Archives for urtarrila 2015

“Emakumearen gorputzaren inguruko arauekin apurtu behar zela transmititu nahi genuen”

Cristina Ruano, Maite Tomé, Asier Maleza eta David Alvarez “Shiba” taldea osatzen dute (Cristinaren katuaren omenez), eta medicusmundi Bizkaiak antolatutako “Nire Gorputza, Nire Erabakia” Ikus-entzunezko txapelketaren 2garren edizioaren irabazleak dira. Erandion Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Errealizazioa ikasten duten lau lagun hauek tartetxo atera dute gurekin garaile ateratako ikus-entzunezko produkzioari, honekin transmititu nahi zuten ideien, eta bideoaren garapenari buruz hitz egiteko. Txapelketaren garaile bezala, Guatemalara bidaia egokituko zaie lauei, ilusio eta itxaropen handiz hartzen duten esperientzia.

Galdera: “Nire Gorputza, Nire Erabakia” txapelketan parte hartzea nola erabaki zenuten? Nondik heldu zen informazioa?

Shiba Taldea: Erandion, ikastetxean bertan, heldu zitzaigun informazioa, irakasle baten bidez. Aipatutako gaiarekin ikusentzunezko lehiaketa antolatuko zela komentatu zigun, eta bi aldiz pentsatu gabe, kurtsoan ikasitako zenbait ezagutzak era praktikoan aplikatzeko aukera paregabea ikusi genuen.

G: Bideoak zuri-beltzak eta koloreak tartekatzen ditu, pozaren eta tristuraren dikotomia horrekin jokatuz. Zein da transmititu nahi den ideia?

S. T: Dabidek izan zuen oinarrizko ideia. Berak oso argi ikusten zuen kontrasteen joko hori, eta horren inguruan gero bideoa josten joan ginen, elementuak gehituz, beste batzuk zehaztuz, ñabardurak txertatuz…Honelako proiektuetan, ideia originala asko aldatzen doa, ideia asko praktikara eramatea oso zaila delako, eta hortaz, daukazun ahalmenetara moldatu behar duzu proiektua. Baina funtsean, emakume batek, lan eskaintza batean jasotako bortizkeria sinbolikoaren aurrean, bere baitan sufritzen duen barne gatazka irudikatu nahi da bideoklipean, argitasun eta iluntasunaren bidez.

G: Zuek aipatu duzuenez, bideoan emakumeek lan-munduan jasotzen duten zapalketa sexistaren adibide argia agertzen da, haien fisikoa ahalmen laboralen gainetik baloratzen duena, hain zuzen ere. Horrelako errealitatea bizi izan duzue noizbait, zuen azalean edo zuen ingurukoetan?

S.T: Gutako inork ez du zuzenki horrelako jokabiderik jasan orain arte, baina argi daukagu horrelako errealitateak egunerokotasunean txertatuta daudela, existitzen direla, eta hori da guk transmititu nahi genuena. Gure lagun bat, esaterako, kaletik geratu eta Hollister dendan saltzaile izan nahi zuen galdetu zioten. Frogarik ez, kurrikulumik ez. Soilik erakargarria eta guapa izateagatik. Bestelako dendetan, Zara kasu, jakin badakigu zenbait taila erabiltzen dituzten gizon-emakumeak soilik hautatzen dituztela, horietatik kanpo kokatzen direnak automatikoki baztertuz. Egunero ematen dira bortizkeria sinbolikoaren kasuak, edozein tokitan, eta hori da erakutsi nahi genuena bideoklipean.

 
G: Halere, bideoaren azken zatiak hausnarketarako parada usten du, emakumearen askapenaren alde egiten duelako nolabait, bortizkeria sinboliko horren kateak apurtzen dituelako erabat. Benetan gizartea bide horretan dago edo zuen lanak izan beharko lukeena adierazten du eta ez izaten ari dena?

S.T: Hori da zehazki transmititu nahi genuena, arauak apurtzeko daudela, posible dela irudiaren diktadura edo arau zorrotz horiei uko egitea. “Ez esatea ere aukera bat dela. Badakigu gaur eguneko egoeran printzipioak eta balore propioak mantentzea zaila dela, eta bereziki lan arloan, postuak gero eta garestiago daudelako, baina etikoki egokiena litzatekeena kontatu nahi genuen, eta horra hor amaiera, ezetza. Ez. Ez dut onartzen sistema hau. “Fuck off” erraldoia.

G: Lehiaketaren irabazlearentzat Guatemalarako bidaia zegoen sari gisa, hango proiektuak lehen eskutik ezagutzeko. Latinoamerikan egon zarete noiz edo noiz? Zer espero duzue bidaiatik?

S.T: Ilusio handiarekin hartzen dugu bidaia, ingurunea eta bertakoak ezagutzeko gogo handiarekin, eta nolabait, Guatemalako errealitatearen zati txiki bat gureganatzeko.

David: Askotan, bidaiei buruz mintzo garenean, bisitatzen den tokiaren ohiturak eta biztanleekin sortzen den erlazioa alboratzen da, eta akats larria da, nire ustez. Tailandiara egindako bidai batek nire bizitzaren ikuspegia aldatu zuen guztiz, mundua ulertzeko beste modu bat eman zidan, pertsona ezberdina bihurtzen zaitu.

Asier: Nire kasuan, gogo handiz espero dut bidaia, nire kasuan, argazkilaritza izugarri maite dudalako, eta Guatemalako paisai eta errealitateak kamerari sekulako zukua ateratzeko parada ematen duelako.

 

Pablo Cabrero: “Dependentzia eta paternalismoarekin amaitzea dira kooperazioaren erronka nagusiak”

Kongoko Errepublika Demokratikoa, eta bere baitan kooperazio proiektu ezberdinek burutzen duten lanaren inguruan asko daki Pablo Cabrerok. Oso gazte hasi zen kooperante lanetan, eta zenbait herrialdetan ibili eta gero, Yakarta (Indonesia) utzi zuen abentura berri eta erakargarrian parte hartzeko: medicusmundi Bizkaiaren koordinatzaile bihurtu zen Behe Kongoko barrutian. Esperientzia horri buruzko zenbait zertzelada sakon uzten dizkigu elkarrizketa honetan, eta baita gaur egunean kooperazioak Kongon, eta oro har, mundu osoan bizi duen egoeraren inguruko zenbait analisi aberats.

Galdera: Nola heldu zinen medicusmundi bizkaiarekin lan egitera? Nola hasi zinen harremanetan erakundearekin?

Pablo Cabrero: Internet bidez medicusmundi bizkaiaren eskaintza ikusi nuen, eta erakargarria iruditu zitzaidan, bai herrialdeagatik, Kongoko Errepublika Demokratikoagatik, zein proiektu beragatik, oso interesgarri iruditu baizitzaidan planteamendu bere osotasunean. Skype bidez lan elkarrizketa egin eta nirekin kontatzea erabaki zuten. Eta lehen harremanak ezinhobeak izan ziren, asko erraztu zuten nire egokitzapena. Zenbait egun eman nituen Bilbon aurreko koordinatzailearekin, Amaiarekin, eta herrialdearen eta honen soziologia eta gorabehera ezberdinen inguruko argibide guztiak eman zizkidan.

G: Nolakoa izan zen Kongora egindako lehen bidaia? Beldurra sentitu zenuen erronka berrien aurrean, ezagutza ezak sortzen duen ezinegona, agian?

P. C: Beldurra baino gehiago, nik arduraz hitz egingo nuke, ardurak sortzen duen pisua da nik sentitu nuena. Egia esanda, errespetu handia ematen zidan karguak bere gain zituen ardura berriak, egin beharreko lan eskarga, dana kontrolpean izatea ahalmena izango nuen. Zorionez, Kongon sekulako lantaldea aurkitu nuen, betiere laguntzeko eta nire lana errazteko ahaleginak eginez. Zentzu horretan, maitasun bereziz gogoratzen dut Ainize, nirekin bizi zen neska Donostiar bat. Lagun handiak egin ginen bertan eman genuen denboran zehar, eta egia esanda, horrek asko erraztu zuen egin beharreko guztiak.

Bidaiari berari so eginez, Kongorentzat oso urte latzak zirela gogoratzen dut. Politika mailan ematen zen ezegonkortasunaz gain, herrialdean nahiko ohiko dana, mundu mailan emandako krisi ekonomikoa gehitu zitzaion. Hori alde batetik. Bestetik, azpimarragarria da hango zenbait indar polizialek erabiltzen duten bortizkeria maila. Faktore hauek gure bidaiaren tentsioa areagotzen zuten, baina kontestuan balorazioa positiboa da oso.

G: Kongoko Errepublika Demokratikoan koordinatzaile bezala zure lanaren zer balorazio egiten duzu? Ze proiektu eraman ziren aurrera garai horietan?

P. C: 2010eko martxotik 2011ko martxora egon nintzen koordinazio lanak egiten, urtebete, eta gure indarrak hiru proiektu nagusietara bideratu genituen. Lehenbizikoa, FOCADen esku, Kinshasako zeinbait barrutien higiene eta saneamendu estrukturen hobetzean oinarritzen zen. Bigarrena, arazo mentalak zituzten pertsonen komunitate batekin elkarlanean aritzea, eta azkena, bertoko GKE batekin batera, HIESa zuten pertsona gaixoei asistentzia ematea.

Helburuei buruz? Nik uste orokorrean pozik egon gaitezkela gaitezkela, helburu gehienak bete zirelako. Ez horrenbeste bukatutako obrengatik, baizik eraikuntza bide horretan bertokoen, biztanleen inplikazioa ortu genuelako, eta hori da, azken finean, kooperazioaren azken helburua. Hori begirada batekin ikusgarriak diren helburuei dagokionez. Bestelako prozesuetan, hala nola emakumeen ahalduntzean edota zenbait ohituren aldaketan ere aurrerapausoak ikusi genituen, nahiz eta, esan bezala, arlo hauetan garapena motelagoa izan, faktore mordoa aldarazi behar direlako.

G: Metodologiari dagokionez, zenbait aldaketa eman dira azkenaldian. Bertoko koordinatzailea hartu du ardura nagusia, orain arte lan horiek betetzen zituen atzerriratutako pertsonaren tokia hartuta. Nolakoa izan da transizio hori eta zelako emaitzak ari dira lortzen?

P.C: Bai, aldaketak eman dira, baina ni transizio bakarraz baino, bitaz hitz egingo nuke. Lehenbizikoa atzerriratutakoen artean gertatu zen, burutzen genuen lanetan zenbait hutsune identifikatu eta hauek kooperazio proiektuan sartu behar genituela ikustean eman zen. Gai berri hauen artean Kongoko emakumeen ugalketa eta sexu eskubideak bermatzea zegoen, eta baita kooperazio lanak hiriburutik, Kinshasatik, landa gunera eramatea, eragina eta onurak benetan behar ziren tokietara eraman behar zirelako. Bigarren transizioa zuk aipatutakoa da. Koordinatzaile lanetan emandako etengabeko erreleboak Kongoko biztanleen artean nolabaiteko ezengorkotasuna sorrarazten zuela ikusita, erabaki ausart eta berritzailea hartzen da: koordinazioa pertsona natibo baten esku uztea, proiektuan bertan gurekin elkarlanean zegoen emakume baten esku, hain zuzen.

Emaitzei buruz, esan behar dut erakundeak bere lana garatzen duen barrutia bisitatzeko aukera izan dudala, kasu honetan begirale soil moduan, eta poztasunez egiaztatu dut proiektua sendotasunez egiten duela aurrera. Egia da, era berean, oraindik zenbait xehetasun eta dinamika biribildu behar direla, eta erabakia ezuste itzela suposatu duela Kongotarren kultura matxista eta patriarkalarentzat, baina harro esan genezake bete-betean asmatu dugula hartutako erabakiarekin.

G: Higiene edo Osasun publikoari dagokionez, nola definitu genezake Kongoren egoera gaur egun?

P. C: Egoera zaila bizi du Kongok zentzu horretan. Kontuan hartu behar da, gure burua nolabait kokatzeko, hiriburutik, Kinshasatik, kostaldera, portura, errepide bakarra dagoela, eta honen bazterretan kokatzen direla hirigune eta herrixka gehienak. Hortik kanpo ezer gutxi dago osasungintzari edo higieneari mantentzeko medioei dagokionez. Ideia bat egiteko, Osasun zentro gehienak belgiar kolonizazioaren garaikoak dira, ez dute argindarrik, ura eguneko zenbait ordutan soilik eskuratu dezakete…Medioak urriak dira, hutsune asko daude, bereziki landa eremuan. Urritasuna da egoera hobeto deskribatzen duen hitza.

 

G: Emakumeen egoerari dagokionez, zer nolako ikuspegia daukate Kongoko ED-ko biztanleek ugalketa eta sexu eskubideei buruz?

P.C: Emakumeen egoera Kongon Afrikako beste herrialdeetan bezain latza eta gogorra da, hau da, etxeko ardura guztiak hartzen dituzte bere gain: seme-alabak zaindu, uzta bildu, garbiketa osoa egin, etxeko ordena mantendu…Gizarte guztiz patriarkalaz ari gara hitz egiten. Emakumeak guztiz zapalduak daude. Faktore hauei familiek duten jaiotze-tasa izugarria gehitu behar zaio. Familia bakoitzak 7-8 seme-alaba izaten ditu, eta horrek emakumeek berez pairatu behar duten egoera lazgarria areagotu egiten du.

Hori arlo familiarrari eta egunerokotasunari dagokionez. Bestelako faktore bat ere azpimarragarria da emakumeen zapalkuntza honetan: bortizkeria sexualak duen zigorgabetasuna edo inpunitatea. Tratu txarrak familia gehienetan ematen dira, baina isilune kolektiboa dago gai horren inguruan, eta horrek arazoa ikusezin egiten du, garrantzia kenduz eta arazoa errotik mozteko zailtasun itzelak sorraraziz. Bortizkeria sexual honen kontra zenbait lege aurrera atera dira, baina praktikara eramatea ia ezinezkoa da, beste arlo askotan bezalaxe, normatiba hauek era egokian aplikatzeko errekurtsoak faltan daudelako.

G: Kooperazioari dagokionez, zeintzuk dira hurrengo urte hauetan honek Kongoko ED-an dituen erronka nagusiak?

P.C: Kongoko ED-ak etorkizunean dituen erronka gehienak orain arte izandako berdinak dira. Hau da, Europarekiko eta Mendebaldearekiko dependentziarekin apurtzen duen kooperazio parekidea eta horizontala bultzatzea, paternalismotik aldentzen dena eta Kongoko biztanleak ahaldunduko dituena, euren dinamiketan inplikatuz eta euren buruen jabe egingo dituena. Garapena haiena dela, eta hortaz, haiek bultzatu behar dutela sentitu behar dute, subirautza lortuz eta antolakuntza eta elkarlana sustatuz. Nola egin? Bide bakarra GKE eta eragile ezberdinen arteko lankidetzea indartzea da, baina, esan bezala, asistentzialismotik aldenduz.

G: Begirada zabalduz, zein izan da kooperazioaren garapena azken urteetan? Zertan aldatu da garapenerako kooperazioa?

P. C: Garapenerako kooperazioa izugarrizko profesionalizazioa prozesua jaso du azken urte hauetan. Gaur egun erabiltzen diren fondoekiko kontrola asko zorroztu da, faktore gehiago sartzen dira jokoan…Hau berez positiboa da, iturri publikoak direlako eta kontrola egon behar duelako, baina bestalde, gure lana konplexuago eta burokratikoago egin du, egiten ditugun gastu guztiak justifikatu eta ikuskatu behar ditugulako. Gardentasun hori, esan bezala, beharrezkoa da, baina onartu behar da gure lanari malgutasuna eta dinamismoa kendu diola.

Beste alde batetik, eta nik uste era egokian, kooperazioak eboluzio garrantzitsua jaso du. Paternalismo erlijiosotik lankidetza paralelorantz mugitu da, gizarte natiboaren ahalduntzerantz. Zentzu horretan, bide egokian gaudela uste dut.

2014ko Laburpenak: Guatemala

Guatemala:

Hondurasetik gertu, alboko herrialdean, Guatemalan, Nuevos Horizontes edo ASECSA bezalako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin eramaten da aurrera elkarlana, Azken honek arlo indigenan lan egiten du, ipar.mendebaldean bereziki, natiboen herrixka mordoa elkarbizitzen duten oihaneko gune erraldoian. Bertan, emagin tradizionalen lana berreskuratzeko ahaleginak egin dira, belaunaldi berriei teknika zaharrak erakutsiz, denborak irentsi ez dezan. Era berean, amalurraren egoera eta ingurugiroaren mantentzea eta zainketa berebiziko garrantzia dauka medicusmundi Bizkaiaren planteamenduan, kontuan izanda Guatemala oso herrialde aberatsa dela arlo mineralean zein naturalean, eta hortaz, transnazional edo multinazional askok sekulako espoliazioa burutzen dute. Horren kontra ere aritzen dira erakundeko kideak.

Desarrollismo itogarri eta suntsikorraren ikur diren multinazionalen kontrako borroka ardatz bihurtu da medicusmundi Bizkaiaren agendan. Quetzaltenangon ere. Ingurugiroanren babesa, habitat ezberdinen mantentzea, aipatutako “Amalurra” behar den moduan zaintzea helburua nagusi bihurtu da, bertan burutzen ari diren bestelako proiektuak, hala nola ur eta higienearen estrukturen hobekuntza, edota emakumeen ahalduntze prozesuak, era egokian garatu ahal izateko, azken finean, inguruak, lurrak, sekulako garrantzia duelako herrixka guatemaldar hauentzako biztanleentzat.

2014ko laburpenak: Honduras

Honduras:

Eusko Jaurlaritzak 2008an bertan jarritako programa baten bitartean, honduraseko oihan sakonean bizi diren zenbait komunitate landatarrek ura lortzeko dituzten baliabideen hobekuntza orokorrean jarduten dute medicusmundi Bizkaiak. Padres paules edota bestelako antolakunde eta erakunde lokalekin batera, eraikuntza zehatz batzuk hobetzeaz gain, honduraseko tribuen artean kontzeptu komunitario eta autogestionarioa sarraraztea du helburu, hau da, komunitateek obrak, mantentze-lanak eta gestioa bere kargu hartzea, haien inguruaren jabe bihurtuz.

Bestalde, aipatutako eragileekin eta baita instituzio ezberdinekin (indar polizialak, medikuak, alderdi politikoak) koordinazioa hobetu dugu, bereziki zenbait protokoloen ingurukoa. Era berean, zenbait laborategiekin ibili gara elkarlanean, herrixketan bildutako ur laginak aztertzeko, hauen garbitasuna eta osasungarritasuna bermatzeko nahiean.

Afrikan bezala, emakumeen ugalketa eta sexu eskubideak berebiziko garrantzia dute erakundeak burutzen duen lanean. Kongon bezala, emakumeen ahalduntzea eta aukera berdintasuna bermatzea da azken helburua, guztiz patriarkala eta matxista den, eta taldearen erabaki nagusietatik aldentzen dituen ingurunean, gainera. Emakume hauek gaitu eta erabakien sujetu aktibo bihurtzea da Puerto Cortés inguruan burutzen den lanaren ardatzetako bat.

Ceiba izeneko gunean ere egiten du lan medicusmundi Bizkaiak. Ingurune honetan lana bereziki zaila da, “marak” eta narkotrafikoak eragin handia dutelako barruti osoan, bertan dauden bolondres eta profesional guztien lana izugarri zailduz. Bortizkeria nagusi den giro eta espazio horretan, emakumeek, beti bezala, pairatzen dute biolentziaren alderdirik gordinena, normalean bortizkeria sexualaren forma hartzen duena. Gaitz horrekin amaitzea da funtsezko helburuetako bat, erakundearen filosofian horrelako bortizkeria osasun publikoaren arazo bezala ulertzen delako, eta hortaz, plano ezberdinetatik eman behar zaiolako erantzuna nolabaiteko eragina izateko. Bide horretan, bortizkeria lazgarri hau jaso duten emakume talde batek “Casa Ixchel” delakoa jarri zuten martxan, helburu ezberdinekin: emakume honduratarren ahalduntzea (autodefentsa, salaketa, babesa…), edota komunitate landatarren barruan sentsibilizazio koadroen eraketa, kontzientziazio kanpainak.

2014ko laburpenak: Ruanda

Ruanda:

Pasa den urteko laburpenarekin jarraituz, lupa Ruandan jarriko dugu orain, medicusmundi Bizkaiak bere lana garatzen duen beste herrialdeetako baten. Kasu honetan, proiektua Kamonyi deitutako barrutian eramaten da aurrera. Erakundeak 1967tik darama barruti horretan lanean etenik gabe.

Ruandaren kasuan, higiene komunitarioaren arloan egindako lanaz gain, oso deigarria da soziologikoki bultzatutako aldaketa. Izatez, herrialde afrikarreko komunitateak lan disziplinen edo bestelako giza ordenamenduen arabera antolatzen dira, bakoitza bere aldetik, haien arteko hartuemana oso txikia delarik. Hilabete hauetan egindako esfortsuari esker, apurka-apurka egoerari buelta ematen joan zaio, kolektibitateak indartuz joan dira, eta talde sena zabaldu egin da, uraren eta saneamenduen inguruan nolabaiteko kontzientzia eta antolakuntza kolektiboa ezarriz.

Bide horretan, zenbait nekazari eta abeltzainek indarrak batu eta lan kooperatibak sortu dituzte, denborarekin kolektiboaren erreferente bihurtu direnak. Kolektibo edo talde hauek elikagaien segurtasuna eta subirautza bermatzea dute helburu nagusia. Horretarako, lankidetza eta elkartasuna da daukaten armarik eraginkorrena.

Era berean, artisautza tradizionaleko zenbait talde ere abian dira. Kasu honetan, talde hauek emakumeez daude osatuta ia bere osotasunean, eta beste kasu guztietan bezala, eskulangintzaren arloan egiten diren produktuetaz gain, hauen ahalduntzea eta indartzea da oinarri nagusia.

2014ko laburpenak: Kongo ED

2014a amaitu berri, urteko lehen aste hauek iaz egindako lanaren hausnarketa, balorazioa eta balantzeak egiteko erabili ohi dira. Gurean, medicusmundi Bizkaian, ez gara gutxiago izango. Begirada atzera bota eta munduan zehar (Ruanda, Guatemala, Honduras, Kongoko ED) dauzkagun proiektuen inguruan hausnarketa txikia egingo dugu.

Proiektuei buruz egingo diren errepasoetaz gain, laburpen honek irakurleari medicusmundi Bizkaiak, eta bereziki gurekin lan egiten duten bolondresek, herrialde ezberdinetan burutzen duten lanaren garrantzia azpimarratzea du helburu, eta bide batez, herrialde horien eta haien soziologiaren irudi edo “argazki” argigarria helaraztea. Kontuan hartu behar da herrialde hauen errealitatea oso ezberdina dela, bai haien artekoa eta baita guk ezagutzen dugun mendebaldeko munduarekikoa, eta hortaz, medicusmundi Bizkaiarekin lan egiten duten profesionalen lana ingurura egokitu behar da, kasurik kasu.

Kongoko Errepublika Demokratikoa

Medicusmundi Bizkaiak afrikako herrialdean burutzen ari den proiektu soziosanitario ezberdinei erreparatu baino lehen, Kongoko egoeraren inguruko zenbait azalpen zuenganatzea da egokiena, erakundeak bertan burutzen duen lana egokiago ulertzeko. Kongoko ED herrialde erraldoia da, iparraldetik hegoaldera 3.500 bat kilometro hartzen dituelarik. Hori dela eta, herrialde beraren baitan ezberdintasun handiak daude toki batetik bestera. Argiena, ekialde eta mendebaldearen artean ematen dena. Kinshasan, hiriburuan, hartzen diren zenbait erabaki ekonomiko, soziologiko edota politikoak asteak, hilabeteak ematen dute herrialdearen bestaldera iristen, eta askotan, lege hauek betearazteko erramintak ez dauka agintean dagoen Gobernuak. Era berean, Ruanda inguruan ezegonkortasun politiko eta militarra izugarria da, gerrila txikiak haien artean izugarrizko lizkarrak izaten dituztelarik.

Medicusmundi Bizkaiak bere lana, ordea, Kinshasa inguruan burutzen du, hego-mendebaldean, Masa eta Sona Batako probintzietan, egoera “lasaiagoa” edo “bareagoa” den tokietan, kontzeptu hauek Afrikan nahiko malguak direla jakinda. Bide horretan, erakundetik osasun sistema publiko eta unibertsala bultzatzen jarraitu da, bertoko osasun pertsonalaren ahalmenak indartuz eta hobetuz.

Bestalde, pasatako hilabete hauetan zehar herrixka ezberdinen ur, higiene eta saneamendu zerbitzuen estrukturen hobekuntzan eta eraikuntzan aritu dira medicusmundi Bizkaiko profesionalak, gaixotasun ezberdinen agerpena ekiditzeko asmoarekin, hauek sorrarazten dituen arrisku faktore nagusia errotik moztuz. Proiektu hauek, era berean, lan komunitarioaren eta bertoko biztanleen ahalduntzea bilatzen duen filosofiarekin aurrera eraman dira, berezko natiboak euren garapenaren eta lanen arduradun eginez.

Ugalketa eta sexu arloan ematen diren urraketei aurre egitea, eta afrikar emakumeak ahalduntzea ere medicusmundi Bizkaia beste oinarrietako bat da Kongo Edn. Helburu horrekin, sentsibilizazio kanpaina ezberdinak jarri dira martxan, Kongoko emakumeek jasaten dituzten bortizkeria ezberdinak salatzeko asmoz. Biolentzia horien baitan, ikusgarriena, fisikoa dago, noski, baina baita psikologikoa, alfabetikoa (afrikako emakume gehienek ez dakite irakurtzen ezta idazten ere), juridikoa, edo politikoa (Afrikan, Latinoamerikan ez bezala, egoerak bere horretan darrai aldaketa barik, eta emakumeek ezer gutxi daukate esateko politikaren arloan. Oso gutxi dira taldearen edo komunitatearen erabaki garrantzitsuetan parte hartzen dutenak).