“Nekazaritza-kooperatiben bidez, emakumeek autokontsumoa bultzatzen dute eta erreferenteak bihurtu dira komunitateetan”

“Nekazaritza-kooperatiben  bidez,  emakumeek  autokontsumoa  bultzatzen  dute  eta  erreferenteak  bihurtu  dira  komunitateetan” Image

Otsailean medicusmundi Bizkaia eta Arabako talde batek Ruandara bidaia egin zuen, erakundeak herrialde horretan bultzatzen dituen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Bisita horretan Yon Arrieta medikuak parte hartu zuen. Arrieta orain dela 20 urte hasi zen medicusmundi Bizkaian parte hartzen, eta gaur egun erakundearen presidenteordea da. Berarekin berba egin dugu bere esperientzia ezagutzeko asmoz.

Horrelako bidaia batean parte hartzen duzun lehenengo aldia izan da. Kasu honetan, bidaia Ruandara izan da, nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia zoragarria izan da, ilusio handiarekin bueltatu naiz. Horrelako bidaia bat egiten dudan lehenengo aldia izan da, aldez aurretik beldur puntua izan dudalako, eta ez naiz sekula ausartu. Baina aitortu behar dut oso bidaia interesgarria izan dela, jende guztia oso atsegina izan da eta bidaian parte hartu dugun taldean oso gustura egon gara. Gainera, bertatik bertara medicusmundi Bizkaiak Arabako elkartearekin batera bultzatzen dituen proiektuak ezagutu ahal izan ditut. Esperientzia borobila, beraz.

Besteak beste, medicusmundik tokiko nekazaritza eta abeltzaintza kooperatibekin bultzatzen dituen proiektuak ezagutu ahal izan dituzu, ezta?

Bai, hori da, medicusmundik gaur egun emakumeez osatutako zazpi kooperatibarekin egiten du lan. Kooperatiba horietako bakoitza komunitate ezberdin batean dago: goizean talde batekin elkartu gara eta arratsaldez beste batekin. Elkarte hauek orain dela hamar urte baino gehiago sortu ziren, eta kooperatiba bezala egiten dute lan. Batez ere nekazaritza eta abeltzaintza lantzen dute, baina beste batzuek beste ekoizpen-arlo batzuk ere lantzen dituzte: saskigintza, ehungintza (eskoletako uniformeak, oinetakoak…) eta abar. Euren antolakuntza apur bat ezberdina da, baina azkenean ohiko kooperatiben filosofia dute: etekin guztiak kooperatibako kideen artean banatzen dituzte, eta horrek eragina du tokiko biztanlerian.

Zure ustez, zergatik da garrantzitsua horrelako proiektuak bultzatzea?

Nire iritziz, arrazoi nagusi bi daude. Alde batetik, ikus dezakegu kooperatibetan parte hartzen duten emakumeen bizitza-kalitatea nabarmen hobetu dela. Tokiko GKEn datu ez ofizialen arabera, Ruandako biztanleriaren %50 gutxienez muturreko pobrezian bizi da eta gosea pairatzen du. Emakumeek kontatu zigutenez, gaur egun kooperatibetako kideek eta euren inguruko senideek ez dute muturreko txirotasunik sufritzen.

Beste alde batetik, datuez harago, kooperatiben bidez emakumeen jabekuntza lantzen ari gara. Euren kooperatiba kudeatzen ari dira, tresna informatikoak erabiliz, kontu ekonomikoak eginez, eta horrek eragin handia izan du euren komunitateetan, emakume horiek erreferente bihurtzen ari direlako. Gainera, horrek ondorio oso positiboa du euren inguruan, autokontsumoa bultzatzen ari direlako, modu osasungarrian elikatzen irakasten ari direlako eta abar.

Umiltasunez esanda, ikus dezakegu aldaketa nabarmena dela: analfabetismo eta pobrezia pairatzetik, euren kooperatiba kudeatzera, autokontsumoa bultzatzera eta euren komunitatean erreferente bihurtzera igaro dira.

Horrez gain, kooperatibetan belaunaldi-aldaketa sustatzen ari zarete, ezta?

Hori da, kooperatibetan lan egiten duten emakume ugari helduak dira, eta, horregatik, emakume gazteak proiektuaren baitan lotzen saiatzen ari gara. Programa berezi bat abiatu dugu oso gazte haurdun geratu diren emakumeekin, askotan euren komunitateetan baztertuak eta estigmatizatuak izaten direlako. Euretariko batzuk sexu-erasoen ondorioz geratu dira haurdun, eta horrek bazterketa areagotzen du. Beraz, lehentasuna da emakume gazte horiek euren inguruan integratzea eta euren jabekuntza lantzea, eta hori guztia kooperatiben bidez lortzen saiatuko gara.

Aipatutako proiektuez harago, zer nolako erronkak dituzue oraintxe bertan Ruandan?

Epe ertainean, gustatuko litzaiguke kooperatiba hauek apurka-apurka autonomoagoak izatea, modu independientean lan egin dezaten arlo ekonomikoari dagokionez, eta baita gainontzeko kudeaketei dagokionez ere. Oraindik denbora falta zaigu kooperatiba hauek ekonomikoki autonomoak izateko, baina urratsak ematen jarraitzen dugu norabide horretan.

Bestalde, Ruandako bisitan aprobetxatu genuen ura eta saneamendu-sarea bermatzeko eskubidea lantzen duen elkarte batekin batzeko. Oso interesgarria iruditu zitzaigun, gainera materialen birziklapena sustatzen dutelako. Arlo hau garatzeko beste proiektu bat abiatzea baloratzen ari gara, elkarte honekin lankidetzan.

Maila pertsonalean, hau da gutxi gora-behera Ruandan aurreikusten zenuen errealitatea?

Egia aitortu behar badut, maila pertsonalean apur bat beldurtuta nengoen bidaia hasi baino lehen. Baina oso herrialde atsegina topatu dut, oso harrera ona egin digute. Kooperatibei dagokionez, beti iruditu zait oso proiektu interesgarria, eta urrunetik bada ere, nire sentsazioa izan da proiektu honek oso eragin zuzena zuela bertako biztanleengan, oso proiektu zehatza delako. Ruandan sentsazio berbera izan dut. Ilusio handiarekin joan naiz, egiten ari ginena benetan erabilgarria zela sentitzen nuelako, eta bidaia honetatik ilusio are handiagoarekin bueltatu naiz.

Imajinatzen dut ez duela inolako zerikusirik hemendik jarraipena egitea edo bertatik bertara proiektua ezagutzea…

Bai, ikuspegia guztiz aldatzen da. Nahiz eta datuak irakurri, alde handia dago datu horiei aurpegia eta sentsazioak jartzen dizkiozunean. Zure begirada aldatzen da, ezberdin bueltatzen zara. Nik orain dela 20 urteko lankidetza ezagutu dut, eta azken urte hauetan nazioarteko lankidetza asko aldatu da. Niri, behintzat, hausnarketarako atea zabaldu dit, eta lankidetzan formakuntza jarraitzeko gogoa piztu dit, agian frantsesa ikasten jarriko naiz eta guzti!

Itzuli