Nire amesgaiztoetako lodia

Nire  amesgaiztoetako  lodia Image

Emakumeoi ezartzen dizkiguten edertasun-kanonek banaka konpondu ezin diren zenbait arazo sortzen dituzte, eta horiek errazten dituzten gizarte-egiturak ulertuz eta salatuz baino ezingo ditugu ebatzi.


Turroiaren iragarkietan ondokoa ere jaso beharko lukete: “Turroi-agintariek ohartarazten dute emakumeek gizarte-ondorio oso larriak pairatu ahal dituztela gomendatutako dosia baino gehiago janez gero.  Mundu honetan, mespretxatzen eta irrigarri uzten dira emakume lodiak”. Gauzak diren moduan, baina pasatu gabe, noski.  Urtarrila iritsi da, eta ematen du denok aipatzen dugun aldapa hori pentsatuta dagoela Gabonetako tripakadaren ondorioz irabazitako kiloak kentzeko. Gai hori askorentzat barregarria bada ere, lehen mailako garrantzia duen arazo izan daiteke beste askorentzat: lodia izateari beldur handia diogunontzat eta, beraz, gizartean baztertuta gaudenontzat, edertasun-kanon oso zehatz batzuen araberakoa baita onarpena. Emakumeen eta janariaren arteko harremana ez da txantxetan hartzeko modukoa.

Emakumeen gorputza bataila-eremu bat da baina, batez ere, edonork iritzia emateko bere esku duen orrialde zuri bat ere bada. Ikusi Pedrocheren soinekoa, urteko garai honetako klasiko bat dela ematen du.  Horren agerpena patriarkatuaren eskakizun bati edo emakumeen askatasunaren adierazgarri handienari erantzuten dion eztabaidatzeari berriro ekin gabe, argi daukat soineko hori eraman duela ez hark nahi duelako, ezta Atresmediak nahi duelako ere.  Cristina Pedrochek kanpaien berri emateko aipatutako soinekoa jantzi du barruan sartzen delako, eta emakume guztiok ezin dugu hori esan. Oso zaila egiten zait emakumeek euren gorputzekin duten harremanez hitz egitea neuk neurearekin dudanaz hitz egin gabe.  Konplexua eta mingarria da guztiz. Nire bizitzaren balantzea egiten badut, onartu behar dut hobeto sentitu naizela —eta, are gehiago, zoriontsuago ere— argalago izan naizen garaietan.  Osasun fisikoaz hitz egin dezaket eta esan dezaket hobeto sentitzen nintzela ez nuelako zailtasunik eskailerak igotzeko, baina egia dena da argal izanda erakargarriagoa naizela uste dudala, eta horrek hobeto sentiarazten nauela. Boteretsuago naizela, jabetuago nagoela, gainontzekoentzat, niretzat eta beste emakumeentzat atsegin izateko gaitasun handiagoa dudala sentitzen dut. Teoria feministen inguruan asko ikasi ondoren, orain, une honetan, argal baldin banago gehiago atsegin dudala neure burua aitortu beharra dut, ondo sentitzen naizela zapata-dendara joaten naizenean nire gerrikoetan zulo gehiago egin ditzaten eskatzera. Aspaldi, feminismoaren korronte garrantzitsu bat hasi zen gizartean pairatzen dugun gordofobia salatzen. Niregan ez dagoela esanez gero, gezurra esango nuke. Janariarekin dudan harreman hain da triste eta mingarria, ez dudala, adibidez, sexu-erakarpena sentiarazten didaten emakumeen aurrean jaten. Tontakeria dela uste duzu? Bada. Badakit gainera. Ez dut neure burua defendatuko, bakarrik aitortzen dut esandakoa neure burua barkatu ahal izateko, besteak beste. Zer gertatzen da nire baitan horrela jokatzeko? Faktore anitzen araberakoa izango da, eta horietako batzuk ezagunak ditut, beste batzuk aldiz, ezta urrunetik ere. Geureak soilik ez diren eta jaso dugun hezkuntza-moduaren ondorio diren eta mundura hurbiltzeko aukera eman diguten gure beldurretatik askatzea, ezin da banaka egin beharreko lan bat izan.  Gure gorputzarekiko dugun maitasun-gorroto harremana gizarte-guda bat da, nahiz eta gutariko norberak horri aurre egiten saiatu.

Berdin-berdinak
Gure gizartearen oinarri diren edertasun-ereduak gero eta globalizatuagoak dira. Modaren industriak Celia Amorosen “gizon berdinak eta emakume berdin-berdinak” teoria bistako bihurtu nahi duela ematen du. Filosofia horren arabera, gizonak sozialki hazi egiten dira pentsatzen euren artean berdintasunez jokatu ahal dutela, eta emakumeok, aldiz, gure helburua arketipo baten kopia berdinak izatea dela ikasten dugu, emakume baino ez garela izan behar. Eta hori ez da gutxi.  Hortaz, bizitzeko modukoa ez den mundu honen eraikuntzan, non hainbeste desberdintasun dauden, harrituta ikusten dugu edertasun-ereduak gero eta globalizatuagoak direla. Gogoratzen dut Sahararako bidaietan ezagutu ditudan emakume asko obsesionatuta daudela eguzkiaren argiarekin, eta etengabe makilatzen direla, ez dutelako euren azalen tonua erakutsi nahi. Latinoamerikako iragarkietan emakumeak zuriak, altuak eta meheak dira, horrelaxe ulertzen baita arrakasta.

Mundu luze-zabalean, berdintasun formala ia-ia lortu duten gizarteetan zein hori lortzeko bide luzea egiteke dutenetan, gure gorputzak baimenik gabe gainontzekoen iritziak, indarkeria eta zalantzak jasotzeko lekuak dira. Eta, batez ere, geuk ere jarraitzen dugu gure gorputzen gainean gure identitatea eraikitzen, gainontzekoen onarpena lortzeko, agian jakin gabe ezarritako emakume perfektuaren eredua Errege Magoak bezain irreala dela.

Andrea Momoitio San Martín, Pikara Magazine medicusmundi bizkaiarentzat
Itzuli