Archives for urria 2017

Urriak 17, Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Pertsona aberatsen eta txirotutakoen arteko desberdintasun handiak, baita Euskadin ere, salatzen dituzte erakunde sozialek

Desparekotasun gordinen aurka mugitu lelopean bizi martxak, elkarretaratzeak, hitzaldiak, antzezlana, erakusketak eta zine forumak bezalako ekimenek pobrezia desagerrarazteko neurri eraginkorrak hartzeko beharraren premiaz kontzientziatuko dute, ezinbesteko migrazioetan atentzioa ere jarriz.
Urriaren 17an Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna oroitzen da. Hori dela eta, garapenerako erakundeek eta erakunde sozialek gizarteari dei bat egiten diete tokian tokiko eta nazioarte mailan pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazteko neurri eraginkorrak hartzeko beharraren premiaz kontzientziatzeko helburuarekin.
Ekintza ugari burutzen dira nazioarte mailan eta gure ingurunean, Zero Pobrezia kanpaina Estatu osoan burutzen den ekimen bat da. Pobrezia eta desparekotasun gordinak salatuz mobilizazio hauekin bat egiten du kanpaina honek. 2005. urte geroztik ekintza ugari antolatzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Azken lurralde honetan, aurten gainera, ezinbesteko migrazioak ardatz tematiko gisa landu dira, desparekotasun gordin horien erakusle.

Kolektibo antolatzaileek pobrezia eta desberdintasunak gero eta larriagoak, gordinagoak eta kronikoagoak direla diote. “Egungo sistema kapitalistak, heteropatriarkalak eta finantza-trukeetan oinarritutakoak eragin du hazkunde ekonomiko bat non giza eskubideak eta munduko eskualde guztietan bizi-baldintza duinak alboratzen dituen”. “Azken urteotako krisi ekonomikoak areagotu ditu pertsona aberatsen eta pobretuen arteko desberdintasunak eta injustiziak, neurriz gaineko mailara arte areagotuz eta planetaren garapen iraunkorra arriskuan jartzen duen ekoizpen- eta kontsumo-eredua garatu du”, diote.

Urriak 17, Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Urriaaren 21ean Bizi Martxan parte hartuko dugu, Bizikletan Arriagatik Meseo Maritimora eta buelta eginez.

Eusko Jaurlaritzako 2016ko Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen Inkestaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan pobrezia-tasa eta desberdintasun-tasa txikiagoak dira Espainiako eta Europako batez besteko indizena baino. Hala eta guztiz ere, 440.823 lagun daude (5etik
1) pobreziako eta gizarte-bazterketako egoeran, eta horrek esan nahi du gaur egun egoera horretan jende gehiago dagoela 2000. urtean baino.

Ezinbesteko migrazioak, desparekotasun gordinen erakusle

Aurten ere salaketen muinean, migrazio-krisi deritzonaren azpian egungo sistemak sortutako zibilizazio-krisia dagoela adierazten dute, eta horren ondorioz milioika pertsonak ezinbestean migratu behar dutela, aipatutako sistema hori bera dela beraz nahitaezko migrazioen erantzule.
“Pertsona horiek beren herrialdeetatik alde egin behar izan duten pertsonak dira, bereziki arraza, erlijioa, nazionalitatea, genero- zein sexu-orientazioa eta iritzi politikoak tarteko jazarpenaren biktima izateagatik, edo gizarte-talde jakin batekoa izateagatik edo beren herrialdean hondamendi ekologikoak gertatu direlako edo gerran daudelako”.

Manifestua

Desparekotasun gordinen aurka sinatu 

Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei Osoigo.com-en bidez bidalitako galdera babestu

 

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak argitaratuta

Euskadin osasungintzan egiten den gastu orokorrean lau eurotik bat finantzaketa pribaturako da.

medicusmundi “Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak” azterlanaren emaitza garrantzitsuenak aurkeztu ditu prentsa aurrekoan

portada euskaraz osasunerako mehatxuak

Egin klik irudian ikerketara sartzeko

Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud proiektuaren testuinguruan, medicusmundi GGKEak “Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak” azterlanaren emaitza garrantzitsuenak aurkeztu zituen prentsaurrekoan. Azterlan hori 2014ko abendua eta 2016ko urria bitartean egin zuen OPIK-Osasunaren Gizarte-baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeak, medicus Mundi Araba, medicus Mundi Bizkaia eta medicus Mundi Gipuzkoa erakundeek eskatuta.

Azterlan horrek ondorioztatzen duenez, EAEn gizarte-desoreka handiak daude osasunean, ikasketa-mailaren, generoaren, gizarte-mailaren edo jaiolekuaren arabera. Gizarte-desoreka horiek heredatu egiten dira eta haurren eta nerabeen osasunean eragin handia dute bai haien gurasoen ezaugarri sozioekonomikoek eta bai bizi diren etxebizitzenek ere. Adibide gisa, bizi-itxaropena handitu egiten da ikasketa maila handitu ahala, eta halaber, bizi diren lurraldearen arabera ere aldatu egiten da.

Euskal osasun-sistemak estaltzen ez dituen edo zati batean bakarrik estaltzen dituen zerbitzuak desoreken iturri garrantzitsu dira EAEn duten erabilerari dagokionez. Dentistaren zerbitzua eskuratzeko orduan, esate baterako, desoreka nabarmenak antzeman dira, kontsultak maizago izaten direlako egoera sozioekonomiko hobea duten pertsonen artean, bai gizonen eta bai emakumeen artean ere.

Finantzatzioari dagokionez, txostenak dio finantzaketa pribatuak osasun alorreko gastu osoan duen ehunekoa % 26,8an kokatzen da EAEn, Europa iparraldeko herrialde gehientsuenen oso gainetik, hala nola Herbehereak, Danimarka edo Norvegia, ehuneko hori % 15aren inguruan baitabil. Pribatizazio-maila handiagoa edukitzearen arrazoia, hain zuzen ere, etxeek osasunaren finantzaketan egiten duten gastu zuzenaren ehunekoak argituko luke. Horrelako gastu batek duen ehunekoari bakarrik begiratuz gero, EAEn dugun ehunekoa, gainerako herrialdeekin alderatuta, gastu pribatu osoarena baino handiagoa da. Horrela, EAEko ehunekoa (% 20,7) Herbehereak (5,4), Frantzia (6,9) edo Erresuma Batua baino nabarmen handiagoa da.

 

Beste alde batetik, aseguru pribatuak areagotzeko joera dagoela ikus daiteke (gero eta gehiago dira osasun-aseguru pribatua duten pertsonak). Era horretan, 2015. urtean EAEn aseguru pribatua duten pertsonen kopurua % 33,3 handitu da 2003arekin alderatuta.

Estaldura pribatizatzeari dagokionez, EAEn osasun-arretan inbertitzen den diru publikoaren hamar eurotik bat enpresa edo erakunde pribatuak kontratatzeko erabiltzen da, nahiz eta kopuru horrek jaitsiera arin bat izan duen azkeneko urte hauetan.

Akutuen ospitaleek, osasun-garraioak eta buruko osasunak enpresa edo erakunde pribatuekin itundutako gastu publikoaren erdia baino gehiago bereganatzen dute.

Ikerketa honek, halaber, osasun arloko heziketa pribatizatzeak berekin dituen arriskuez ohartarazten gaitu. Osasun arloko unibertsitate-heziketa publikoa dela dio, baina osasun arloko profesionalen heziketa pribatu iraunkorra gero eta handiagoa dela gaineratzen du. Estatu mailan, industriak osasun-heziketa iraunkorraren parte handi bat finantzatzen du (% 90).

Ondorengo esteka honetan ikerketaren argitalpena kontsultatu dezakezu:

http://www.medicusmundi.es/es/actualidad/publicaciones/publicaciones/278

http://www.ehu.eus/eu/web/opik/privatizacion-desigualdad

Honduras eta El Salvadorreko osasun sistemak eta sarbideak

Munduko herrialde ezberdinetan dauden osasun sistemak eta herritarrek hauetara duten sarbidea ikustaraziko duen dokumentala filmatzeko, medicusmundi bizkaia Ertamerikan izan da. Oraingo honetan taldea El Salvador eta Hondurasen egon da, bertako osasun sistemetan egiten ari diren erreformak aztertzen.

Osasun publikoaren maisutza arduradunekin elkarrizketa, Honduraseko osasun sistemaren erreformari buruzko iritzia ezagutzeko.

 

Red de Mujeres de P. Cortes erakundeko partaideekin eztabaida taldea

Herrialde hauetako egoera sozio-sanitarioa hurbiletik ezagutzeko, taldeak osasun zerbitzu eta ministerioetako langile eta ordezkariez gain, erabiltzaileak eta hango erakundeak ere elkarrizketatu ditu. Herritarren egoera eta beharrizanak azaleratzeko komunitateekin talde eztabaidak ere egin dituzte.

Herrialde hauetako osasun sistemak eraldaketa prozesuan aurkitzen dira, eta medicusmundi bizkaia osasunera sarbidea errazten duten gakoak aztertu ditu, osasun arloan dauden ezberdintasunak eta kezkak identifikatzen, eta konponbideak aztertzen.

Dokumentala otsailean egingo diren nazioarteko jardunaldietan aurkeztuko da, osasun sistema ezberdinen eta hauek dituzten arriskuak ikustaraziz.