daude eta zerbitzu eskaintza hobetu da. Horrek denak sistema publikoa indartzea ekarri du. Badago zer hobetu oraindik, medikamentuen kudeaketa adibidez. Nolanahi ere, gaur egungo zailtasunak zailtasun, lortu dugunari esker 2009an baino askoz hobe gaude eta hobera egiteko aukerak daude, aldiz, pribatua indartzeko publikoa alde batera utziz gero, arestian aipatutako adierazleak izango ditugu berriz .

Gure mugetatik kanpoko aliantzak eratzeak ere badu garrantzia borroka mota hauetan. Zelan sortzen dituzue?

E.E._ Ondo zaindu behar da norekin egiten diren akordioak eta kooperazio-hitzarmenak. Medicusmundik egiten duen lanaren helburua da arlo publikoa indartzea: adibidez, Osasun Publikako Nazioarteko Unibertsateko ikastaroarekin, Eztabaida-gunearekin lotutako formazioak, osasun-zerbitzua sostengatzeko… Alde horretatik, harremanetan gaude elkarte pribatu batekin, irabazi-asmorik ez duena eta arlo publikoan garapenerako lankidetzan diharduena. Oso ezberdina da irabazi asmoa duten elkarte pribatuekin elkarlanean aritzea, sistemak bere zentzua galdetzen duelako, herritarrei osasun-zerbitzuak eskaintzeari uzten dio kapitala sortu eta dirua irabazteko asmoz. Horrelakoetan, zerbitzuak mozkinak izateko asmoz bakarrik eskaintzen dira zerbitzua urardotuz. Osasunerako sarbide unibertsalaren aldeko borrokan edota ekitatearen bila jardutea, arlo publikotik baino ez da posible.

Zer-nolako sareko-lana egiten du Alamesek? Zer helburu ditu?

E.E._ Alames, nolabait esatearren, mugaz gaineko elkartea da, eskualdeko herri guztietan kideak eta hainbat lan-ildo komun dituena. Horietako bat da, hain zuzen, osasun-sistemak publikoak, integralak, indartsuak eta zerga arrunten bidez finantzatuak izan daitezen aldeko borroka. Era berean, jendearen osasun-eskubidea aldarrikatzen dugu, gizarte-determinazioarekin lotuta dagoena. Alamesen gizarte-determinazioari irtenbidea aurkitu nahi diogu, “gizarte-mugatzaileei” delako horri baino gehiago, gizarte-mugatzaileak elkarri lotuta dauden osagai asko zerikusirik ez balute bezala hartzen dituelako kontuan. Askotan ekonomia-, gizarte-, ingurune-, edota mugatzaile politikoak aipatzen dira, elkarri lotuta daudela aintzat hartu gabe: gure planetan bizitzeko garapen maila jasanezina duen eredu hegemonikoa: hiperkontsumista, baliabide naturalen ustiaketan oinarrituta, harrapakaria, suntsitzailea, aldaketa klimatikoaren deskalabrura eraman gaituena. Aldaketa klimatikoa, adibide bat aipatzearren, ezin da irauli osagai guztietan esku hartu gabe, guztiak elkarri lotuta daudelako.

Azkenean, hainbat elementuek osatzen dute sistema osoa, ondo funtzionatu behar dutenak, sistemak izatez funtziona dezan. Alde horretatik, argi izan duzue osasun-arloan irtenbide intersektorialak aurkitu behar zirela.

E.E._ Halaxe da. Osasunaren Nazio Eztabaida-guneak, adibidez, intersektorialitatea zer den osasun-langileek baino hobe ulertu du. Boterera heldu ginenean, ospitalean ikusi genuen Gabonetan seiehun ume heltzen zirela suziriek erreta. Gaia konpondu nahian, estatuko pediatrarik onenak batu genituen aholku bila. Beraiek aholkatu ziguten erreduratako unitatea sortzea eta zirujau plastiko gehiago kontratatzea. Konponbide hori eman ziguten, baina Osasunaren Batzorde Intersektorialak, non osasun-langileak eta bestelakoak biltzen ziren- eta gobernuak bertan-behera utzi duena- bestelako iritzia zeukan… Erakundean osasun-arazoen osagai interesktoraliak aztertzen dira eta gizarte osoaren iritzia kontuan hartzen da. Piroteknia-ekoizpena debekatzea erabaki zen, baina Legebiltzarrak esan zuen diru-sarrera bat zekarrela, lanak sortzen zituela. Beraz, ezin izan genuen ekoizpena debekatu, baina hartu ziren neurriei esker ezbehar kopurua 120ra murriztu da. Medikuek proposatutako neurrien eraginez zaurituek arreta hobea jaso arren, kopuru berbera izango zen. Intersektorialitatea oso garrantzitsua da konponbideak bilatzerako orduan eta berriki argitaratutako liburu batean, “Reforma de salud: más allá de los servicios de salud”, argi ikusten da, medicusmundirekin eta Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziarekin (AECID) elkarlanean atera duguna.

Itzuli