Las Lorocas taldeak irabazi du Gazteak Hegoaren bila lehiaketaren seigarren edizioa

Larunbat honetan, apirilak 21, Gazteak Hegoaren Bila lehiaketaren seigarren edizioko azken proba eta bukaerako jaia egin dituzte Donostian Euskadiko hiru medicusmundi elkarteek. Donostiako Parte Zaharreko kaleetan proba burutu eta gero, bertako zenbait dendaren laguntzarekin, bukaerako jaia egin zen Kresalan, eta han banatu zitzaizkien sariak talde irabazleei.

Las Lorocas taldeak eskuratu du lehen saria, alegia, Erdialdeko Amerikara bidaian joatea, non taldekideek aukera izango baitute medicusmundik han aurrera eramaten duen lankidetza-lana hurbiletik ezagutzeko. Bigarren sailkatuak, Txintxingorri taldeak, bidaiatzeko diru-laguntza bat jaso du, Espainiako estatuaren barruan edo herrialde mugakide batean elkartasunarekin eta/edo lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko helburuz.

Gazteak Hegoaren bila - jovenes en busca del sur

Las Lorocas taldea lehen saria jasotzen

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketa bi urtean behin antolatzen dute Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek (medicusmundi araba, medicusmundi bizkaia eta medicusmundi gipuzkoa), EAEko 19 urtetik 30 urtera bitarteko gazteei zuzenduta, lau kideko taldeetan parte har dezaten. Aurten lehiaketak proposatzen dituen lau proben bidez (esketx bat egitea, irrati-mezu bat grabatzea, kanta bat sortzea, eta sorpresazko azken proba), osasun-zerbitzuen erabileran gertatzen diren ekitaterik ezeko egoerez gogoeta egiteko gonbita egin zaie. Proba-formatu horien bidez, zenbait galderari erantzun behar izan diete; esaterako, ea zer rol jokatu behar duten erakundeek osasun-sistemak sendotzeko edo ea ekitaterik ezeko egoerarik dagoen osasun-zerbitzuen erabileran. Helburua, gazteak osasun-arloko ekitatearen alde mobilizatzea, maila globalean partekatutako ardura baten ikuspegitik.

Halaber, beste eragile batzuk inplikatuz sarean lan egiteko asmoz, antolakuntzak laguntza jasoko du proben ebaluazioan, Donostiako UPV/EHUko Erizaintza Eskolaren, Honduraseko Unibertsitate Nazional Autonomoko –medicusmundi bizkaiak Hondurasen lankide dituen kontraparteetako bat– familia-osasuneko taldeetako zenbait ikasleren, eta Haziak arabar musika-taldearen eskutik.

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketaren seigarren edizio hau “Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud” proiektuaren bigarren fasearen barruan kokaturik dago.

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketak 200 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu

Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek (medicusmundi Araba, medicusmundi Bizkaia eta medicusmundi Gipuzkoa) bi urtean behin antolatzen dute Gazteak Hegoaren bila lehiaketa, eta haren seigarren ekitaldian 19 eta 30 urte arteko berrehun gaztek baino gehiagok parte hartuko dute, lau kideko taldeetan.Martxoaren 5ean abiatu zen lehiaketa honetan, parte-hartzaileek gogoeta egin ahalko dute osasun-zerbitzuen erabileran gertatzen diren ekitaterik ezeko egoerez, lau proba eginez.Hori guztiaren helburua dagazteak osasun-arloko ekitatearen alde mobilizatzea, maila globalean partekatutako ardura baten ikuspegitik.

Jokoak lau proba ditu; hain zuzen, lehena dagoeneko argitaratu da www.jovenesenbuscadelsur.orgwebgunean, eta parte hartzen duten taldeak hartan ari dira buru-belarri. Proba horretan, esketx bat sortzeko proposatzen da, osasun-sistema inklusibo bat aldarrikatzeko, neurriak ezarriko dituena osasunerako eskubidea pertsona guztientzat bermatzeko, haien generoa, gizarte-klasea, ikasketa-maila edo jaioterria edozein izanik ere.

Hurrengo probak martxoaren 19an eta apirilaren 2an argitaratuko dira.Azken proba, laugarrena, apirilaren 21ean egingo da, Donostian, eta egun berean  izango da sari-banaketaren ekitaldia.Proba horietan zehar, parte-hartzaileek lehiaketaren gaiaren inguruko zenbait galderari erantzuna ematen saiatuko dira:Zer rol jokatu behar dute erakundeek osasun-sistemak sendotzeko?Badago ekitaterik ezeko egoerarik osasun-zerbitzuen erabileran? Eta abar.Sarean lan egiteko asmoz, antolakuntzak laguntza jasoko du proben ebaluazioan, Donostiako UPV/EHUko Erizaintza Eskolaren, medicusmundi Bizkaiak Hondurasen lankide dituen kontraparteen eta Arabako musika-talde baten eskutik.

Gazteak hegoaren bila

Gazteak hegoaren bila

Talde irabazleak Erdialdeko Amerikara joango da bidaian, eta aukera izango du medicusmundik han aurrera eramaten duen lankidetza-lana hurbiletik ezagutzeko.Bigarren sailkatzen den taldeak bidaiatzeko diru-laguntza bat jasoko du, Espainiako estatuaren barruan edo herrialde mugakide batean elkartasunarekin eta/edo lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko helburuz.

Gazteak Hegoaren bila sentsibilizaziorako joko-lehiaketa bat da, medicusmundik antolatua, helburu bikoitza duena:batetik, gazteen ezagutza eta interesa areagotzea Hegoaldeko herrialdeetako errealitatearen inguruan; bestetik, taldekako sortze-lana bultzatzea.Lehiaketaren seigarren ekitaldi hau “Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud. Fase II” izeneko proiektuaren barruan kokaturik dago.

“Osasuna, denon ardura”

medicusmundik Osaldek antolatu dituen osasunaren defentsan herritarren parte hartzea bultzatzeko antolatu diren jardunaldietan parte hartuko du, martxoaren 2 eta 3an.

medicusmundi arabak, medicusmundi bizkaiak eta medicusmundi gipuzkoak, OSASUNA DENON ARDURA, Osaldek eta Osasunerako Euskal Foroak antolatzen dituzten jardunaldietan parte hartuko dute.

Jardunaldien helburua, Osasunerako Euskal Foroak hasieratik landu dituen gaietan herritarren parte hartzea sartzea izango da.

Bati-bat hiru gai jorratuko dira batez ere: Giza determinatzaileen eragina, osasun sistemen egonkortasuna eta herritarren parte hartzea

Medicusmundik, Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak ikerketaren aurkezpenarekin parte hartuko dute. Ikerketa hau OPIK, Osasunerako Gizarte-Baldintzagile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak egin du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako proiektu baten testuinguruan.

Izen ematea  Osalde.org webgunearen bitartez edo op.paisvascomail.com helbidera mezu bat buidaliz egin daiteke.

Egin klik hemen programa osoa ikusi ahal izateko.

Euskadin osasungintzan egiten den gastu orokorrean lau eurotik bat finantzaketa pribaturako da.

medicusmundi “Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak” azterlanaren emaitza garrantzitsuenak aurkeztu ditu prentsa aurrekoan

portada euskaraz osasunerako mehatxuak

Egin klik irudian ikerketara sartzeko

Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud proiektuaren testuinguruan, medicusmundi GGKEak “Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak” azterlanaren emaitza garrantzitsuenak aurkeztu zituen prentsaurrekoan. Azterlan hori 2014ko abendua eta 2016ko urria bitartean egin zuen OPIK-Osasunaren Gizarte-baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeak, medicus Mundi Araba, medicus Mundi Bizkaia eta medicus Mundi Gipuzkoa erakundeek eskatuta.

Azterlan horrek ondorioztatzen duenez, EAEn gizarte-desoreka handiak daude osasunean, ikasketa-mailaren, generoaren, gizarte-mailaren edo jaiolekuaren arabera. Gizarte-desoreka horiek heredatu egiten dira eta haurren eta nerabeen osasunean eragin handia dute bai haien gurasoen ezaugarri sozioekonomikoek eta bai bizi diren etxebizitzenek ere. Adibide gisa, bizi-itxaropena handitu egiten da ikasketa maila handitu ahala, eta halaber, bizi diren lurraldearen arabera ere aldatu egiten da.

Euskal osasun-sistemak estaltzen ez dituen edo zati batean bakarrik estaltzen dituen zerbitzuak desoreken iturri garrantzitsu dira EAEn duten erabilerari dagokionez. Dentistaren zerbitzua eskuratzeko orduan, esate baterako, desoreka nabarmenak antzeman dira, kontsultak maizago izaten direlako egoera sozioekonomiko hobea duten pertsonen artean, bai gizonen eta bai emakumeen artean ere.

Finantzatzioari dagokionez, txostenak dio finantzaketa pribatuak osasun alorreko gastu osoan duen ehunekoa % 26,8an kokatzen da EAEn, Europa iparraldeko herrialde gehientsuenen oso gainetik, hala nola Herbehereak, Danimarka edo Norvegia, ehuneko hori % 15aren inguruan baitabil. Pribatizazio-maila handiagoa edukitzearen arrazoia, hain zuzen ere, etxeek osasunaren finantzaketan egiten duten gastu zuzenaren ehunekoak argituko luke. Horrelako gastu batek duen ehunekoari bakarrik begiratuz gero, EAEn dugun ehunekoa, gainerako herrialdeekin alderatuta, gastu pribatu osoarena baino handiagoa da. Horrela, EAEko ehunekoa (% 20,7) Herbehereak (5,4), Frantzia (6,9) edo Erresuma Batua baino nabarmen handiagoa da.

 

Beste alde batetik, aseguru pribatuak areagotzeko joera dagoela ikus daiteke (gero eta gehiago dira osasun-aseguru pribatua duten pertsonak). Era horretan, 2015. urtean EAEn aseguru pribatua duten pertsonen kopurua % 33,3 handitu da 2003arekin alderatuta.

Estaldura pribatizatzeari dagokionez, EAEn osasun-arretan inbertitzen den diru publikoaren hamar eurotik bat enpresa edo erakunde pribatuak kontratatzeko erabiltzen da, nahiz eta kopuru horrek jaitsiera arin bat izan duen azkeneko urte hauetan.

Akutuen ospitaleek, osasun-garraioak eta buruko osasunak enpresa edo erakunde pribatuekin itundutako gastu publikoaren erdia baino gehiago bereganatzen dute.

Ikerketa honek, halaber, osasun arloko heziketa pribatizatzeak berekin dituen arriskuez ohartarazten gaitu. Osasun arloko unibertsitate-heziketa publikoa dela dio, baina osasun arloko profesionalen heziketa pribatu iraunkorra gero eta handiagoa dela gaineratzen du. Estatu mailan, industriak osasun-heziketa iraunkorraren parte handi bat finantzatzen du (% 90).

Ondorengo esteka honetan ikerketaren argitalpena kontsultatu dezakezu:

http://www.medicusmundi.es/es/actualidad/publicaciones/publicaciones/278

http://www.ehu.eus/eu/web/opik/privatizacion-desigualdad

Honduras eta El Salvadorreko osasun sistemak eta sarbideak

Munduko herrialde ezberdinetan dauden osasun sistemak eta herritarrek hauetara duten sarbidea ikustaraziko duen dokumentala filmatzeko, medicusmundi bizkaia Ertamerikan izan da. Oraingo honetan taldea El Salvador eta Hondurasen egon da, bertako osasun sistemetan egiten ari diren erreformak aztertzen.

Osasun publikoaren maisutza arduradunekin elkarrizketa, Honduraseko osasun sistemaren erreformari buruzko iritzia ezagutzeko.

 

Red de Mujeres de P. Cortes erakundeko partaideekin eztabaida taldea

Herrialde hauetako egoera sozio-sanitarioa hurbiletik ezagutzeko, taldeak osasun zerbitzu eta ministerioetako langile eta ordezkariez gain, erabiltzaileak eta hango erakundeak ere elkarrizketatu ditu. Herritarren egoera eta beharrizanak azaleratzeko komunitateekin talde eztabaidak ere egin dituzte.

Herrialde hauetako osasun sistemak eraldaketa prozesuan aurkitzen dira, eta medicusmundi bizkaia osasunera sarbidea errazten duten gakoak aztertu ditu, osasun arloan dauden ezberdintasunak eta kezkak identifikatzen, eta konponbideak aztertzen.

Dokumentala otsailean egingo diren nazioarteko jardunaldietan aurkeztuko da, osasun sistema ezberdinen eta hauek dituzten arriskuak ikustaraziz.

 

 

El Reposoko osasun-etxea laguntzeko crowdfunding kanpainak 1300 euro behar ditu bere helburua lortzeko

Medicusmundi bizkaiko boluntario taldeak aurrera jarraitzen du bere Crowdfunding kanpainarekin, Guatemalako El Reposo herriko osasun-etxearentzat oinarrizko materiala erosteko asmoz. Kanpaina apirilaren 21ean hasi zen eta bere helburua honakoa izan da: 40 egunetan 3500 euro lortzea tokiko osasun etxearentzat materiala erosteko (pisu pediatrikoak, txertoak gordetzeko hozkailuak, esku-oheak eta abar).

Epea amaitzeko 17 egun falta dira, eta elkarteko boluntarioek 2180 euro batu dituzte. Dirua lortzeko jardunaldi nagusiak apirilaren 28an eta 30ean ospatu ziren: “Guatemalarekin elkartasun ahotsak” Hika Ateneoan eta “4 ordu elkartasunez” Ur Basque People taldearekin Getxon. Medicusmundi bizkaitik eskertu gura dugu ekimen hauetan lagundu duten guztioei: Hika Ateneoa, Arymux, HdH eta Vinagre de Moderna musika taldeak, Ur Basque People eta abar. Halaner, Kukumiku plataformaren bidez ekarpena egin duten pertsona guztien lana eskertu nahi dugu.

Hala ere, elkartasun keinu eta ekarpen ugari jaso arren, oraindik 1300 euro falta dira aurreikusitako helburura heltzeko eta El Reposorako beharrezkoa den material guztia erosteko. Hori dela eta, medicusmundi bizkaiko boluntario-taldeak norbanako eta taldeei dei egiten die kanpaina honetan laguntzeko.

El Reposo herria Quetzaltenango departamenduko hegoaldean dago, eta 3709 biztanle ditu, zazpi komunitate ezberdinetan banatuta. Gaur egun udalerriak osasun-etxe txiki bat dauka, mediku eta erizain batekin, baina osasun-material falta handia dutenez, herritarrek 46 kilometrora dagoen ospitalera joan behar dute, horrek eragiten duen denbora eta diru-galerarekin.

Orain arte lortutako diruarekin, Osasun-etxearentzat oso garrantzitsua den materiala erosteko aukera egongo da, baina ez da nahikoa dituzten beharrizan guztiei aurre egiteko. Ekarpenak egiteko honako webgunera jo daiteke:

La Salud un Derecho (también) en Guatemala

Beste behin ere medicusmundi bizkaiak eskerrak eman nahi dizkie ekarpenak egin dituzten pertsona eta talde guztiei. Eskerrik asko!

CETA eta Osasunaren pribatizazioa

Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta gero, badirudi Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko TTIP akordioa (Merkataritza eta Inbertsiorako Akordio Transatlantikoa) izoztuta geratu dela. CETA (Kanadarekin Merkataritza eta Ekonomia Akordio Integrala), ordea, Europar Parlamentuan berretsi zen otsailaren 15ean, 2009. urtetik zortzi urtez sekretupean negoziatzen egon eta gero. Itun honen helburua Kanada eta Europar Batasunaren arteko muga-zergak ezabatzea eta zerbitzu eta produktu-inbertsioen salerosketa erraztea izango da. CETAren alde 408 eurodiputatuk bozkatu zuten, eta 254 kontra agertu ziren. Espainiar Estatuko alderdiei dagokionez, PP, PSOE, Ciudadanos eta EAJ alde agertu dira, eta kontra Podemos, EH Bildu, IU, ICV, ERC eta Equok bozkatu dute. Hurrengo urratsa, Estatu bakoitzeko parlamentuek behin-betiko onarpena ematea izango da.

Mario Fernandez,  OSALDEko eta Osasunaren Aldeko Euskal Foroko kidea

CETArekin, beraz, 500 milioi kontsumitzaileren merkatua irekiko da, eta horri gehitu behar diogu Kanadak AEB eta Mexikorekin akordioak dituela, NAFTAren bidez (Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Akordioa). Izan ere, Estatu Batuek CETA erabiliko dute euren ekonomia Europako merkatuan sartzeko, jatorri estatubatuarra duten enpresa transnazional ugarik egoitzak dituztelako Kanadan. Eta CETAren bidez, enpresa estatubatuar horiek Europan negozioa egiteko aukera berbera izango dute. Estatu Batuetako enpresa handien %80ak nolabaiteko parte-hartzea du Kanadako enpresetan.

TTIP akordioarekin salatu dugunez, CETA ere mehatxu handia izango da Espainiar Estatuko eta Euskadiko osasun-sistema publikoentzat. Itun bietan arlo guztietako arauak parekatu nahi dituzte, beti ere, behetik joz: osasunean, ingurumenean, lan esparruan, arlo sozialean, zergetan eta abar. Akordio bien helburu bakarra enpresa handien inbertsio, komertzio eta botere-harremanak indartzea baino ez da, euren jarduerari ateak zabalduz, eta arau gutxiago ezarriz.

2016ko maiatzean, hots, orain dela urtebete, Europako Kontseiluak bere adierazpenetan onartu zuen akordio bien arteko antzekotasuna: “CETA erreferentzia akordioa da… Gure helmuga elkarrizketa bietan antzekoa da: nazioarteko akordio bat lortzea gure enpresek merkatu transatlantikoan erraztasun gehiago izan ditzaten, hazkundea eta enplegua sortuz”.

Europako Parlamentuan CETA bozkatzen ari ziren bitartean, “ATTAC España” elkarteak honakoaz ohartarazi zuen: “CETAk gobernuen gaitasuna mugatuko du zerbitzu publikoak sortu, zabaldu eta erregulatzerako orduan. Gobernuek ezin izango dute atzera egin liberalizazio-prozesuetan edo porrota egin duten pribatizazioetan. Sendagaien preskripzioa garestiagoa izan daiteke eta eragin kaltegarria izan dezake oinarrizko eskubideak diren pribatutasun eta datuak babesteko eskubidean.

Halaber, Europar Batasunak eta Kanadak mugak izango dituzte gehiegizkoak diren patenten kontra aritzeko. EFPIAren (Farmazia-Industriaren Europako Federazioa) eta Farmaindustriaren (laborategien patronala eta Espainiako farmazia-industriaren lobby nagusia) arteko azken bilera oso argigarria izan da, batez ere ezagututa patenten alde eta generikoen kontra Espainiar Estatuan egiten duten borroka hertsia: “CETAri esker, besteak beste, farmazia-testuinguruan jabetza industrialari babesa handitu ahal izango diogu”.

OMC “Organización Médica Colegial” taldeak kaleratzen duen Médicos y Pacientes argitalpenaren arabera, Osasun Aktan (16/02/2017) jasotakoa, “CETAk sendagaien kostuak are gehiago handituko ditu, hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, patentearen iraupena handitzeko sistema berri bat sortuko dute, eta, horren eraginez, sendagai berrien kaleratzea gutxienez bi urtez atzeratuko da”. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu “Estatu Batuen ostean, munduko sendagairik garestienak Kanadan daudela”.

Beste alde batetik, CETAren erruz, zerbitzu publikoetan pribatizazio gehiago gerta daitezke, eta, gainera, zerbitzu bat pribatizatzen denean, ez du utziko berriro ere arlo publikora atzera bueltatzea, Madrileko Erkidegoan gertatu den bezala, hainbat mobilizazio eta epaitegien sententziak eta gero. Edo Alzirako Ospitalean gertatu den moduan, Valentziako Gobernuak pribatizazioari buelta ematen hasi dela.

Ezkutuan egin dituzten CETAren negoziazioan, Europar Batasuneko hamaika estatuk (tartean, Espainia) euren zaintza-zerbitzuak liberalizatzeko –hau da, pribatizatzeko­- konpromisoa hartu dute, nagusien arreta erresidentziala kasu.

CETAri esker enpresa multinazional handiek inolako mugarik gabe kontratazio publikoetan parte hartu ahal izango dute. Gauzak horrela, gobernuek ez dute aukerarik izango tokiko hornitzaileak edo irabazi asmorik gabeko elkarteak babesteko, arlo publikoaren lanpostuak enpresa pribatuen esku utziz, horrek dakarren lan baldintza prekarioekin.

TTIP akordioarekin gertatzen den moduan, CETAk ere bitartekaritza epaimahaiak sortzea aurreikusten du, ISDS/ICS delakoak: justizia paralelo eta pribatizatua, Estatuetako sistema judizialetatik kanpo, enpresen eta Estatuen arteko gatazkak konpontzeko. Enpresa handiek eskubidea izango dute Estatuak salatzeko euren interesen kontra arauak onartzen direnean, eta Estatuek agian isun erraldoiak onartu beharko dizkiete enpresei.

Herritarrek jakin behar dute CETAk osasun-zerbitzu publikoen pribatizazioa ekarriko duela eta horrek hainbat arrisku dituela, herritarren osasunean eragina izango duelako. Era berean, gure ordezkari politikoei eskatu behar diegu jarrera demokratikoa izan dezatela eta herritarren osasuna eta ongizatea gutxiengo baten interes ekonomikoen gainetik lehenetsi dezatela.

Mario Fernandez,  OSALDEko eta Osasunaren Aldeko Euskal Foroko kidea

Argazkia, Ecuador Etxea.

Urtarrilaren 17an, brindisa!

Datorren urtarrilaren 17an, arratsaldeko 7etan, Bizkaiko Medikuen Elkargoan elkar ikusteko gonbidapena luzatzen dizuegu, eta beste 50 urte osasun-eskubidea aldarrikatzeko brindisa egin dezagun!
[Read more…]

medicusmundi bizkaiako 50. urteurreneko ekitaldia

Joan den azaroaren 18an medicusmundi bizkaian gure 50. urteurrena ospatu genuen Bizkaiko Medikuen Elkargoan.

Ekitaldian Bilboko Alkateak, Juan Maria Aburto, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko, Lankidetzako eta Dibertsitateko Zuzendari Nagusi den María Guijarro-k eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Zuzendariak, Paul Ortega, hartu zuten parte. Gainera, Eduardo García Langarica, FAMME-ko Presidentearen, eta Itziar Irazabalen, medicusmundi bizkaia-ko Presidentaren hitzak entzuteko aukera izan genuen. Bestalde, Begoña Ormaetxeak, 80ko hamarkadan Ruandan borondatezko lankidea izan zena, bere esperientzia eta bizipenak kontatu zituen. Púchica Muchá musika taldeko abestiak entzun genituen eta Bizkaia Irratiko Udane Goikoetxearen laguntza izan genuen ekitaldia aurkezteko.

Egun honetan Bizkaiko Medikuen Elkargora gerturatu zinenten pertsona eta entitate guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu, oraingo honetan ere gure ondoan egoteagatik.Eta ekitaldian egoteko aukera izan ez zenutenentzat bideoa, irudiak eta bertan egindako argazkiak partekatzen dizuegu.

Eskerrik asko guztioi.

medicusmundik eta UPV/EHUk alderdi politikoak elkartuko dituzte Euskadiko osasun publikoaren inguruan proposatzen dituzten konpromiso eta neurriei buruz eztabaidatzeko

Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeen bezperetan, medicusmundiren EAEko hiru elkarteek (medicusmundi álava/araba, medicusmundi bizkaia eta medicusmundi gipuzkoa) hauteskunde horietara aurkezten diren alderdi politiko nagusiak mahai-inguruan elkartu nahi izan dituzte, datorren legealdirako alderdiok osasunerako eskubidearen inguruan aurkezten dituzten konpromiso eta neurriak ezagutarazteko helburuz. Hitzordua jende guztiari irekita egongo da, eta irailaren 19an, astelehena, egingo da, 19:00etatik 21:00etara bitartean, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. EH Bildu (Eva Blanco), Elkarrekin Podemos (Juan Luis Uria), EAJ-PNV (Josune Gorospe), Partido Popular del País Vasco-Euskadiko Alderdi Popularra (Laura Garrido) y PSE-EE (PSOE) (Blanca Roncal) alderdiek dagoeneko baieztatu dute agertuko direla.

medicusmundik mahai-inguru bat antolatu nahi izan du, osasun-zerbitzuek eta osasun-politikek alderdi politikoen programetan duten eta, batez ere, azken hauteskunde-kanpainetan izan duten pisu eskasa ikusirik. Eta hori hala gertatzen da estatu-mailan zein euskal gizartean osasun-sistemaren gaineko kezka handitu den arren, azterlan ofizialek eta iritzi-inkestek erakusten dutenez. Gogorarazi behar da ekonomia-krisiak eta haren aurreko erantzun politikoek ondorio nabarmenak izan dituztela gure inguruneko osasun-sistemetan, hala nola murrizketak, pribatizazioak edo desparekotasunak osasun-arreta eskuratzerakoan.

GGKEak mahai-inguru honekin lortu nahi duen helburua da alderdi politikoek osasun-politikaren arloan egiten dituzten proposamenak ezagutaraztea. Horregatik, ondoren, medicusmundik agiri bat zabalduko du, alderdi bakoitzak eztabaidan zehaztutako konpromisoak jasota. Horren guztiaren xedea da euskal herritarrek botoa emateko eskubidea modu informatuagoan erabili ahal izan dezaten eta Euskadiko eztabaida politikoan osasun-sistema publiko, unibertsal eta kalitatedun baten defentsak protagonismo handiagoa izan dezan. Hain zuzen ere, irailaren 19ko eztabaida bideratuko duten ardatzak funtsezko bi gai izango dira batez ere: osasuna eskuratzeko aukeran dauden desparekotasunak eta osasun-sistemaren pribatizazioa. Bi gai horiek, frogatuta geratu denez, funtsezkoak izan dira EAEn osasun-sistema erabiltzeko aukera ekitatiboa egotea bermatzeko.

Mahai-ingurua medicusmundiren Euskadiko hiru elkarteak buru dituen proiektu baten barruan dago: “OSASUN PUBLIKO ETA UNIBERTSALAREN ALDE. INEQUIDADES EN EL ACCESO A LA SALUD”. Ekimen horren barruan, GGKE hauek, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, azterlana egiten ari dira, beste jarduera batzuen artean, euskal osasun sistemaren pribatizazio-prozesuak eta sistema hori erabiltzean egoten diren desparekotasunak deskribatzeko xedez.