Geure buruak askatzeko ilustrazioak

Analfabetismoa nagusi den tokietan, hala nola Guatemalan, ilustrazioek idatzizko hitzari laguntzen diote edo hura ordezkatzen dute. laCuerda aldizkari feministan argazkiak, margolanak, grabatuak, grafitiak, collageak zein formatu teknologikoak argitaratu ditugu emantzipazio-mezuak helarazteko.

[Read more…]

“Matxismoak erail eta pobretzen du, tontatzen baitu” II. Online Ikastaroa. Izena eman!

Martxoaren 18anMatxismoak erail eta pobretzen du, tontatzen baitu. Indarkeria sinbolikoa, emakumeen gorputza eta osasuna” online ikastoaren bigarren edizioa martxan jarriko da. Bi hilabete hauetan, Faktoria Lilaren laguntzarekin, zenbait tresna garatuko ditugu, ezin ikusizkotzat ematen zitzaizkigun indarkeriak ikusteko, eta arreta berezia emango diegu komunikabideen bidez helarazitako mezuei. Izen eman martxoaren 7a arte!

[Read more…]

Emakumeen aurkako indarkeria eta komunikabideak – Jardunaldia 2018/10/25

Emakumeen aurkako indarkeriak kasu askotan komunikabideetan jasotzen duen tratamenduagatik arduratuta, eta gai honen inguruan hausnarketa bat bultzatzeko asmoarekin, medicumundi bizkaiak “Emakumeen aurkako indarkeria eta komunikabideak” jardunaldia antolatu du. Ekitaldia urriaren 25ean egingo da, Bilboko Hika Ateneoan 10:00etatik 14:00etara.

violencia contra las mujeres y medios de comunicacion - programa

Ikuspegi ezberdin baten ekarpena egiteko, ekitaldiak Maria Dolores Marroquinen parte hartzea izango du. Bera Guatemalako La Cuerda elkartetik dator, eta herrialde honetan emakumeenganako indarkeriaz eta egoera hau komunikabideetan nola islatzen den azalduko du.

Jarraian gure inguruko komunikabideek emakumeen aurkako indarkeria nola jasotzen duten aztertzeko mahai-inguru bat egingo da. Solasaldi honetan Irantzu Varela, kazetaria, feminista eta Faktoria Lilako koordinatzailea; Andrea Momoito, Pikara Magazineko koordinatzailea; Joana Etxano Mugarik Gabe erakundean Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza arduraduna eta Loreto Larunbe, EITBko kazetariak parte hartuko dute.

Eman izena educa.bizkaia@medicusmundi.es helbidera idatziz.

Getxoko komiki-lehiaketa – Nire gorputza, nire erabakia, hemen zein hegoaldean

Ez da bilauen aurka borrokatu behar, abentura exotikorik izan behar edo traje esturik jantzi behar komikiko emakume-heroi bat izateko. Emakumeek bizitzen duten egunerokotasunaren ondorioz, zorigaitz zenbatezinei egin behar izaten diete aurre, eta hortaz, berdintasunaren aldeko, indarkeriaren aurkako eta biziraupen hutsaren aldeko istorioen protagonista bihurtzen dira.

A2-cartel-concurso-comic

medicusmundi Bizkaian istorio benetan egiazko horiek komikiaren mundura eraman nahi ditugu, eta Quinok bere garaian Mafaldarekin egin zuen moduan, bineta eta ilustrazioa emakumeen eskubideak aldarrikatzeko tresna bihurtu nahi ditugu.

Horretarako, azaroan, Nire gorputza nire erabakia hemen zein hegoaldean izeneko komikiko bineta-lehiaketa egingo dugu, epaimahaiak ondoen balioesten duenarentzako eta tokiko emakumerik onenarentzako sariekin.

Aurkezten diren lanen gaiak emakumeek munduan duten errealitatearekin lotu beharko dira, bai gure ingurunerik hurbilenean, bai munduko beste hainbat tokitan. Honako gai hauek jorratu beharko dira, besteak beste: emakumeen aurkako indarkeriak, eskubideen urraketak, matxismoa, etab.

Lanak medicusmundi bizkaiaaren bulegora bidali beharko dira, Begoñako Andramari kalea 20, behea, 48006 Bilbo, Bizkaia helbidera.

Bases concurso comic ampliado.

 

 

Guatemalan egondako euskal gazte lankideei elkarrizketa

Euskadiko Gazteak Lankidetzan genero indarkeria jaso duten Guatemalako emakumeekin lanean

Begoña eta Garazi Guatemalako Chimaltenango hirian izan dira medicusmundi bizkaiak eta Asogen elkarteek kudeatzen duten genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako aterpetxe baten lanean, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker.

Gazte biek udako hiru hilabeteak eman dituzte Guatemalako hegoaldean dagoen Chimaltenango herrian, medicusmundi bizkaia eta ASOGENek genero indarkeria jaso duten emakumeekin lanean. Begoña de Diego eta Garazi Bueno, erizaina bata eta hezitzailean bestea, esperientzia izugarria bizi izan dutela aitortzen dute, eman zezaketena baino askoz gehiago hartu dutela diote eta begiak irekitzeko balio izan dien esperientzia bat izan dela azaldu dute. Egoera aldatzeko testuingurua oso zaila den arren, beraien presentziak indarkeriaren aurrean emakume askoren ikuspegia zabaltzeko balio izan duela ere diote.

Euskal Gazteak lankidetzan / jovenes vascos cooperantes

Lankideak tailer batean aterpetxeko emakumeekin lanean

Biolentziatik Bizirik Atera diren Emakumeen Laguntza Osorako Zentroan (CAIMU gaztelerazko silabak), Chimaltenango inguruko indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei, ikuspegi feministatik ahalduntze eta esku-hartze estrategia ezberdinak dituzten laguntza medikoa psikologikoa eta legala ematen zaie.

Nolakoa izan da zuen esperientzia hiru hilabete hauetan?

Begoña de Diego: “Bidai honetan Guatemalako hainbat gauzaz konturatu naiz, nituen eskema guztiak apurtu zaizkit; bueltatu eta egunak pasatu ahala konturatzen zara askoz gehiago ekarri duzula, han utzi duzuna baino. Gainera, bertan nengoenean gauza asko ulertu nituen: beraien ohiturak, gauzak egiteko eta ulertzeko modua… baina gehien hunkitu ninduena herrialdeko pobrezia izan zen. Bertako pertsonek bizi izan dituzten bizipenak ezagutzea, han bizi duten txirotasuna, eta nahiz eta burua zabalik izan han gertatzen diren gauza askoren zergatia ez nuen ulertzea lortu”.

Oroitzapen batekin gelditu beharko bazineten, zein izango litzateke?

Garazi Bueno: “Guatemalatik ekartzen ditudan sentipenak asko dira, usaina, emakumeak entzutea, baina oroitzapen batekin gelditu beharko banintz, elkartera heldu zen azken egunean emakume taldearekin egin genuen tailerra aukeratuko nuke. Gure artean sortu zen lotura eta konfiantza momentu hura oso hunkigarria izan zen. Barre eta negar egin genuen, bakoitzak bere bizipenak azaldu zituen eta bata bestearekin elkar ulertu genuen. Hori da gordetzen dudan oroitzapenik onena”.

Begoña de Diego: “Atzerrian boluntariotza bat egin behar dela esaten dute askok, honek bizitza aldatzen dizun esperientzi bat dela. Eta horrela da, egunero esperientzia berri bat edo proba berri bat izaten zen. Batzuetan nire buruari galdetzen nion ea benetan norbaiti laguntzen ari nintzaion, edo ez nuen nire lekua aurkitzen. Denetarik izan dugu, baina orokorrean bidai hau, pertsona bezala eraldatu nauen inflexio puntu bat izan da. Niretzako boluntariotza hau berebiziko esperientzia izan da, pertsonengana, beste bizimodu batzuetara, eta kultura eta testuinguru berrietara hurbildu auelako”.

Gauza asko ikusiko zenituzten han zer egin zitzaizuen bereziki gogorra?

B.D.: “Emakumearen testuingurua oso ezberdina da han, hemengoarekin konparatuta. Biolentzia maila oso altua da, hemengoarekin alderatuta, eta hainbat testuingurutan; gainera ASOGENeko erabiltzaileen %80a adin txikikoak dira, baina hortik kanpo ere emakumeenganako biolentzia oso nabarmena da, azkenean konturatzen zara Guatemalako emakume guztiek nolabaiteko biolentzia jaso dutela: bortxaketak, gizonak jipoitzen duen emakumea, alaba haurdun gelditu dela eta aitak alde egin duena… Azkenean emakumeenganako biolentzia kronikoa dela konturatzen zara, naiz eta hemen ere biolentzia bizi, han beste maila batekoa da. Guatemalaren kasuan gainera, pobrezia bezalako faktoreek ere indarkeria hori areagotu egiten dute”.

G.B.: Biolentzia eguneroko zerbait dela ematen du, normalizatuta dago. Azkenean emakumeen egunerokotasuna matxista dela konturatu ginen, bertako emakumeekin bazkaltzen edo lanean geundenean. Lakan (errota) hamar orduz lanean egon ondoren, etxera heltzean emakumeek senarren gaitzespenak entzun behar dituztela kontatzen ziguten. Biolentzia eremu guztietan dago, bai lanean eta baita etxean ere, familiaren barruan kasu askotan emakumeek bere erabaki propioak hartzeko ezintasun hori ikusi genuen. Pobreziaz gain, gero indigenen faktorera ere dago, emakumea izateaz gain indigena izateak diskriminazio hori asko areagotzen du”.

Panorama latz horren aurrean, nola ikusten dituzue aldatzeko aukerak?

B.D.: “Gauzak aldatzeko testuingurua oso zaila dela uste dugu, nahiz eta beraiek kontzientziatuta egon eta gauzak aldatu nahi dituzten, beraien inguruneak ez die mesede egiten. Egiten genituen lan taldeetan ikusten genuen beraiek dagoen biolentziaz ohartzen direla, baina gero oso gutxi dira benetan salaketak jartzen dituztenak. Eta horrek ere harritu egiten gintuen. Hala ere gure ikuspegiak begiak zabaltzen dizkietela aitortzen zuten askok. Gu bezalako bi emakume gazte bertara hiru hilabetez joateak asko harritzen zieten”.

G.B.:  “Hemen ere matxismo asko egon arren, positiboa da hemen dugun bizimodua beraiei helaraztea. Hemen bortxaketak eta matxismoa egon arren, ez dela han bezala normalizatzen. Emakumeek eskubide batzuk ditugula, erabaki dezakegula, etxetik kanpo lan egin dezakegula… Nire ustez beraientzat positiboa zen beste bizimodu batzuk daudela ikustaraztea. Emakumeok gure erabaki propioak hartu ditzakegula”.

Euskal Gazteak lankidetzan / jovenes vascos cooperantes

Begoña eta Garazi, ASGOENek eta medicusmundi bizkaiak kudeatzen duten aterpetxean

Bertara doazen lankideen eta Guatemalako elkarteen lana nola ikusten duzue?

G.B.: “Uste dut ASOGEN elkartetik egiten ari diren lana komunitatearentzako berebizikoa dela, eta jarraitu behar dutela uste dut, medicusmundi bizkaia eta beste ONGD batzuen laguntzari esker egiten ari diren lana askorako balio duelako”.

Beste norbaiti bertara joateko gomendatuko zenioke?

G.B.: “Bai, azkenean pertsona bezala hazteko aukera bat delako; ez bakarrik maila profesionalean baizik eta maila pertsonalean izugarrizko ikasketa delako”.

B.D.: “Boluntario bezala izan dudan lehen esperientzia da, baina seguru nago ez dela azkena izango. Mundu osoari gomendatuko nion, esperientzia oso atsegingarria delako, eta bizitza osoan gogoratuko duzun esperientzia bat delako”.

Gure gorputzaren desjabe

Kalean topatu ginen adiskidearekin, emakumea bera, eta bete-betea zekarren gorputza: heren bat amorruz, beste heren bat tristuraz, eta azken herena, berriz, larridura hutsez. Espero dut, aurpegi ezagun eta feministekin aurkituta, gutxien-gutxienik indarrez beteko zitzaiola gorputzean libre geratzen zitzaion azken zirrikitu hura, atakari aurre egiteko. Halako egoeren aurrean, gure buruan sinetsi besterik ezin dezakegu egin. Goiz hartan bertan, Bilboko erietxe publiko batean, emakumeak bere osasunari buruzko galderak egin eta, antza, egokitu zitzaion ginekologoa, gizona bera, presiopean sentitu ei zen:

–Eta, diagnostikatu didazuen hauxe, zera, nondik etor daiteke?– halaxe galdetu bide zuen emakumeak, ausart halakoak.
–Barkatu, polit hori, baina honen guztiaren errua zurea da. Neu ari naiz konpontzen saiatzen.

Emakumearen aurpegian txundidura, mina, babesgabetasuna. Kontsultan bakar-bakarrik egonda, nola egin aurre halako egoera bati? Eginkizun zaila zen, beraien biengandik haragoko itzala baitzuen elkarrizketa hark. Kontsulta hartako mahai gainean gauza zabalago bat zegoen, emakume onak eta txarrak bereizten dituen muga klasikoa: putak eta santuak, guztia merezi dutenak eta ezertxo ere merezi ez dutenak, beraiengandik espero dena egiten dutenak eta egiten ez dutenak. Emakume hura, patriarkatuaren iritzian eta irizpidean, ez omen zen emakume on bat. Zergatik eta bere gorputzaren erantzukizuna hartu nahi zuelako, bere osasunari zer gertatzen zitzaion ulertu nahi zuelako; zergatik eta arduratu zelako.

Medikuaren atrebentzia izugarriari helduta, kontuan hartu behar dugu gure gizartean ez daukagula ohiturarik gure osasunaren gaineko ardura hartzeko, kasuan kasuko sendagilearen hitz sakratua zalantzan jartzeko eta hari galderak egiteko, eta, hala, medikuak ohituta daude gure osasunari buruzko epai zalantza ezinak ematera; beste alde batetik, mediku horren hitzek gizartearen iritzia ere islatzen dute, emakumeoi oraindik orain zigor soziala ezartzen baitzaigu gure sexualitateak ez badu bat egiten ezarri zaizkigun bide eta ereduekin. Onerako eta txarrerako, goitik eta behetik, emakume on batengandik espero denarekin bat egiten ez duten sexualitate-molde guztiak zigortzen dira. Espektatibak ez dira beti igualak eta hamaika modutan agertzen dira. Zenbait gizarte-kontestutan, sexuaz modu aktiboan gozatzen ez duten emakumeak zigortzen dituzte, eta “frigidotzat” jo; beste kasu batzuetan, berriz, guztiok barruan daukagun epaile moral horrek besteak zigortuko ditu, beren sexualitateaz aske gozatzen duten emakumeak, bikotekide egonkorrik eta horrelakorik edukitzeko inongo asmorik ez daukatenak. Haiei egokituko zaie puten erreinua. Eta zer esan gizonekin sexu-harremanik ez dugun emakumeoi buruz: guretzat, ostrazismoa.

Mila bider nahiago nuke aipatu dugun ginekologo horren jarrera salbuespena balitz; ez da hala, ordea. Orain dela zenbait urte, Giza Papilomaren Birusari buruzko erreportaje bat argitaratu genuen Pikara Magazinen, eta erreportajearen autoreak antzeko egoerak aletu zituen: “Lasaitu zaitez, honezkero nahikoa egin duzu eta”, halaxe esan omen zioten GPB diagnostikatu zioten emakume bati. Beste kide batzuei gaia aipatu eta sekulako sorpresa hartu dut. Tira, ez hainbeste. Kide horietako bati antisorgailuak hartzeko gomendatu zioten orain dela gutxi, baina ez zioten ezer azaldu nahi izan pilula horiek ekar zitzaketen albo-kalteei buruz; beste bati, berriz, monogamoa izan dadila aholkatu diote, arazoak saihesteko, eta nik neuk gogoan daukat oraindik nola atera zen nire lagun min bat larrialdietatik, biharamuneko pilula eskatu ostean. Beste adiskide bat, berriz, negar batean atera zela ginekologoaren kontsultatik, mesedez eskatuz ez ziezaiotela berriro harengana bidali. Erabateko zigorgabetasunean gertatu da hori guztia, zeren, emakumeok ez baikara geure gorputzon jabe. Hainbat faktore sozialek, hala nola kulturak, politikak eta ekonomiak ezartzen diguten indarkeria sinbolikoa tarteko, geure gorputzez desjabetu gaituzte. Feminismoak, ordea, geure gorputzetara itzultzeko txartela ematen digu, gure desira eta bizitzara itzultzeko txartela. Bidaia zaila eta nekeza da, baina argi izan: iritsiko gara helmugara.

Aurten, oraingoz, 45 emakume hil dituzte beren bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta ezin dugu zehatz-mehatz jakin zenbat emakume gehiago akabatu dituzten generoarekin lotutako arrazoiengatik; hala ere, gaur egun, zaila gertatzen zaigu oraindik ere herritarrei hauxe ulertaraztea, genero-estereotipoek gure bizipen guzti-guztiak zeharkatzen dituztela. Hazten ari garela, sinetsarazten digute gure gorputzen helburua ez dela soilik guri eustea, ezpada besteren atsegineko izatea; bizi garen testuinguru politiko eta sozialak ez du gure sexualitatearen autonomia aitortzen; erditzeak guztiz medikalizaturik daude eta hilekoa, berriz, estigma handi bat da; instituzio publiko eta erlijiosoek modu sistematikoan erabakitzen dituzte gure sexu- eta erreprodukzio-eskubideen gainekoak, eta, azken adibide bat ematearren, emakumeen gorputzak mutilatu egiten dira –oso modu ezberdinetan, kultur testuinguruaren arabera–. Jarrera horiek denek, eta beste hainbatek, argi erakusten digute osasungintzaren arloan ere behar ditugula hori guztia ulertzen duten langileak, hots, bizi garen egoera soziopolitikoak gure osasunari zuzenean eragiten diola konprenitzen duten langileak, eta egunean hiru aldiz feminismo apur bat hartzeko aholkatuko digutenak.

 

Artikulu hau Pikara Magazinek egin du, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen hezkuntza, osasuna eta komunikabideen sektorearen indarkeria sinbolikoa kudeatzeko proiektuaren baitan.

Azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna

Hurrengo azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. medicusmundi bizkaiatik emakumeen kontrako edozein biolentzia motarekin amaitzeko lan egiten dugu, bai Hegoaldeko herrialdeetan, baita Bizkaian ere.

Hori dela eta, egun honetan kalera ateratzera animatzen zaituztegu, egiten diren manifestazioetan parte hartu ahal izateko. Izan ere, badakigu borroka eguneroko gauza dela eta, horregatik, ezinbestekoa da indarrak batzea eta emakumeen alde eta edozein motatako biolentziaren kontra daukagun konpromisoa ikustaraztea.

Gernikako udaletxeak Guatemalan berdintasun proiektuak finantzatuko ditu

Gernika-Lumoko udaletxeak, Guatemalako ASOGEN erakundeak burutzen duen proiektuari laguntza emango dio, sexu indarkeriaren biktima izan diren nerabeen eskubideak defendatzen dituen proiektua babestuz, medeicusmudi bizkaia erakundearen bitartekaritzarekin.

Proiektu honekin sexu indarkeria jasan duten 12 eta 17 urte bitarteko 33 nerabeei arreta osoa eskainiko zaie. Kolaborazio honi esker, nerabeek osasun arreta eta laguntza psikologikoa jaso ahal izango dute, epaiketa kasuetan ere aholkularitza eta laguntza jasoz. Gainera epe luzean testuinguru berrietan bere bizitza garatzeko tresnak ere emango zaizkie.

Nerabeek Chimaltenango CAIMUS (Emakumeentzako Arreta Okoso Zentroa) gunean babes osoa jaso ahal izango dute. Beraien bizitza arriskuan dagoen eta familiaren babesa ez duten nerabeen kasuetan, zentroan bertan denbora baterako hostauta ere emango zaie.

 

 

 

Guatemala Gernika ASOGEN