Archives for abendua 2017

Zer0,7 erakundeak medicusmundi bizkaiak KEDan egiten duen lana finantzatzen jarraitzen du

Beste urte batez Zer0,7 elkarteak medicusmundi bizkaiak Kongoko Errepublika Demokratikoan burutzen duen lana finantzatzen jarraituko du. Oraingo honetan, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako langileek osatutako erakundeak 49.966 euro zuzendu dizkigute, KEDko Biyela osasun eremuan haurren malnutrizioaren alorrean egiten dugun lanarekin jarraitu ahal izateko. Laguntza honi esker, malnutriziotik eratorritako osasun arazoak dituzten 5 urtetik beherako 250 haurrei arreta eta prebentzio zuzena eman ahal izango diegu.

Bestalde, proiektu honen helburuen artean bertako osasun zentroetan lanean dauden pertsonen gaitasunak indartzea eta 4.990 familiengan higieneak eta saneamenduak haurrek pairatzen duten malnutrizioan duen eraginaz ohartaraztea ere da.

medicusmundi bizkaiak hango den BDOM elkartearekin (Kinshasako artxidiozesiko zerbitzu medikua) batera egiten du lan 2004 urtetik. Hemen aurkezten dizuegun egitasmoa 2018an zehar egingo da, bertako 5.267 pertsonei arreta medikua erraztuz; eta haurrentzako oso larriak izan daitezkeen paludismoa, anemia, sukar tifoidea edo beheranzkoa bezalako gaixotasunak saihesteko erraztasunak emanez.

Egitasmoa maila ezberdinetan burutuko da: komunitate mailan, sentsibilizazioa helburu duten ekintzekin, prebentzioan, sintomen antzematean eta malnutrizio arazoen jarraipenean; eta osasun zentro eta ospitaleetan, arreta egokia ziurtatuz, batez ere konplexuak diren kasuetan.

Hauteskunde osteko egoera gaiztotzen doa Hondurasen eta hautagaiek gerra zibilaren atarian daudela diote

Azaroaren 26an Hondurasen egin ziren hauteskunde presidentzialen osteko zenbaketa prozesuan eman ziren irregulartasunek herrialdea krisi politiko baten murgildu dute; ordutik egon den errepresioak gutxienez 20 hildako eragin ditu eta egoera konpontzetik urrun dagoela ematen du. Hauteskunde Auzitegi Gorenak Hernandez presidentea bere postuan berretsi  zuen, baina oposizioak iruzurra salatu zuen eta Amerikako Estatuen Erakundeak (OEA) emaitzen ziurtasun falta dela eta hauteskundeak berriro ospatzeko eskaera egin du.

Modu baketsuan ospatu ziren hauteskundeak ospatu eta  10 ordura, %57a zenbatua zegoenean, Hauteskunde Auzitegi Gorenak Aliantzako hautagaia, Salvador Nasralla, bost puntuko aldearekin irabazlea zela adierazi zuen. Hala ere, emaitza hauek kaleratu aurretik, bai alderdi Nazional Kontserbadoreko Juan Orlando Hernandezek eta baita Diktaduraren Aurkako Aliantzako Nasrallak bere burua irabazle aldarrikatu zuten, herritarren artean nahasmena sortuz.

Hurrengo orduetan landa inguruetako botoak falta zirela arbuiatuta, eta hauteskunde sistemaren irregulartasun askoren artean, auzitegiak lehendik boterean zegoen alderdi Nazionalari eman zion garaipena, %2ko botoen aldearekin.

Momentu horretatik aurrera protestak herrialde osotik hedatu ziren, toki batzuetan modu bortitzean. Gobernuaren errepresioa ere parekoa izan da 20 hildako baino gehiago eraginez, eta bertan izan diren ikuskariek giza eskubideen urraketak egon direla adierazi dute. Abenduko lehen hamar egunetan etxeratze-agindua ere egon zen, muturreko egoera honi erantzuna emateko.

Nasralla 2009an estatu kolpe baten bidez boteretik kendu zuten Manuel Zelaya presidente ordeak babesten duen hautagaiak, Estatu Batuetatik Honduras gerra zibilaren atarian zegoela adierazi zuen, eta nazioarteari eskatu bere inplikazioa eskatu dio.

medicusmundi bizkaiak Karibeko herrialdean garatzen dituen proiektuak geldituta daude edo normala den erritmoa baino motelagoa dutela adierazi du Angel Maria Sorto ordezkariak. Mobilizazioek ia herrialde osoa eten dute eta osasungintzako langile batzuekin aurreikusi tako ekintzak eta komunitateekin zituzten prestakuntzak bertan behera utzi behar izan dituztela dio.

Bestalde Intibucan Iurretako udaletxearekin adostutako proiektua arazorik gabe hasi dela dio, zonalde honetan ez delako hainbeste liskar egon; baina Tegucigalpa hiriburura heltzea ezinezkoa dela azaldu du Sortok.

Orokorrean herrialdean egoera nahasia dela dio, arpilatzeen ondorioz banku asko itxi egin dituzte eta administrazio publikoak ez du funtzionatzen, ez dagoelako argi nortzuk diren orain agintean daudenak. Epe laburrean gertatuko dena ere ez dago argi, beraz momentuz egoerak nahasita jarraitzen du eta herrialdea ia guztiz geldituta dago momentu honetan.

Egoera nahasia Honduraseko hauteskundeen ostean

Azaroaren 26an Hondurasen hauteskundeak egin zituzten presidente berria haukeratzeko, baina emaitzetan bi alderdi nagusien arteko aldea oso txikia izan zen, orain presidentea den Hernandez eta Nasralla hautagai nagusiaren arteko aldea %1eko da, 3.000 boto inguru. Oposizioak ez ditu emaitzak ontzat jo eta Zelaya 2009an boteretik kendu zuen alderdiak iruzurra egin duela adierazi dute.

Hauteskundeak igandean ospatu ziren arren, iluntzean botoak zenbatzeari utzi zioten, informazio arazoak zirela medio, eta 36 ordu beranduago, asteartean jakin zen zenbaketaren 100%. Emaitzek Juan Orlando Hernandez presidenteari ematen zioten garaipena, baina igandeko behin behineko emaitzen arabera Nasralla ari zen irabazten.

Nasralla zentro eta ezkerreko hautagaiak ez ditu emaitzak onartzen eta iruzurra egon dela adierazi du, irabazlea bera dela aldarrikatuz eta bere jarraitzaileei kalera irteteko deia egin die. Orain arte liskarrek hiru hildako eragin dituzte eta egoera konpontzetik urrun dagoela ematen du.

Telebistako aurkezlea ere den Nasrallak emaitzak salatu eta iruzurra egon dela adierazi du, eta bertan ikuskari izan diren erakundeei ikertzeko eskatu die.